Trintxerpen egin zituzten tokiko merkataritzaren aldeko azken argazkiak
Errenteria-Orereta, Antxo eta Oiartzunen jarri ondoren, Trintxerpek hartu zuen larunbatean tokiko merkataritzari babesa adierazteko azken 'photocalla'.
Euria ez zen nahikoa arrazoi izan trintxerpetarrak etxean gelditzeko. Aldarrikapen eta jai giroa nagusi izan ziren Trintxerpen larunbat goizean. Euskaraldia saretzeko ekitaldiaz gain, Trintxerpeko hainbat elkartek egun osoko jaia antolatu zuten, Euskararen defentsa egiteko.
Goizean zehar herriko merkatariak batu zitzaizkien. Nik Pasaian lelopean herriko merkataritzari babesa adierazteko photocalla jarri zuten Euskadi Etorbidean; Errenteria-Orereta, Antxo eta Oiartzunen egon ondoren, Oarsoaldean jarri duten azkena izan zen Trintxerpekoa. Argazki guztiak, Errenkoalde eta Laurak Bat elkarteen Facebook eta Instagram kontuetan publikatu dira, baita Nik Pasaian kanpainaren webgunean ere.
Urteak dira, tokiko komertzioak egoera larria bizi dutela, batez ere, globalizazioak kontsumo ereduak aldatu dituelako. Tokiko komertzioak haien lekua bilatzen ari diren honetan, Pasaiako Laurak Bat Elkartea herriko komertzioak suspertu nahi ditu, herritarren parte hartzea sustatuz.
Gakoa, pasaitarren atxikimendua erakartzea da. Pasaian 160 denda eta komertzio daude eta horiek eragin zuzena dute herriko ekonomian, lanpostuetan eta garapenean. Laurak Bat-en helburua, 160 komertzioen atzean dauden baloreak gizarteratzea da, herritarrek haien garrantziaz jabetu daitezen. Dena dela, parte hartzea herriz herriko izan bada ere, helburua eskualde mailako da, Laurak Bat elkarteaz gain, Errenteriako Errenkoalde elkartea eta Oiartzungo Itturri elkartea buru belarri dabiltza eskualdeko merkataritza susper dadin.