Suediako eleberri beltza, Irakurketa Taldearen urteko azkeneko atala
Henning Mankell suediarrak sortutako Kurt Wallander inspektorearen lehen liburua ('Aurpegirik gabeko hiltzailea') aztertuko du gaur arratsean Oiartzungo Irakurketa Taldeak.
Oiartzungo Irakurketa Taldeak gaur arratsean egingo du urteko azkeneko bilkura. Henning Mankell (Stockholm, 1948; Goteborg, 2015) idazle suediarraren Aurpegirik gabeko hiltzailea eleberria aztertuko dute Manuel Lekuona bibliotekan, 20:00etan hasita.
Mankell idazlea ezagun da Kurt Wallander inspektorea protagonista duen seriea sortu zuelako. Eskandinaviako eleberri beltzaren erreferenteetako bat da Wallander, eta Aurpegirik gabeko hiltzailea eleberria serie horretan lehenengoa da. Horren atzetik etorri ziren beste 11 eleberri. Nazioartean arrakasta handia izan zuten, eta istorio horiek pantaila handira zein txikira eraman dituzte.
Irakurketa Taldekoek Gabonak aurreratuko dituzte, eta afari-merienda bat egingo dute. Gainera, Wallanderrena ez da izango arratseko saioan argituko duten misterio bakarra: liburu ezkutua oparituko diote elkarri.