EH Bildu: "Gobernu taldeak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi"
Kritiko azaldu da koalizio subiranista bi arrazoirengatik: gobernu taldeak negoziaziorako eta beraz, adostasunera heltzeko jarrerarik ez duelako erakutsi, batetik; aurrekontua handiagoa bada ere, herritarren ongizateari edota genero berdintasunari begirako diru zatiak murriztu dituelako gobernu taldeak, bestetik.
Azaro amaieran onartu zituen Lezoko Udalak 2020 urterako aurrekontuak gobernu taldearen (EAJ, PSE-EE) aldeko botoekin. EH Bilduk aurrekontu horien kontra egin zuen, eta ezezko horren arrazoiak azaldu ditu orain herritarrek ezagutu ditzaten. Onartutako datorren urterako aurrekontua, 8.840.000 eurokoa da, aurtengoa baino 123.000 euro handiagoa.
Koalizio subiranistak gogora ekarri du hainbat emendakin aurkeztu zituela “gobernu taldearen aurrekontu proposamena hobetze aldera”. Emendakin horiek 300.000 euroko diru zatia suposatzen zuten, “horietatik 280.000 euro lezoarron ongizatera, herritarren ahalduntzera, genero berdintasunera eta energia berriztagarrietara bideratutakoak ziren”. Aurrekontu osoaren %3,4 suposatzen zuten EH Bilduk aurkeztutako emendakinak, “adostasunera iristeko jarrerarekin egindako emendakinak ziren. Tamalez, alkate jaunak ez zuen emendakinak bozkatzeko aukerarik utzi”.
Kritiko azaldu da koalizio subiranista bi arrazoirengatik: gobernu taldeak negoziaziorako eta beraz, adostasunera heltzeko jarrerarik ez duelako erakutsi, batetik; aurrekontua handiagoa bada ere, herritarren ongizateari edota genero berdintasunari begirako diru zatiak murriztu dituelako gobernu taldeak, bestetik. Murrizketa horiek “onartezintzat” eman ditu EH Bilduk eta banan bana aletu ditu datuak emanez: “Berdintasunean 2018tik hona %46ko murrizketa; Gizarte Zerbitzuetako zorroan %99 2019tik; baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonen diru zatia %100eko murrizketa; enplegu planaren diru zatian %37,5eko murrizketa 2018tik 2020ra”.
Politika sozialetan murrizketak egin dituen bitartean, gobernu organoaren atalean igoerak egin dituela gobernu taldeak gogor salatu du EH Bilduk, “zinegotzi liberatuen soldatei dagokien diru zatian zehazki; %32ko igoera onartu dute atal horretan, eta 2019an baino 72.246 euro gehiago bideratuko dute liberatuen soldatetara”.