Urteko maldan gorako lehen beroaldia, Mitxintxolara Igoera
Igandean da Itsas Mendi elkarteak antolatzen duen mendiko lasterketaren hamargarren edizioa. 11:00etan Donibaneko plazatik aterako dira korrikalariak.
Urteko lehen mendiko lasterketa igandean da: Donibaneko X. Mitxintxola Mendi Lasterketa Herrikoia. Ez da luzea, baina tarte motz batean desnibel handiari aurre egin beharko diote partaideek, itsasotik Pasaiako punturik goreneraino igoz. Itsas Mendi Kirol eta Kultur Elkarteak antolatu du aurten ere urteko maldan gorako lehen beroaldia.
Orotara 3,4 kilometroko lasterketa da Itsas Mendirena, eta 11:00etan Donibaneko Santiago plazatik abiatuko da: bertan eman behar da izena (doan da), lasterketa baino lehen. Itsas mailatik, 332 metrora igoko dira partaideak ia hiru kilometro eta erdi horietan.
Lasterketaz gain, 10:00etan toki berberetik abiatuta, familien martxa egingo dute probaren helmugaraino. Nahi duten guztiek haurrekin egin dezakete martxa, ibilbideaz gozatzeko, eta aldi berean geroago aterako diren lasterkariei animoak emateko.
Lasterketa bukatzen denean sari banaketa egingo dute Arrokaundietako Piraten Etxean (han dutxak dituzte partaideek). Kirolariek salda beroa eta txorixo pintxoak jateko aukera izango dute, eta itsaski otarrea zozkatuko dela iragarri du Itsas Mendik.
