Oiartzungo Udalak 'Nik Oiartzunen' kanpaina babestu du
Merkataritza txikiari bultzada emateko festan parte hartzera deitu du Oiartzungo Udalak, ostiral arratsaldean, eta herrian erosteko.
Itturri Oiartzungo Merkatarien Elkarteak festa bat egingo du ostiral arratsaldean, Done Eztebe plazan, Nik Oiartzunen lelopean. Merkataritza txikia bultzatzeko helburua izango du, eta bertan parte hartzera deitu du Oiartzungo Udalak.
“Herriko komertzio txikiari bultzada ematera animatu nahi ditugu oiartzuarrak, herrian dauden 165 establezimendu komertzialetan kontsumitzera animatuz”, esan dute udaleko iturriek. “Hori adierazteko”, jarraitu dute, “ostiralean Doneztebe plazatik pasa eta herriko merkataritza txikiari atxikimendua emateko argazkia ateratzeko deia egiten die oiartzuarrei”.
Haur eta helduentzat
16:30ean hasiko da Itturri Ginkana, Abaraxkak gidatuta; ludotekakoek marrazki tailerra egingo dute.
18:00etan helduko da ekitaldi nagusia, trikitilarien musikarekin batera. Ordu erdi geroago, txokolatea banatuko dute bertaratuko direnen artean.
19:30ean trikipoteoa egingo dute. 20:30erako atxikimendu argazki erraldoia egingo dute plazan.