Etengabe hazten ari da Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa
Lasterketaren hazkundeak ez du etenik, 90 minututan agortu baitziren dortsalak. Guztira 350 korrikalarik parte hartuko dute 14 kilometroko ibilbidean.
Lezo herri txikia da, baina argi dago izen handiko mendi lasterketa antolatzen duela, etengabe hazten ari delako, herritarren laguntza eta babesari esker. Otsailaren 16an (igandea) ospatuko da Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketaren 7. edizioa. 10:00etan hasiko da Santo Kristo plazan, eta 14 kilometroko ibilbidea burututa, hasierako toki berean bukatuko dute lasterketa korrikalariek. Gaur bertan egin dute aurkezpena Lezoko kultur aretoan.
Izugarri pozik agertu da Xabier Lasaga, antolakuntzako kidea, 7 urteotan lasterketak hartu duen oihartzunarekin, “hilaren 1ean zabaldu genuen izena emateko epea. 350 dortsalak ordu eta erdian agortu ziren. Egia esan, ezustekoa hartu genuen”. Lasterketa herrikoia izanagatik ere, Euskal Herriko onenen artean dauden hainbat lasterkari erakartzea lortu dute. Emakumeei dagokionez, Lezo-Jaizkibelen egongo den maila altua izango da; Iratxe Etxegoien lezoarra, Uxune Tena, Maite Karrika, Maialen Gurrutxaga edota Lurdes Oiartzabal lezoarrak.
Haiekin batera Ainhoa Sanz korrikalari gaztea parte hartzea nabarmendu du Lasagak, “Ohorea da Ainhoa Lezon izatea. Iaz estatu mailako txapelketa irabazi zuen eta Argentinako mendi maratoian 6. izan zen. Ikuskizun hutsa da neska hau korrika egiten ikustea”. Lurdes Oiartzabal lezoarrak 2018an irabazi zuen Lezoko mendi lasterketa eta Ainhoa Sanzen taldekidea da gaur egun. Oso ezaguna ez izan arren, etorkizun oparoa du Sanzek, “sekulako kalitatea du, duela pare bat urte hasi zela mendian. Karrera polita emango digu. Hala ere, maila handia dago ere besteen artean. Lehia ikusgarria izango da”, adierazi du Lasagak. 69 emakumek parte hartuko dute orotara, lasterkarien %20a alegia.
Gizonen artean, Ander Iñarra etxean irabazten ahaleginduko da bigarren urtez jarraian. Aurtengo denboraldia prestatzen hasteko baliatuko du, Lezo-Jaizkibel, urteko lehen lasterketa izango baitu Iñarrak. Iaz bezala, lehia estua iragarri du korrikalari gazteak, “joan den urtean, Joxe Amunarriz gertu izan nuen lasterketa guztian zehar eta aurten berdintsu joango dela uste dut”.
Edonorentzat aproposa
Ibilbide zein antolaketari dagokionez, “ez da aldaketarik izan” Ibon Intxaurrandieta antolakuntzako kideak azaldu duenez. Guztira, 14 kilometroko eta 1.200 metro metatuko ibilbidea izango da. Bi zatitan bereizi ditu Intxaurrandietak, “hasierako 7 kilometroetan igoera nahiko gogorrak daude. Ondoren herrirantz doan jaitsiera hasten da”. Lasterketa herrikoia izanik ibilbidearekin asmatu egin dutela uste dute antolatzaileek, ibilbidea ez baita “bereziki zaila”.
Horri esker maila askotako pertsonek egiten dute bat lasterketarekin, bereziki Lezo eta inguruetakoak. Oarsoaldeko eta Bidasoko ordezkaritzak zabalak izango dira; 73 lezoar, 51 errenteriar, 31 hondarribiar, 25 irundar, 20 oiartzuar eta 17 pasaitar. parte hartzaileen %90 gipuzkoarra bada ere, Euskal Herriko beste lurraldeetatik etorritakoak ere izango dira, baita Espainiar Estatutik iritsitakoak ere.
Dortsalen banaketa 8:30ean hasiko da, eta lasterketa amaitu ondoren mokadutxoa banatuko da sariak banatzen diren bitartean. Emakume eta gizon irabazleek txapela, trofeoa eta 150 euroko balea jasoko dute Apalategui kiroldendako produktuetan gastatzeko. Bigarren eta hirugarren postuan bukatzen dutenek bestalde, Lezoko komertzioen produktuekin osatuta otarra jasoko dute. Lehen lezoar neska-mutilek eta bi gazteenentzat ere sariak izango dira. Eta urtero bezala ‘suebakiko’ igoerako azkarrenek saria jasoko dute.
Lasterkariez gain, antolaketan eta laguntzan jardungo duten boluntarioei eskerrik beroenak eman dizkie Intxaurrandietak. Kirola aitzaki hartuta, Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa Lezoko jai herrikoi batean bihurtu dela dio antolatzaileak, “Lezon sortzen den giroa paregabea da. Lasterketa herriarena dela sentitzen dute”.
Haurrek ere, sasoian daudela eta mendi lasterketak gustuko dituztela erakutsi ahalko dute; haurren lasterketa. Adinaren arabera 5 mailatan banatuko dituzte gaztetxoak eta 10:15etan hasiko da. Dortsalak euro batean salduko dira.
Lasterketa baino gehiago
7 urteko ibilbidea eginda, kirol proba bat baino askoz ere gehiago da Lezo-Jaizkibel. Aurten esaterako, elkartasunak pisu handia izango du; haurren lasterketan bildutako dirua, SOS Himalaya gobernuz kanpoko erakundera zuzenduko dute. Iñaki Ochoa de Olza alpinistaren heriotzari lotuta jaio SOS Himalaya, nafarrak hainbat proiektu solidarioetan murgilduta zebilen eta. Hortaz, mendi lasterketan bildutako diruaren parte bat, Nepal, Pakistan eta Indiako hainbat eskualdeetako umeen bizi baldintzak hobetzeko erabiliko dira.
Ochoa de Olza bera izango da Mendi Lasterketari lotutako ekintzen protagonista. Otsailaren 13an (osteguna) Lezo Mendi Film antolatuko da Gezala Auditorioan 19:30ean; La voz de Iñaki dokumentala proiektatutako dute. Otsailaren 14an bestalde, goi mailako kirolaren eta amatasuna izango dituzte hizpide; Oihana Azkorbebeitiak hitzaldeia eskainiko du Gezalan, 19:30ean.
Goi mailako kirolariek garrantzi handia izango duten edizio honetan, antolatzaileek herriko kirolari bat aukeratu dute omendua izateko; Maitane Etxebarria eskubaloi Bera-Berako eskubaloi jokalaria, nazioarteko final batean jokatu duen gipuzkoar bakarra. Lasterketa egunean omenduko dute Etxebarria, sari banaketa hasten denean.