Alaia Martin, finalera
Hirugarren final aurrekoa jokatuta, bertsolari oiartzuarrak baieztatu du espero zena: Illunben kantatuko du hilaren 14an. Estreinakoz, final parekidea izango da.
Alaia Martin, larunbatean, Hondarribian. Orain bai. Astebete itxaroten egon ondoren, Alaia Martinek eskuan du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txartela. Atzo jokatu zuten, Tolosan, hirugarren finalaurrekoa. Martinek azaroaren 24ean kantatu zuen, eta finaletik kanpo gelditu zedin, atzo oholtzara igo ziren bertsolari guztiek puntuazio hobea lortu behar zuten. Espero zen bezala, ez zen hala izan, eta Jon Maia irabazleak bakarrik bildu zituen puntu gehiago.
Oiartzuarra izan da, hiru saioetako bat irabazi ez dutenen artean, puntuazio onena lortu duena, eta askoz hurbilago dago saio irabazleengandik. Markagailua, baina, zeroan jarriko da hilaren 14an. Donostiako Illunbe pabilioian jokatuko dute finala, eta lehenengo aldiz, parekidea izango da: launa gizon eta emakume jarriko dira mikrofonoaren aurrean. Honakoak dira finalistak:
- Beñat Gaztelumendi Arandia.
- Agin Laburu Rezola.
- Jon Maia Soria.
- Alaia Martin Etxebeste.
- Ane Labaka Mayoz.
- Oihana Iguaran Barandiaran.
- Beñat Lizaso Alberdi.
- Nerea Elustondo Plazaola.
Finalak ohiko eskema izango du. Zortzi bertsolariek 15 bertso kantatuko eta buruz burukora sailkatzen direnak beste hiru ariketa egingo dituzte.
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
- Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Buruz burukoa
- Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
- Kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
