[Bideoa] Grebarekiko atxikimendua handitzen doa
U-30 greba orokorraren giroa suma daiteke kalean. Haren aldeko pankarta eta kartelak ugariak dira kaleetan, ugariak diren bezala harekiko atxikimendua adierazi duten Errenteria-Oreretako lantegietako enpresa batzordeak.
U-30 greba orokorraren giroa suma daiteke kalean. Haren aldeko pankarta eta kartelak ugariak dira kaleetan, ugariak diren bezala harekiko atxikimendua adierazi duten Errenteria-Oreretako lantegietako enpresa batzordeak. Gaur oraindik batzarrak egingo dituzte hainbat enpresetan, baina momentuz, udalerriko hamabost lantegietako enpresa batzordeak atxiki dira greba deialdira. Besteak beste, Papresak, Errenteriako Udalak, Sanmarkosene, Etxez etxeko laguntza ematen duen Arkisozial, edota Eresbil Fundazioa dira atxikimendua adierazi dutenak. Kasu batzuetan loteslea izan da bozketa eta lantegiak beraz itxita izango dira, eta beste batzuetan langile bakoitzak erabakiko du greba egin edo ez.
Hezkuntzan sumatuko da grebaren eragina ere. Gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte, baina jangela eta garraio zerbitzurik ez da izango. Koldo Mitxelena Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeetan irakasleen %90ak egingo du bat grebarekin, eta jangela itxita izango da; Cristobal Gamon ikastetxearen kasuan, irakasleen %76ak egingo du bat grebarekin, jangelako langileen kopuru berak egingo du bat ere, eta garraio zerbitzua ere ez da izango begiraleek greba deialdiarekin bat egin dutelako; Bizarain Ikastolaren kasuan ere gutxieneko zerbitzuak izango dira, eta jangela eta garraio zerbitzurik ez da izango; Orereta Ikastolaren kasuan egoera errepikatuko da, derrigorrezko gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte; Egiluze ikastetxeak ez duela jakingo langileek grebari egingo dioten jarraipena bihar arte zehaztu du, baina ikastetxea zabalik izango dela jakinarazi du; Telleri Aldeko kasuan ikastetxea zabalik izango dela zehaztu dute arduradunek, baina irakasle eta langileetako batzuk greba egingo dutela eta saioak normaltasunez emateko aukera ez dutela izango, horrenbestez. Hala ere, ez dute zehaztu grebarekin bat egin duten langileen kopurua.
Koldo Mitxelena ikastetxearen kasuan batxilergoko ikasleek bat egin dute greba deialdiarekin, eta egoera bera errepikatu da DEBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin. Lehenengo eta bigarren DBHko ikasleek ez dute greba eskubiderik eta gurasoek hartu behar dutela haien kasuan greba egin edo ez egitearen gaineko hautua jakinarazi du bertako ikasketaburuak, “bihar arte ez da jakingo beraz zein eragina izango duen maila horietan grebak”. Irakasleei dagokienean, momentuz hamazazpik egin dute bat greba deialdiarekin Koldo Mitxelena institutuan, “hala ere gaur egunean zehar eta bihar bertan erabaki dezakete beste irakasleek grebarekin bat egitea”.
Oiartzo Instituaren kasuan ikasleek grebaren alde egin dute.
Merkataritza eta ostalaritzan zein eragina izango duen ez da jakingo bihar arte. Errenkoalde merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak azaldu duenez ez da batzar loteslerik egin: “Merkatari eta ostalari batzuk dagoeneko erabaki dute grebarekin bat egitea, baina beste askok, gaur egunean zehar eta bihar hartuko dute erabakia; ez dago beraz kopuru bat ematerik”. Grebarekin bat egitea erabaki duten saltoki eta ostalarietako batzuk, greba babestuko dutela adierazten duten kartelak jarri dituzte saltoki kanpoaldetan.
Errenteriako udalbatzak osoko bilkura egin zuen, bestalde, atzo arratsaldean. Kontu emateak baino ez zituzten landu baina galde eskaeren atalean Errenteria-Oreretako Greba Batzordeko kide batek hartu zuen hitza. Urteak daramatela murrizketak jasaten, desberdintasun sozialek areagotzen “dirudunak diru gehiago pilatzen eta behekoak gerria estutzen” eta lege zorrotzak pairatzen, nabarmendu zuen eta horietako batzuk zerrendatu: “Lanaren prekarizazioa, soldata gero eta murritzagoak, enplegutik kaleratzea gero eta merkeagoa, lanarekin txiroak, langabeak miserian, pobreziaren hedapena, debaldeko etxeko lanaren aitortza eza, milaka adindu 600 euroko miseriazko pentsioekin, erosahalmena gutxitzen, eta etorkizuna are latzagoa aurreikusten dugu”. aurreko guztiei, etxebizitzen prezioa, zerbitzu publikoak murriztea erantsi zizkion, “panorama hau guztia, dinamika hilgarri bat da, luze doan dinamika hilgarria eta hori iraultzeko beharra aldarrikatzen dugu, hori da greba orokor honen muina, dinamika sozial berri bat abian jartzeko aldarria”. Eskaerak mahai gainean jarri zituen: 1.200 euroko gutxieneko soldata, soldata arrakalarekin amaitzea, prekarietateari balazta jartzea, zerbitzu publiko duinak bermatzea —langabeen babesa, osasuna, hezkuntza—, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, erretiro adina jaistea, adinekoen zaintza publiko eta duina, zaintza lanaren aitortza materiala, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, “garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko eta aipatu dudan norabide berri horretan aurrera egiteko”. Amaitzeko elkartasuna elikatzea ezinbestekotzat jo zuen greba batzordeko kideak eta bizitza duina politika guztien erdigunean jartzeko galdegin zien, alderdi politiko guztiei grebaren aldeko babesa eskatuta.
Galdera eskarien atala izanik, bere hitzak jaso zituzten baina alderdiek ez zuten hitza hartu.
Bestalde, auto karabana egin zuten atzo arratsaldean herrian barrena grebara deitzen.
Honakoak momentuz grebarekin bat egin duten Errenteria-Oreretako enpresa batzordeak (LAB eta ELA sindikatuek emandako datuak):
- Rexel
- Kanter
- Gatzaga tailerrak
- Calplas
- Serbitzu elkartea (Kale garbiketa)
- Etxez etxeko zerbitzua (Arkisocial)
- Errenteriako Udala
- Sanmarkosene
- Eresbil Fundazioa
- Elster Merdicion
- Talde tailerrak
- ZB Tailerrak
- Egaña Tailerrak
- Papresa
- Urkabe Benetan
- Izadi Tailerrak