"Bizi balitz, gaur Karlos gure ondoan izango zen, egungo borroketan buru-belarri"
Karlos Saldise Korta hil zutela 40 urte beteko dira ostegunean. Haren aldeko herri batzordeak agerraldia egin du udaletxearen parean.
Karlos, maitasun bulkadez askatasunera herri batzordeak deituta, agerraldi jendetsua egin dute gaur eguerdian Lezoko udaletxearen aurrean. Urtarrilaren 16an beteko dira 40 urte indar armatu parapolizial ultraeskuindarrek (Batallon Vasco Español, ustez) hil zutela sortzez sanjuandarra zen Karlos Saldise Korta lezoarra. Haren memoria islatzen duen testua irakurri dute batzordeko kideek, bere arreba Karmele ondoan zutela. Datozen egunetarako antolatukoen berri eman dute ere bai.
“Bizi balitz, gaur gure ondoan izango zen egungo borroketan buru-belarri: naturaren alde; euskararen alde; emakumeen eskubideen alde; pentsio duinen alde; jendarteko sektore ahulenak babesten; preso, errefuxiatu eta euren senideei elkartasuna ematen; eta etorkizuneko Euskal Herri aske baten aldeko borrokan murgildurik”. Esaldi horrekin laburbildu dute batzordekideek agerraldian Saldise zer eta nor zen, nahiz haren hilketak utzi zuen hutsunea. Balioan jarri dute hark egindakoa, eta aldi berean nabarmendu dute gizarteko eta politikako borroka zilegizkoen bidean egindakoa, eta egiteke utzi zuena: “Gaur, 40 urte geroago, Karlosi egin diezaiokegun omenaldirik onena herri, auzo eta lantegietan antolatzen jarraitzea eta mundu hobe baten alde lanean jarraitzea da. Ez dadila haria eten”.
Gerra zikina
Herriko plazan Karlos Saldise oroitzeko elkartu dira. Baina zehaztu dute lezoarra ez zela izan “Estatuaren gerra zikinak” eraildako bakarra, “bestelako hildakoak, zauritutakoak eta torturatu guztiak gogoan ditugu. Horietako gehienei, oraindik ez zaie biktima egoera onartzen. Estatuak ez baititu berak egindako eskubide urratzeak bere gain hartzen”. Bizikidetzan aurrera urratsak egin nahi badira, horiei guztiei biktima izaera aitortzea eskatu dute: “Haren hilketa, izaera bereko asko bezala, ez zen behar bezala ikertua izan. Hiltzaileak zigorrik gabe geratu ziren”. Hilketa ez zuten ikertu.
Euskararen aldeko lana, konpromiso politikoa, presoen babeserako iniziatibak, eta kultur konbikzio aurrerakoiak defendatu zituela argudiatu dute agerraldian izan direnek. Horrek, poliziaren jazarpena eragin zuela adierazi dute, “arazo asko izan zituen Espainiako poliziarekin eta salatariekin. Etengabe mehatxu egiten zioten berari, eta bere familiari”.
Ekitaldiak
Gaurkoa, herri batzordeak Egiari Zor fundazioarekin batera Saldiseren memoria balioan jarri eta jendartean zabaltzeko egindako lanaren bigarren emaitza izan da. Abenduaren 30ean, 1980ko hamarkadako testuinguru politikoa izeneko mahai-ingurua egin zuten bete egin zen Tiñelu elkartean, Iñaki Egaña historialariaren eskutik. Baina badira ekitaldi gehiago. Jarraian dagoen zerrendakoak dira:
- Hilak 16. Karlos Saldise hil zuten lekuan (bere etxearen atarian, Aralar kalean) ikurrina eta lore sorta jarriko dituzte, urteurrena gogoratuz.
- Hilak 17. 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Karlos Saldise: herriari loturiko bizitza betea kultur ikuskizuna.
- Hilaren 18an. 12:30ean, Karlos Saldise plazan, omenaldi ekitaldi nagusia: Karlos, maitasun bulkadez askatasunera. 14:00etan (haurrena) eta 14:30ean (helduena), herri bazkaria Lezoko ikastolako jangelan. Sarrerak Tiñelun salgai. Haurren menua, 7 euro; helduena, 25 euro. Txartelak lehenbailehen eros daitezela eskatu dute herri batzordekoek.