Datorren urteko aurrekontuak aztertuko dituzte etziko plenoan
Azaroari dagokion ohiko udalbatzarra izango da etzi arratsekoa. Erresidentziako langileen egoera, Zaldunborda eta hainbat hitzarmen izango dira beste gaiak.
Etzi —asteazkenean, hilak, 27— arratsean Oiartzungo udalbatza plenoan elkartuko da, azaroari dagokion udalbatzarra egiteko. Hemeretzi puntuko gai zerrenda izango dute, gai potoloekin.
Horietan garrantzitsuena 2020ko aurrekontuena izango da. Hasierako onarpena emango diote, hala erabakiz gero.
Ez da gai mamitsu bakarra izango. Bi mozio egongo dira. Bat, ELA sindikatuak eramango duena; Petra Lekuona zaharren egoitzako langileen lan baldintzei buruzkoa izango da. Bestea, Itturri Oiartzungo Merkataritza Elkarteko kideek eramango dutena. Zaldunbordako outlet herrixkaegiteko plana du hizpide.
Horrez gain, beste hainbat gai jorratuko dituzte, 19:00etan hasita: Lartaun zein Guruzia Mendizale Elkartearekin hitzarmenak; hirigintzari dagozkion beste pare bat; 2020ko kultur ekitaldiak diruz laguntzeko partiden onarpena… Gai zerrenda osoa hemen klik eginda irakur daiteke.