Emakume sortzaileen lanaren erakusleihoa
Emakume sortzaileen topaleku izateko asmoz jaio zen Dinagu Kolektiboa. Errenteria-Oreretan egin du habia urtarrilaren 4ra arte, eta bertan hamabi sortzaileren lanak ezagutu, ikusi eta erosteko aukera dago.
Dinagu Kolektiboak pop up denda zabaldu du Errenteria-Oreretan urtarrilaren 4ra arte. Joan den ostiralean zabaldu zituen ateak, baina atzo inauguratu zuten festa eta guzti. Oarsoaldeko eta inguruko hamabi emakume sortzaileren lana, bederatzi proiektu orotara, biltzen duen espazioa da. Dendaren atzean, Dinagu kolektiboa bera, Torrekuan kokatutako Habian! Hazitegia, eta Errenteriako Udala daude.
Espazio horretan askotariko sormen lanak daude, denak emakumeek eskuz eginak, edo zuzen esanda, sortuak; lan bakoitzaren atzean sormen prozesua dagoelako, «eskuz egindako ametsak dira»: arropa, ilustrazioak, bitxiak, osagarriak…
Dinagu kolektiboaren atzean, Agara Agirre Torrekuan Habian! Hazitegian ari den usurbildarra, eta Ilazki Lili Biziki Bizi arropa markaren sortzaile den azpeitiarra. 2018an elkartu ziren Donostiako Urumea pasealekuan egiten den Gabonetako azokan postua hartzea okurritu zitzaielako, Edurne Mari Matraka ilustratzailearekin, eta Maialen Maixala oiartzuarrarekin batera. Laurak elkarrekin oso ondo aritu zirela ohartu ziren, «elkarrekin indartzen ginen, osagarri ginen. Bakarka aritu beharrean, taldean aritzeak ahalduntzen gintuela konturatu ginen».
Aurtengo udan Getarian aurkeztu dute kolektiboa, eta abuztu osoan Dinagu eta Lagunak espazioa izan dute Zarautzen bertako bi emakume sortzailek gonbidatuta, Maria Altuna Zeramistak eta Maider Altzaga moda diseinatzaileak: «Esperientzia guztiz positiboa izan zen, bai beste sortzaileen ikuspegitik, baita publikoaren aldetik ere».
Konplizitateak josi
Hala, saretzen jarraitzea erabaki zuten, emakume sortzaile gehiagorekin konplizitateak josten segitzea, eta horrela sortu da Errenteria-Oreretan martxan duten pop up denda. Bertan ikus eta eros daitezke Oiartzungo Maixala poltsak; Pasai Donibaneko Mari Domingiren arropa eta osagarriak; Usurbilgo Agara bitxigintza; Sevillako Laura Aguilarren bitxigintza eta artea; Donostiako Bego Fuenteren bitxigintza; Azpeitiako Biziki Bizi arropa eta osagarriak; Zarauzko Natural Killer kirol arropa; Arrasateko Ane Muñozen ilustrazioak; eta Txakur Gorria kolektiboaren hitz eta irudiak.
Sortzen duten hori espazio partekatuan biltzeaz harago doan proiektua da Dinagu, «espazioak ez ezik, esperientziak, ezagutzak, penak eta pozak elkarbanatzea dugu. Emakume sortzaileen topalekua da Dinagu, eta proiektuaren ardatza indarrak batu eta sortzaileen lanen erakusleiho komunak topatzea da, horretarako salmenta eta bisibilizazio espazioak elkarbanatuz». Elkarlanari bide eman nahi diote, elkarrekin ahalduntzeko, «egoeraz hausnartzea eta sortzaileon beharretara egokitzen diren espazio berriak sortzea da asmoa. Elkarlanak, aliantzak, harremanetan jartzeko espazioak, guztiak dira ongietorriak». Merkatuaz ere hitz egin dute Lilik eta Agirrek. Argi diote, «zaila da toki bat egitea merkatu globalean eta digitalean; zer esanik ez sortzaile berrien kasuan. Egungo eredu ekonomikoak konpetentzia garela sinistarazi nahi digu, baina Dinagutarrok aniztasuna aberastasuna dela aldarrikatzen dugu; elkarren beldur izan beharrean, eskutik heldu eta elkarrekin aurrera egin nahi dugu».
Zaintzaren aldarrikapena
Pop up espazioak edo dendak sortzeak, beste era batera funtzionatzeko aukera eman diela esan du Lilik, «kaleko postuetan aritzea gogorra da». Harago jo du Agirrek: «Espazio hauetan guk jartzen ditugu baldintzak, azoketan baldintzak kanpotik datoz; hemen guk erabakitzen dugu nola jarri , zer jarri, nola antolatu espazioa. Kolaboratibo izatea nahi dugu, eta beste sortzaileekin elkartu eta proiektu berriak sortu denek elkarrekin».
Zaintza ere aldarrikatu dute Dinagu kolektiboaren sortzaileek, «norberarena eta elkarrekikoa ere. Gaurko merkatuaren aurrean oso txikiak gara sortzaileak, eta elkarrekin gehiago lortzea dugu, bakarka ibilita baino».
Sormen lana izatea bertaratzeko pisuzko arrazoia da, baina beste balio erantsiak ere baditu Dinagu kolektiboan biltzen diren emakumeen sormen lanak: «Bertako hornitzaileak ditugu, ekonomia zirkularra aintzat hartzen dugu, baita iraunkortasuna ere». Sormena eta eskulana balorean jarri nahi dituzte, gainera, «elkarlana eta ahizpatasuna» aldarrikatuta, eta kontsumitzaileen kontzientzian eragin bertako produktuetan inbertitzera bultzatuta.
Urtarrilaren 4ra arte izango da zabalik Dinagu pop up espazioa Madalena kaleko 3. zenbakian, Oarsoaldearen Turismo Bulegoaren ondoan,: astelehenetik larunbatera 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara; 24an eta 31n goizez izango da zabalik bakarrik, eta 25 eta 1ean, berriz, itxita izango da.
Erosteko aukera izango da, noski, baina baita inguruko emakume sortzaileen lana lehen eskutik ezagutzekoa ere.