Espetxea eta sorkuntza jorratzen dituen zikloa egingo du Sarek
Gaiari buruzko hitzaldi batekin inauguratuko dute bi presoren sormen lanekin egindako erakusketa. Jarduera gehiago antolatu dituzte.
Oiartzungo Sarek antolatuta, espetxea eta sormena jorratuko duen ekitaldi sorta hasiko dute datorren ostegunean, hilak 12.
Bi euskal presok —Aitzol Iriondo eta Itziar Morenok— sortutako lanekin osatutako erakusketa zabalduko dute egun horretan, 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Erakusketa ia guztietan bezala, ekitaldi batekin inauguratuko dute. Hitzaldi formatua hartuko du, eta horretarako, espetxea eta sormena binomioa ezagutzen duten lau pertsona gonbidatu ditu Oiartzungo Sarek: Jokin Urain, Miren Azkarate, Ekhiñe Eizagirre eta Mikel Orbegozo.
Erakusketa hori astebetez ikus ahal izango da, hilaren 19ra arte. Ordutegiari dagokionez, 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita.
Ipuinak eta sormen tailerra
Erakusketa eta solasaldiarena ez da Oiartzungo Sarek antolatu duen ekitaldi bakarra. Ostiralerako, Joxe Mari Carrere ipuin kontalaria gonbidatu dute, Maritxipi ipuina konta dezan. 17:30ean hasiko da, pleno aretoan.
Hilaren 18an, berriz, haurrentzako sormen tailerra egingo dute, Ane Narbarterekin. Ipuin kontaketaren ordutegi eta kokapen berbera izango du.