Lezoko PSE-EE, elikagaien xahuketaren kontra
Mozioa erregistratu du gaiaz hurrengo udalbatzarrean hitz egiteko.
Lezoko PSE-EEk mozioa erregistratu du, eskatzeko udalak bultza ditzala elikagaien xahuketaren kontrako neurriak. Hurrengo udalbatzarrean aztertuko dute gaia. Joxean Sanchez sozialisten eledunaren ustez, udalak elikagaien xahubidearen gaian praktika onen eredu izan behar du, udalak onartutako Aldaketa Klimatikoaren Emergentziazko Adierazpena garatzeko bidean.
Elikagaiak ez xahutzeko zereginean, Lezo Elikagaien Xahuketaren Aurkako Euskadiko Plataforman sartzea proposatu du PSE-EEk mozioaren testuan, baita elkartasun eragileekin elkarlanean aritzea ere, tartean, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin. Baina udalaz gain, elikagaien xahuketaren gaia gizarteratu behar dela iritzi dio Sanchezek.
Datuak ere eman ditu sozialistak: EAEn urteko 350.000 elikagai tona galtzen direla jakinarazi du, hau da, pertsonako eta urteko 160 bat kilogramo: “Elikagaien produkzioak errekurtso asko behar ditu, eta ingurumen eragin garrantzitsuan du. Elikagaiek zaborrean, kontsumitu gabe bukatzen dutenean, gure lurraren errekurtsoak xahutzen ari gara, baita ura eta energia ere. Gainera, kutsadura handitzen da, negutegi efektua sortzen duten gasak eraginez”.