Antxoko San Tomas eguneko bazkariko tiketak erosteko epea gaur bukatuko da
Antxoko Topaguneak antolatuta, babarrunak jango dituzte San Tomas eguneko Azokan. Txartelak 12 euroan daude salgai herriko hainbat tabernetan.
Txistorra eta taloez harago badago zer jan San Tomas egunean. Antxoko San Tomas azoka, herriko jai historikoen artean kokatuta dago eta bide beretik jarraituko du aurten. Hilaren 14ean (larunbata) ospatuko da eta Antxoko Topaguneak bazkari herrikoia antolatuko du Gure Zumardian.
Aurtengo osagai nagusia babarrunak izango dira, nola ez, sakramentuekin. 15:00etan hasiko da bazkaria. Topaguneak jakinarazi duenez, gaur da bazkarirako txartelak erosteko azken eguna. Antxoko Rome, Mimos, Leunda eta Izadi tabernetan erosi ahalko dira 12 euroan.
Bazkalondoan, eta digestioa ongi joan dadin, Iñaki Labakak kontzertua emango du. Antxotarrak ez dira San Tomas jaian babarrun platerkada ederrak jango dituzten bakarrak. San Pedron ere babarrun jatea egingo dute hilaren 14ean.