Caucako nasa herriari elkartasuna adierazi diote Oiartzundik
Egiar mairu baratzetik igorriko zieten elkartasun agurra, baina eguraldiak Arritxulotik egitea behartu du. Nasayuwez, euskaraz eta gazteleraz agiria irakurri dute.
Larunbat goizean, hainbat lagun elkartu ziren Oiartzunen, Kolonbiako Cauca eskualdean bizi den nasa herriari elkartasuna adierazteko. Hasiera batean Egiarreko mairu-baratzetik bidaliko zieten elkartasun agurra, baina Arritxulotik egin behar izan zuten, eguraldi txarra zela eta.
Hainbat eragile eta erakunderen ordezkariak bildu ziren bertan: Mikel Diez Sarasola (Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzako zuzendaria); Iosune Cousillas eta Haizea Saez de Egilaz, Oiartzungo Udaleko zinegotziak; Andoni Barreña (Garabide); Itziar Idiazabal (Unesco Katedra), Itziar Amunategi, Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra), Ane Ortega, Mikel Mendizabal…
Behean jasotako agiria irakurri zuten, nasayuweraz, euskaraz eta gazteleraz.
‘Bakeagatik ari gara borrokan, ez ditugulako seme-alabak gerrarako hazi nahi’
Hitz horiek nasa indigena bati entzun genizkion 2019ko martxoko mobilizazioetan, Panamericana errepidea mozten ari zirenean. Juan Manuel Santos presidente-ohiak sinatutako bake-hitzarmena bete zezan aldarrikatzen zuten indigenek, Ivan Duque presidente berriak muzin egiten baitzion akordio horri. Bake-hitzarmena hamarkada luzeetan Kolonbiako bizilagunek, eta bereziki nekazariek, afroek eta indigenek, bizi izandako gerra-egoera latz eta odoltsuaren irtenbidea da.
Ivan Duque presidentziara heldu denetik 200dik gora indigena, afrokolonbiar eta nekazari hil dituzte Kolonbia osoan, baina egoera bereziki makurra da Cauca departamentuko iparraldean. Uztailean areagotu egin ziren mehatxuak eta heriotza-ehiza hasi zuten narkotrafikatzaileek eta ustezko FARC-EPeko disidenteek. Tuunxiwxu-Toribio udalerrian (32.000 bizilagun) 20 indigena baino gehiago hil dituzte azken hiru hilabeteetan.
Egoera jasanezin hau Euskal Herriari ere jakinarazi nahi diogu. Horretarako, Kolonbiako nekazari, afro eta indigenekin kooperazio-esperientzia diferenteak partekatzen ditugun elkarteak eta erakundeak, eta bereziki nasa indigenekin ari garenak, gure ahotsa ozen agertu nahi dugu. Euskal gizarteari ere elkartasuna erakutsi dezala eskatzen diogu.
Azaroaren 21ean Kolonbia osoan mobilizazio orokorra egin dute hainbat gizarteko sektorek eta CRIC (Consejo Regional Indígena del Cauca) erakundeak, gaitzespena erakusteko Caquetan armadak egindako bonbardaketan 8 ume hil dituztelako, eta FARCeko disidentziak Caucako Tuunxiwxun egindako sarraskian 4 zaindari indigena eta agintari bat hiltzeagatik, beste hainbat hilketaren artean.
Guk geuk Euskal Herritik bakea eskatzen dugu, bizitzari zor zaion errespetua aldarrikatzen dugu, herri indigenen, afroen eta nekazarien eskubideak babesten ditugu, eta gure herritik senidetasun eta harmonia mezua igortzen diegu.
Gaur, Oiartzungo Egiar mairu-baratzetik, gure arbasoen toki sakratutik, elkartasuna adierazten dizuegu, eta zuekin batera ama lurra zaintzen duten ksxawe’sx-ei (izpirituei) eskatuko diegu zuengatik. Bizitza errespetatzearen alde, duintasunaren alde eta elkarbizitza harmoniatsuaren alde! Gora munduko herri guztiak!