Alaia Martin hatz puntekin ukitzen ari da Gipuzkoako finala
Elorsoro kiroldegian egin dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia. Beñat Gaztelumendik irabazi du saioa, eta Martin bigarren izan da.
Elorsoro kiroldegiko kantxa lepo bete zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa ikusteko. Oholtzara ziren sei bertsolariren artean zegoen Alaia Martin oiartzuarra.
Ez zuen saioa irabazi —eta horrela finalera zuzenera pasatzeko txartela lortu—, baina paper ona baino hobea jokatu zuen. Bigarren izan zen sailkapenean, Beñat Gaztelumendi donostiarraren atzetik. Duela lau urteko finaleko buruz burukoa lehiatu zuten.
Finalera sartuko den ala ez jakiteko, datorren igandean Tolosan jokatuko duten saioari itxaron beharko dio. Kantatuko duten sei bertsolariek Martinek baino puntuazio hobea eskuratu beharko lukete. Gerta liteke, baina ia ezinezkoa dirudi. Oiartzuarrak puntu pila ederra lortu zituen atzo, eta sailkapenean askoz gertuago ditu Gaztelumendi eta Agin Laburu.
Bi ariketetan, onena
Sei bertsolariek bosna ariketa egin behar izan zituzten, hasierako eta bukaerako agurraz gain. Alaia Martin bitan nagusitu zen: hamarreko handian eta seiko txikian. Zortziko txikian laugarren puntuaziorik onena lortu zuen, puntutan bigarrena eta kartzelan hirugarrena.