Lezoko eragileak, greba orokorrarekin bat
Askotariko 18 talde eta eragile dira greba orokorrarekin bat egin dutenak Lezon.
Greba batzordeak egindako batzarretako bat. Ostegunean da pentsio, lan eta bizitza duina aldarrikatzeko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorra. Lezon batzordea sortu zuten abenduan deialdiari herrian erantzuteko, eta egin duten lanagatik, Lezoko eragile asko atxiki dira deialdiaren arrazoietara. Horretarako, manifestu batekin bat egin dute herriko 18 elkarte eta eragilek. Batzordeko kideek esan dutenez, batzorde horretan eragileek jarrera aktiboa izan dute. Hala, grebaren arrazoiak norbere talde edo elkartean partekatzeaz gain, egitaraua antolatu dute.
Egitarau horren barruan jada hainbat ekitaldi egin dituzte. Hurbilena gaur da: 18:00etan, auto karabana egingo dute Plazetatik abiatuta. Etzirako daude antolatuak, greba egunerako, Lezoko hurrengo hitzorduak. Hauek dira:
- 10:00etan, Gurutze Santuaren plazatik hasita, kale bira herrian zehar eta propaganda banaketa.
- 10:30ean, Altzateko biribilgunetik, Donostiako herrialdeko manifestaziora joateko oinezkoen martxa abiatuko da (Oarsoaldeko herritarrek 11:45 egon behar dute Saguesen).
- 11:15ean, Altzate igerilekuko aparkalekutik, Donostiako mobilizaziora joateko auto karabanaren irteera.
- 12:30ean, Donostiako Artzai Onatik, herrialdeko manifestazioa.
- 17:30ean, Gurutze Santuaren plazan, elkarretaratzea.
Orotara, eta oraingoz, 18 dira grebarekin adostasuna agertzeko egin den manifestuarekin (behean dago) bat egin duten Lezoko eragileak. Honakoak dira horiek:
- Lezoko emakume taldea.
- Oroitzene AEK-ko irakasleak.
- Allerru Kirol Elkartea.
- Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Elkartea.
- Lezoko EH Bildu.
- Lezoko U30 Batzordea.
- Pasaia-Lezo Lizeoa.
- Txerrimuño.
- Piztu Lezo taldea.
- Ixkulin Elkartea.
- Oarsoaldeko Pentsionisten Plataformako Lezoko kideak.
- Gaxuxa Elkartea.
- Lezoko Desfile Taldea.
- Lezoko LAB.
- Lezoko ELA.
- Lezoko Ehiza Taldea.
- Lezoko Gure Esku.
- Tiñelu Elkartea.
Jarraian, aurreko horiek guztiek izenpetu duten manifestua, hitzez hitz:
Urtarrilaren 30erako eginiko greba orokorraren deialdia dela eta, Lezoko hainbat talde,eragile eta elkartek:
ERABAKI DU bat egitea deialdi horrekin, lan, pentsio eta bizitza duinaren alde. Hiru arrazoi nagusi ditugu. Lehena, pentsioena denon afera delako, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bigarrenik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa delako, eta borroka biak uztartuak daude; hirugarrenik, eskubide sozialak bermatu egin behar direlako.
Krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jarri behar zaizkio, eta krisi berriaren aurrean harresia sortu, bizitza erdigunera ekarriko duen eredu sozio-produktiboaren alde eginez, denon borrokarekin eta denontzat, edozein delarik ere lan egoera: langabe, finko, behin-behineko; lanaldi partzialean edo azpikontratutako langile; sektore feminizatuetako emakume; gazte nahiz migrante; autonomo faltsu; etxeko langile… prekarizazio prozesuak langile klase guztia duelako jo-puntuan.
Grebari gure atxikimendua emanez exijitzen dugu azken urteetako erreformak eta murrizketak atzean uztea, eta, besteren artean, honako neurriak hartzea: 1200 euroko gutxieneko soldata eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa, erretiro adina aurreratzea, arrakala eta diskriminazioekin amaitzea eta zaintza lanaren aitortza. Finean, soldata eta pentsio duinak, kalitateko enplegua eta eskubide sozialak hemen erabakitzea.
