[Bideoa eta galeria] Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko erronkarako prest
Euskaraldia aurkeztu zuten atzo. Udazkenean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta Merkatuzarren egin zuten aurkezpen ekitaldi jendetsua. Aurkezpenerako prestatu zituzten eserleku guztiak lepo, Errenteria-Oreretako eragile eta norbanako ugarik egin zuten bat euskararen aldeko ariketarekin.
Euskaraldia aurkeztu zuten atzo. Udazkenean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta Merkatuzarren egin zuten aurkezpen ekitaldi jendetsua. Aurkezpenerako prestatu zituzten eserleku guztiak lepo, Errenteria-Oreretako eragile eta norbanako ugarik egin zuten bat euskararen aldeko ariketarekin. Hitza hartu zuen lehena, Aizpea Otaegi alkatea. Ezagutza eta erabileraz mintzo zen, “bi datuak elkarren ondoan jartzerakoan, gutxitxo egiten dugula euskaraz iruditzen zaigu”. Txillardegik erabilera kalkulatzeko erabiltzen zuen eredu matematikoa aipatu zuen, “egia da eredu matematiko horrek ez ligukeela erabilera indize hobeagoa eskainiko duguna baino. Izan ere, Txillardegiren ereduak erakutsi nahi duena da, euskaraz jardutea ez dela soilik borondate kontua, testuinguruak behar ditugu, eta horretarako, niretzako gakoa da Euskaraldiak agerian jarri digun ideia bat, ezinbestekoa dela euskararen ulermena unibertsalizatzea eta euskararen bueltan jarrera aktibo eta positiboak ahalbidetzea”.
Euskara hizkuntza normalizatua izatetik hurbilago egongo dela, euskal hiztunek normaltasunez erabiltzeko zenbat eta aukera gehiago izan ere esan zuen atzoko bere hitzartzean alkateak, “eta normaltasunez erabiltzeak esan nahi du eguneroko funtzio sozialetan erabili ahal izatea, kostu pertsonal eta sozialik gabe, gaztelaniaz jarduten denak baino ahalegin handiagoa egin gabe”.
Estrategiak diseinatu eta garatzea
Agertoki hori urrun ikusten duela erantsi zuen, baina Euskaraldiak askotariko euskaldunak aktibatzeko balio izan zuen zalantzarik ez duela, “edozein testuinguruan euskaraz jarduteko hautua sozialki legitimatzeko eta agerian jartzeko denok egin dezakegula parte bat, finean, denok egin dezakegula euskararen alde egotetik euskararen alde egiterako urratsa”. Bide horretan erakundeei, eta zehazki Errenteriako Udalari dagokion lana zehaztu zuen Otaegik: “Baldintzak sortzea dagokigu, besteak beste, Euskaraldiaren markoa eta ariketa praktikoa baliatuta modu mailakatuan esparru ezberdinak inplikatuz joango den estrategia bat diseinatu eta garatzea”. Politika publikoetan estrategia horri zentralitatea ematea ere izango du betekizun udalak, baita hizkuntza berdintasunaren inguruan, berdintasun paradigma gizarteratzeko iniziatiba garatzea ere.
Norbanakoetatik entitateetara saltoa proposatzen duela aurtengo Euskaraldiak esan zuen azkenik Otaegik, “euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko erronka egin digu”. Atzokoa, erronka horretan murgiltzen hasteko saioa izan zen alkatearentzat.
Maitane Aizkorreta izango da Euskaraldiaren Errenteria-Oreretako koordinatzailea, eta berak ere hartu zuen hitza atzoko ekitaldian. Euskararen aldeko ariketaren oinarria herrietako batzordeak direla esan zuen, eta herri batzordeak indartu edo berrosatzea proposatu zuen atzoko ekitaldian.
Kike Amonarriz, soziolinguista, umorista eta iazko irailetik Euskaltzaleon Topaguneko presidenteak hitza hartu aurretik, Zariagaz abesbatzako gazteek Sagarra jo abestu eta dantzatu zuten, Imanol Elizasoren zuzendaritzapean. Saio ederra eskaini zuten.
Erabilera indartzea, gakoa
Haiek amaituta datu dantza eta azalpenen txanda heldu zen Amonarrizen eskutik. Luze aritu zen hitzartzean, baina arin eta artsegin bildutakoentzat. Datu ugari eman, eta irakurketa positiboa oro har soziolinguistak egin zuena; hausnarketarako abagunea zabaldu zuen, gainera. Errenteria-Oreretan euskara dakitenak %43 dira, eta erabilera, berriz, %15. Gehien erabiltzen dutenak haurrak dira, eta haien atzetik gazteak. Helduak hirugarren lekuan kokatuta daude, eta azkenik, adinekoak.
Lehenengo datu positiboa, bildutako gehienen harridurarako: munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen artean 0-10erako eskala batean, 10 atalean kokatuta dago euskara. Eman zuen azalpena: “Munduko hizkuntzak 70.000 dira, eta 0-10 arteko eskala horretan, 10. atalean leudeke hiztun gehien dituzten hizkuntzak; goi-goian, ingelesa eta txinera —eskalako zenbaki bakoitzean 700 hizkuntza sartzen dira—. 2016ko datuen arabera, 16 urtetik gorako euskaldunak zazpi herrialdeetan 752.000 hiztun gara —ez du horrek esan nahi gero denek erabiltzen dutenik— eta 16 urtetik beherako hiztunak, berriz, 350.000 dira; guztira, 1.000.000 hiztun inguru gara. 1.000.000 hiztun dituzten hizkuntzak 320 dira; horrek esan nahi du, beraz, euskara dagoela hiztun gehien dituzten hizkuntzen %10aren barruan”.
