[Bideoa eta galeria] Gaur ere busti dira
Hilaren 12an Gasteizen, legebiltzarraren aurrean, protesta egingo dute pentsionistek; Errenteriatik autobusa abiatuko da eta txartelak salgai daude Xenpelar Kultur Dendan.
Kalea hartu dute berriro. Hileko lehen astelehenero bezala, gaur ere pentsio duinen aldeko aldarriak hartu ditu Errenteria-Oreretako kaleak; ez hori bakarrik, lan duinak, soldata eta pentsio arrakala ezabatzea, eta osasun zerbitzu publiko kalitatezkoak bermatzea dependentzia duten guztiek arta egokia izan dezaten ere eskatu dute. Murrizketen atzean, erreformak. Bata bestearen atzean zein baino zen murritzaileagoa orain eta etorkizuna lausotzen eta zahartzaro zein bizitza duinerako eskubidea urratzen.
Horiekin amaitzera deitu dute, eta horri begira datozen mobilizazioak oroitarazi dituzte. Hamar egun barrukoa lehena; Gasteizera joko dute legebiltzarraren aurrean protesta egin eta beren aldarrikapenak gertutik entzun ditzaten herritarren etorkizunaren gainekoak erabakitzen dituztenak. Hurrengo hitzordu handia, U30, greba orokorra bizitzaren alde eta duintasunaren alde zentzurik zabalenean; zahartzaro duina aldarrikatuko dute, baita lan duinak prekarietaterik gabekoak. Batean zein bestean, ezinbestekoa dela parte hartzea nabarmendu dute, “asko dugulako jokoan, batez ere atzetik datozen belaunaldiek”. Mobilizazioak aldarrikatu dituzte, “horiek direlako hemen gaudela ohartu daitezen modu bakarra, presioa denek batera egitea da bidea, ez dagoelako pentsio duinik soldata duinik gabe; ez dago berdintasunik, jendartearen %50 diskriminatuta badago; ez dago demokraziarik aberastasunaren banaketa orekaturik gabe”.
Gasteizeko mobilizaziora joateko autobusa antolatu du Duintasunak. Hilaren 12an 08:00etan abiatuko da Zumarditik eta 14:30ean iragarri dute itzulera. Txartelak, berriz, Xenpelar Kultur dendan dira salgai.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren borroka ez dela denbora pasa esan dute azkenik, “irabazteko apustua baizik”.