Harribitxi bat gehiago Lezoko historiari
Lezokuak bildumaren bigarren ipuina aurkeztuko dute bihar Mikel Susperregik eta Lander Zurutuzak. Maria Labaien sagardogile lezoarra ekarri dute lehen lerrora. Garaiko euskarari ere egin diote keinu.
Lezokuak bilduma abiatu zuten iaz Mikel Susperregik eta Lander Zurutuzak, Lezoko Udalarekin elkarlanean, Joanes de Salaberriaren hilketa ipuinarekin. Lezoko historia idazteko saiakera da, ahaztuta edo ezezagunak diren lezoarrak herriaren historiaren lehen lerrora ekartzeko ariketa. Bilduma horren bigarren ipuin liburuak bihar ikusiko du argia; izan ere, aurkezpen ekitaldia antolatu dute 12:00etarako Kultura Aretoan, eta bertara deitu dituzte herritar guztiak. Ezer asko ez dute aurreratu, baina Susperregi tartean egonik, sorpresaren bat izango dela aurreikus daiteke.
Emakume bati egin diote keinu bigarrenean; XVI. mendeko emakume ekintzaile bati zehazki, Maria Labaien lezoarrari. Sagardogilea izan zen, eta Miguel Arrieta itsas kapitainarekin alargunduta, bi alabak aurrera ateratzeko, Ternuan balearen arrantzan ibiltzen ziren ontziekin sagardoaren komertzializazio lanean hasi zen; zehazki, San Nikolas ontziarekin. Dolare baserri baten jabea zen Labaien, eta bere sagar uztarekin egiten zuen sagardoa. Negozioan inbertsiorako hori erabili zuen, garaiko arrantzaleen artean beldur ikaragarria eragiten zuen eskorbuto gaitzari aurre egiteko preziatua bihurtu zen sagardoa. 24 sagardo barrikako ekarpena egin zion San Nikolas ontziari.
Arazoak berehala hasi ziren, baina. Une horretan kokatu du ipuina Susperregik, eta ilustrazio lana Zurutuzak, «Donostiako kontzejuak konfiskatu egin zizkion sagardo barrika horiek Pasaiako itsasontzietan Donostiako sagardoa baino ezin zela sartu esanaz. Ez zen kikildu, eta epaiketara jo zuen emakumeak, baita irabazi ere, urtebetera».
Donostiako kontzejuari ezarritako zigorra, kupelak itzultzea Labaieni: «Ziurrenik aurrekari bat ezarri zuen; bere sagardoa ontzietan sartzen jarraitu ahal izan zuen, baina horretan zebiltzan Donostia kanpoko beste sagardogileei ere erraztuko zien egoera». Horretaz mintzo da Susperregik idatzi eta Zurutuzak ilustratu duen Maria Labaienenen apustua, baina Labaienen historia beste arlo asko ukitzeko baliatu dutela esan dute: «Lezok itsasoarekin erabateko lotura zuen garai hartan, baita sagardoarekin ere. Gaur egun arrasto gutxi gelditzen bada ere, eta sagardorako sagar berezkoa —Lezo sagarra edo Marzial sagarra bezala ezaguna— ere bagenuen herrian; horrek ezartzen zuen gainontzeko sagardogintzarako sagar guztien prezioa».
Sagardoaren Wall Street
Aizpea tabernan egin du hitzordua Hitza-k bi lezoarrekin, ez ausaz, Susperregik argitu duenez: «Lau pareta hauek, Indioenea Etxea, sagardoaren Wall Street izan ziren garai batean». XX. mendera arte, Lezoko baserritarrak eta inguruetako herrietako sagardogileak iraila erdialdean bertan biltzen zirela azaldu du Zurutuzak, sagardoaren tratoa egiteko. Lezok sagardogintzarekin zuen harremana erakusten duen beste datu bat eman du: «Ignacio de Arpide kapitaina, lezoarra bera, Sahatsa taberna pareko Arpidenea etxekoa. Itsas kapitaina zen, eta bere lana itsasontzi handiak Espainiatik, Cadizetik, Ameriketara eramatea zen. 1709. urtean baserri bat erosi zuen, gaur egun zutik dirauen Minkura; han ardo kupelak zeuden, eta ziur gaude baserri hori erosi zuela bere ontziak hornitzeko».
Horiek guztiak urruti gelditu dira, urrutiegi, eta berreskuratzea dute helburu, baita garaiko Lezoko euskara ere, «oso berezia eta polita». Zalantzan izan zirela garaiko euskara erabili edo ez aitortu dute, «gazteentzako agian zaila izan daitekeelako garaiko euskara ulertzea, baina esfortzu hori egitea interesgarria dela pentsatu genuen, egin beharreko kontua zela, gutxienez jasota geldi dadin Lezoko euskara».
Hitanoari ere egin diote keinu bildumaren bigarren liburuan, eta toka eta noka eroso aurkeztu dituzte ipuineko pertsonaietako batzuk.
Garaia ilustratzea ez zaiola zaila izan esan du Zurutuzak, «marrazkiak nahiko sinpleak dira, baina erraz adierazten dute garai hartako ingurua. Jakin badakigu Lezo garai hartan itsasoari begira bizi zela, hari lotuta, itsas bazterra irudikatu dut, itsasontziak, sagarrondoak itsas bazterreraino heltzen direla Lezon, batelariak… detaileak dira, gure historiaren zati bat».
1.000 ale, argitara
Bildumaren lehen ipuinarekin egin bezala, 1.000 ale atera dituzte oraingoan ere; laurehuna Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen artean banatuko dituzte, eta bertan literatur saio dinamikoak egingo ditu Susperregik, «biei eskerrak eman nahi dizkiegu erakusten duten prestutasunarengatik. Garrantzia eman diote gaiari eta eskertzekoa da». Lezoko Udalari ere eman dizkiete eskerrak biek, «Lezokuak bildumarekin jarraitzeko asmoa azaldu duelako».
Ipuinera eramango duten hurrengo lezoarraren gainean gogoeta egiten hasi dira Susperregi eta Zurutuza, baina ez dute aurrerabiderik eman. «Modu atseginean Lezoren historia gehiago ezagutarazteko» lanean jarraituko dutela agindu dute.