Euskara, Wikipedian 29. postuan
Ez zen datu positibo bakarra izan atzoko saioan. Amonarrizek Wikipediari ere erreparatu zion; kasu horretan 29. postuan dagoela euskara jakinarazi zuen, “500 dira wikipedia duten hizkuntzak eta goian dago gure hizkuntza”. Horren arrazoia, hizkuntzaren alde dagoen mugimendu sozial garrantzitsua dela azaldu zuen, “baita babes instituzionala, horien batura da emaitza, eta esan nahi du, gure seme-alabek artikulu gehiago dituztela euskaraz Wikipedian, grekoek grezieraz baino, israeldarrek hebreeraz baino, edota eslovenoek, eslovenieraz baino”. Datuak horiek izanik, zergatik pertzepzioa ezkorra den ere azaldu zuen adituak, hiru arrazoi nagusi aipatuta: “Beti esan digute, gainontzeko hizkuntza gutxitu guztiei bezala, gure hizkuntzak ez duela ezertarako balio, ea nora goazen horrekin. Diskurtso hori aspaldikoa da, 500 urte ditu, eta Etxeparek berak ere aipatzen zuen. Ez dugu ahaztu behar, euskara desagertze puntuan egon dela eta hori oso sartua dugula gure DNAn; gazteek esaten dute, bai ezagutza egongo da, baina ez da entzuten, horrek ere pertzepzioa txikitu egiten du; hirugarren arrazoi nagusia, inguruan ditugun eta gurekin bizi diren hizkuntzak dira. Ez dira handiak; gaztelera, frantsesa eta ingelesa, hizkuntza erraldoiak dira”. Datu bat gehiago: munduan dauden hizkuntza erraldoiak ez dira hainbeste, 15-20 dira.
Aurretik kontatutako guztiak euskarak eta euskaldunek benetan munduan duten lekua erakusteko balio duela esan zuen Amonarrizek: “Ez gara hizkuntza erraldoia (15-20 dira), ez gara estatu hizkuntza (100 dira), baina munduko hizkuntza gutxituen artetik buruan gaudenak gu gara; daukagun egoera larria edukita, daukagun historia larria edukita, ditugun oztopo guztiak edukita ere munduko hizkuntza gutxitu gehienentzat dagoen erreferentzia nagusienetako bat euskaldunona da. Horrek erantzukizun erantsi bat ematen digu; egingo duguna ez da ona izango bakarrik euskararentzat, baizik eta munduan zehar beren hizkuntza eskubideen alde, biziraupenaren alde ari diren beste hizkuntza komunitate askorentzat ere”.
Ikus-entzunezkoetan, euskararen presentzia behera
Beste datu positibo bat Errenteria-Oreretara begiratuta, gazteen artean ezagutzaren unibertsalizazioa gertu-gertuan da, bere gabezia guztiekin. Gazteek kontrakoa duten aldagai bat: ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia izugarri murriztu izana: horrek ondorio soziolinguistiko oso nabarmenak dituela esan zuen Amonarrizek.
Aurrera begira jarri zen soziolinguista, hobetzeko gakoak bilatu asmoz, eta erantzuna argia da: Erabilera, “ezagutzan dagoen gabezia ere, erabileratik konponduko dugulako”. Ez da ahaztu behar hezkuntzak lehentasuna izaten jarraitzen duela, hori egin denez, ia belaunaldi honen euskara ezagutzaren unibertsalizaziora heldu gara Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Nafarroa Iparraldean”. Horrekin batera, baina, datozen 20-30 urtean ezinbestekoa jo du adituak 25 urtetik beherako herritarren hizkuntza ez formala, edo hezkuntzatik kanpoko ekintzetan —kirola, aisialdia, kultura—euskara bermatzea, “25 urtetik beherako gazte guztiek euskaraz ulertzen dute, defektuz, adin horietara zuzendutako ekintzak euskaraz egin daitezke, printzipioz”. Hori bezain garrantzitsua beste ardatz hau, euskaraz ikasten ari den belaunaldi horri euskaraz lan egiteko aukera bermatzea, “arlo horretan badirudi aurrerapauso sendoak emateko aukerak daudela”.
Bi horiek, beraz, eragiteko esparruak, hurrengo urratsak, ez bakarrak, bai nagusiak.
Errenteria-Oreretan oinarri soziala eta instituzionala indartsu egotea positibotzat jo zuen Amonarrizek, eta oraingo lanak, erabilera areagotzea, eta tokiko euskaltzaleen sarea sendotzea, “Euskaraldiak balio behar du tokian tokiko aktibazio soziala aurrera eramateko. Iritsi garen lekura iritsi bagara, herritarren atxikimenduari esker izan da; hori gabe, beste guztia alferrikakoa da”.
Sareak indartzera deitu dute euskararen alde, eta atzoko ekitaldian hasi ziren jada lanean, bildutakoen artean konpromiso zehatzak biltzen, herri batzordean arituz, edo puntualki lagunduz. Euskaraldia prestatzeko lehen herri batzarrera ere deitu dute: hilaren 19an (asteazkena) izango da, Merkatuzarren, 18:30ean.
Indarrak hartuta, prest dira errenteriarrak, beraz, Ariguneak zabaldu eta euskara hauspotzeko, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko prest.