Eskalantegiko etxebizitza okupatuaren jabeak: "Azken zazpi hilabeteetako egunik zoriontsuena dugu"
Zazpi hilabete igaro ondoren, etxera sartu ahal izan dira jabeak. Adierazi dutenaren arabera, etxebizitzak ez ditu "aparteko kalterik".
Eskalantegi kaleko 44. zenbakian etxebizitza bat okupatuta zuten pertsonak, bertatik irten dira gaur. Hala baieztatu dio HITZAri Braulio Vilasek, etxebizitzaren jabeak. Uztailaren 7an, Antxoko San Ferminak ospatzen ari zirelarik sartu ziren hainbat lagun etxean eta ordutik hainbat neurri hartzen saiatu da Vilas eta haren familiak, baina ez zuten ondorio positiborik izan.
Bada, etxea gaur utzi dute argitu gabe dauden arrazoiak direla medio. Ertzaintzaren bitartez jaso du berria Braulio Vilasek, “ertzaintzaren goi kargu batek deitu dit, etxera joateko esanez, hura hutsik zegoen eta. Etxera iritsi garenean polizia patruila bat zegoen etxeko sarrera zaintzen”. Sarrailagile batekin bertaratu dira jabeak eta adierazitakoaren arabera, etxean ez dituzte topatu “aparteko kalterik”.
Azken zazpi hilabeteetako “egunik zoriontsuena” izan duela dio Vilasek. Etxea uztearen arrazoi zehatzak ez dituzte ezagutzen, baina jabearentzat herritarren presioa eta horren ondorioz hedabideetan izandako oihartzuna izan dira gakoak. Jabeak oso eskertuta agertu dira antxotarrekin, jasotako elkartasuna dela eta, “inork ez digu eman antxotarrek eman diguten babesa”, adierazi du Vilasek. Aurreko ostiralean Antxok pairatzen duen utzikeria salatzeko elkarretaratzea egin zen, eta bertan izan zuten aferaren berri herritar askok.