Ibaiondo frontoiko kantinak terraza itxia izango du
Terraza egiteko 20 metro koadroko edukiontzia erosteko prozedura abiatu du Pasaiako Udalak. Guztira 32.000 euroko aurrekontua izango du lizitazioak.
Ibaiondo frontoiko kantina ireki zutenetik, bertatik pasa diren esleipendun eta bezeroek kexa bera agertu dute; eurite eta haizeteez babesteko tokirik ez dagoela hain zuzen ere. Gaur-gaurkoz eremu ikaragarria du Kantinak, baina tarte txiki bat baino ez dago estalia eta haizeak ere edozein aldetik jo dezake. Pasaiako Udalak irtenbidea emango dio arazoari, aldez aurretik egindako edukiontzi baten bitartez. Bertan kokatuko da hainbestetan eskatutako terraza. Egun, itxita dago establezimendua.
Kantinaren parean jarriko duten egiturak 20 metro koadro inguru izango ditu eta barruan sei mahaitxo topatuko dituzte bezeroek. Guztira 32.000 euroko aurrekontua izan du terrazaren lizitazioak. Diru kopuru horrekin egituraren instalazioa, argindarra, eta barruko zein kanpoko xehetasunak ordainduko direla jakinarazi du Pasaiako Udalak.
Edukiontzia lurrera ainguratuta egongo ez den arren, irisgarritasuna, segurtasuna eta egonkortasuna bermatuak izango direla jakinarazi du udalak. Lurrera ez lotzeko helburua, edukiontzia berrerabilgarria izatea da, behar izatekotan edukiontzia herriko beste leku batera eraman ahalko dute eta.