Emeen hitzak iruten hasiko dira bihar

Asteburuan hasiko da aurtengo Hitzen Lihoa, ‘Ele emez’ izenburupean. Parrokian diziplina asko lotuko dituen ikuskizuna, bihar; irakurketa jarraitua, etzi.

Topa Noka ele emez

Topa Nokako dantzariak parrokian arituko dira bihar arratsaldean.

Emakume tonuarekin dator aurtengo Hitzen Lihoa, emakume sortzaileak izango baitira protagonista. Ele emez izena jarri diote aurtengo ekitaldiari, eta bihar izango da lehenengo jarduera.

Diziplina askotako emakume sortzaileak bilduko dira Done Eztebe parrokian bihar, 19:00tan. Ainara Lasaren Aldarea performance-ak haria eta zentzua emango die ondorengo artisten emanaldiei: Begoña Bergaretxe organistarena; AMAK taldeko trikitilariena; eta Zuberoako plazetan emakumeen presentzia aldarrikatzen duten Topa Noka taldeko dantzariena.

Etziko jarduerak ez du interes txikiagoa izango. Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox eleberriaren irakurraldi ozena egingo dute udaletxean, 10:00etan hasita. Bitartean, ordu horretan —eta 11:00 eta 12:00etan—, liburuan oinarritutako filma eskainiko dute liburutegian.

Hurrengo asteburuan, gehiago

Egun batzuetan indarrak gorde ondoren, datorren ostegunean bueltatuko da Hitzen Lihoa. Emakumeek sortutako lanak ekartzen jarraituko dute.

 
Datorren ostegunean, Memoriatik erbesteratutako sortzaile emakumeak berreskuratuz: 36ko Gerra aurreko mugimenduak mahai-inguruan arituko dira Aurkene Astibia, Gurutze Ezkurdia eta Iratxe Retolaza, Goiatz Labandibarrek gidatuta.
 
Gaur zortzi (hilak 29), berriz, sesio bikoitza egingo dute. Alde batetik, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa biopic esperimentala eskainiko dute pleno aretoan. Elbira Zipitria andereñoaren bizitza agertzen da: ikastolen sortzaileetarikoa izan zen, Donostian, eta pedagogia oso aurrerakoia egokitu zuen. Gauean, Andre eta jabe poesia errezitaldia ikusteko aukera egongo da.
 
Biharamunerako, Ines Osinagak kontzertua eskainiko du pleno aretoan, 22:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude Kastro tabernan, zortzi euroren truke. Egunean bertan hamar euro ordaindu beharko dira.

 

Eta azken egunerako, antzerkia. Herriko bi artista gaztek —Lohizune Telletxeak eta Luix Mitxelenak— Goiatz Labandibarren ipuin batean oinarritutako Behin mundua berea izan zen antzezlana jokatuko dute. Ondoren, Yoseba Peñaren Hariak liburuan oinarritutako sentikaria jokatuko dute.

Ele emez. Egitaraua

  • Bihar: 19:00etan, Ainara Lasa + Topa Noka + A.M.A.K., parrokian.
  • Etzi: 10:00etan, Zergatik, panpox? irakurraldia (udaletxean) eta film emanaldia (bibliotekan). 14:00etan, bazkaria.
  • Hilak 28, osteguna: 19:00etan, 1936ko Gerraren aurreko emakume idazleei buruzko mahai ingurua, udaletxean.
  • Hilak 29, ostirala: 19:00etan, Muga deitzen da pausoa filma, udaletxean. 22:00etan, Andre eta jabe poesia errezitaldia, bibliotekan.
  • Hilak 30, larunbata: 22:30ean, Ines Osinagaren kontzertua, udaletxean.
  • Abenduak 1, igandea: 18:00etan, Behin mundua berea izan zen antzezlana eta Hariak sentikaria, udaletxean.
  • Abenduak 4, asteazkena: 17:00etan, haurrentzako ekitaldia, ludotekan. 18:30ean, prosa eta poesia sarien banaketa, udaletxean.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.