286 herritar daude lanik gabe Lezon
Azken lau urteetan 67 pertsonatan jaitsi da herriko langabeen kopurua, tasa %8,9raino iritsi arte.
Lezoko Udalak emandako datuen arabera, egun, 286 lezoar daude lanik gabe. Langabezia tasa %8,9koa da (Oarsoaldeko orokorra %9,5ekoa da; Gipuzkoako %8,8koa). 2019ko bukaerako datuak dira udalak emandakoak. Hala, udal erakundeak nabarmendu du azken lau urteetan %2,1 jaitsi dela langabeen tasa herrian, hau da, %19 pertsona gutxiago daude lanik gabe 2015etik, 67 langabe gutxiago daudelarik.
286 horien artetik, 175 dira emakumeak eta 111 gizonak. Hala, udalak adierazi du bere zereginen artean dagoela tokian tokiko ekonomia zein enplegua sustatzea, “lezoarrei lan aukera berriak eskaintzea lehentasunezkoa da udal gobernuarentzat”. Hala, aurreko agintalditik, udalak urtero diru sail bat bideratzen du Oarsoaldeko Garapen Agentziara, Lezoko Enplegu Plana eta beste hainbat egitasmo garatu ahal izateko. Horiek Oarsoaldea mailakoak dira.
Egitasmo horien bitartez, iaz, 11 lanpostu berri sortu zituen Lezoko Udalak: 2 Enplegu Planaren bitartez, 3 Lanbideko Enplegu Planaren bitartez, 3 Gazte Enplegurako Talka Planaren bitartez eta beste 3 Kokatu programaren bitartez. “Zifra horiek guztiak, beraz, programa horien martxa onaren adierazle dira eta horiek zein langabeziaren tasaren eboluzioa kontutan hartuz, udalak, enplegua eta ekonomia sustatzearen aldeko apustua berretsi du eta datozen lau urteotan, ekindako bideari jarraipena eman eta programa, ekimen eta egitasmo berriak martxan jarriko ditu, lezoarrei lan aukera berriak eskaini eta haien bizi kalitatea hobetzen eta bermatzen jarraitzeko”.