Langabeen kopurua gora nabarmen Bidasoan, apalago Oarsoaldean
Azken hilabetean langabezia gehien hazi den eskualdeen artetik bigarrena da Bidasoa.
Lanbidek urtarrilaren azken egunean jasotako datuen arabera, 2019ko azken egunarekin alderatuta 171 langabe gehiago daude Bidasoan, eta 24 gehiago Oarsoaldean. Azken hilabetea txarra izan da enplegurako, beraz. Izan ere, Bidasoa izan da azken hilabetean langabezia gehien hazi den herrialdeko bigarren eskualdea, Donostialdearen ondoren.
Datu biribiletan, eta urtarrilaren 31ko datuak erabiliz, Lanbideren bulegoetan izena emanda daudenak 4.121 dira Bidasoan (%11,12ko tasa, Gipuzkoako altuena), eta 2.997 Oarsoaldean (%8,35eko tasa; Gipuzkoan azken urtean langabezia gehien jaitsi den eskualdea izan da Oarsoaldea).
2019ko urtarrila amaiera/2020ko urtarrila amaiera alderaketa eginez, urtebetean 294 pertsonatan jaitsi da langabeen kopurua Oarsoaldean, eta 85ean Bidasoan.
Gipuzkoan, orotara, 31.087 pertsona daude lanik gabe, langabezia tasa %8,99koa da egun. Iazko urtarrilaren azken egunean 32.226 ziren langabeak, %9,32.
Bidasoa da herrialdean langabezia tasa handiena duen eskualdea, nabarmen, %,11,12ko tasarekin. Hemen, eskualdeka, herrialdeko zerrenda, langabezia tasaren arabera, handienetik txikienera:
- Bidasoa: %11,12
- Debabarrena: %10,87
- Donostialdea: %9,22
- Urola Garaia: %8,95
- Urumea-Oria: %8,49
- Tolosaldea: %8,47
- Oarsoaldea: %8,35
- Urola Erdia: %8,16
- Debagoiena: %8,13
- Urola Kosta: %7,57
- Goierri: %7,55