«Motzean gusturago sentitzen naiz, muinera jotzeko jarrera dut»
‘Amua’ poema bilduma argitaratu du Aritz Gorrotxategi lezoarrak. Heriotza, maitasuna, eta itsasoa ditu hizpide, eta lehenengoz, arazo sozialak ekarri ditu bere poesiara.
Amua izenburua du zure poema liburuak, zergatik izenburu hori?
Amua gustatu zitzaidan, batez ere, tranparen irudi delako. Bizitzarekin, heriotzarekin jokatu dut, heriotza oso presente dago eta irudi esanguratsua iruditu zitzaidan. Arrainak uretan dabiltza, eta ez dakizu nork, baina bateren batek kosk egingo dio amuari, desagertuko da arrainen artetik, eta besteek jarraituko dute bueltaka. Iruditu zitzaidan gu ere hala bizi garela, badirudi beti gazte, hilezkor izango garela, baina halako batean halako zer edozer gertatuko da, bateren batek kosk egingo dio amuari, eta horrek azkenean ingurukoen bizitza aldatzen du. Irudi zehatza eta adierazgarria iruditu zitzaidan, krudela ere bada, amuaren irudia sufrimenduarena ere badelako.
Heriotzaz mintzo zara zure azken liburuan, baina maitasunaz, egungo arazo sozialez, edo migratzaileen egoeraz mintzo zara ere bai.
Hala da. Gai batzuk errepikatzen dira nire poesian, adibidez maitasunarena, heriotzarena ez hainbeste baina agertu izan da, itsasoa eta greziarrei egindako omenaldiak ere azaltzen dira, baina berritasuna liburu honetan gai sozialak dira.
Orain arte ez dituzu gai sozialak landu zure poesian?
Gutxiago. Egia da krisiaz geroztik askoz nabariagoa dela, eta gustatu zait joko bikoitzak egitea horrekin. Greziari buruz ari naiz eta bi Grezia aipatzen ditut, aitzinakoa eta gaurkoa, baita gaur egungo mendebaldeko edozein lekuri buruz, krisia bizi izan duen edozein tokiri buruz ere. Ura oso presente dago, eta horrekin erabat lotuta daude etorkinak, heriotzarekin, jendearen bizkarra ematearekin, edo axolagabekeriarekin lotuta dauden bezala.
Politika ere ukitzen duzu, Historiaren lezioak poeman.
Gai asko azaltzen dira eta horietako bat ere bada politika; azken hori saiatu naiz ironia eta umoretik lantzen. Hangoaz eta hemengoaz gogoeta bat da azkenean liburua.
Sei ataletan banatu duzu liburua. Nahita izan da?
Gaika banatuta daude, baina ez hasieran planifikatutako zerbait izan delako, ohartu nintzen gaien aldetik bazirela multzoak, baina gero elkargurutzatu egiten dira. Itsasoari buruz hitz egiten dut, baina itsasoaren barruan heriotza dago, gai sozialak daude… neurri batean korapilo guztien erdigunea itsasoa da.
Maitasuna, berriz, beti azaltzen da nire poemetan, erredentzio zentzuan; azkenean da salbatzen zaituen beste norbaiten konplizitatea, benetan zu izateko tokia bihurtzen da, eta nik garrantzi handia ematen diot. Bi gizakiren arteko konplizitatea da, ez da esaten gizon edo emakume direnik, irekia utzi dut, interesatzen zitzaidana zen irudikatzea bi pertsonen arteko harremanak duen indar hori.
Gusturago sentitzen zara poemak idazten, narrazioan baino?
Tartean bi ipuin bilduma ere idatzi ditut, baina esango nuke motzerako joera dudala, gusturago sentitzen naiz, gero eta muinerago jotzeko jarrera dut, eta zortzi-hamar orriko narrazio batek ematen dit kontatu nahi dudan hori kontatzeko. Poesiak eta ipuinek aukera ematen didate zentrora joateko; zerbait bere laburrean esateak bere indarra duela iruditzen zait, bere luzearen olatuetan galtzea baino.
Orain ere olatuak, orain ere itsasoa…
Bai hala da [barrezka]. Konturatu naiz itsasoak nire haurtzaroa hezurmamitzen duela. Grosen [Donostia] jaio nintzen, eta itsasoaren zati bat ikusten genuen etxeko leihoetako batetik, lau anai-arrebak igerilariak izan gara, haiek ni baino hobeak, aita lehiaketetara joaten zen, igeriketa federazioan gauzak egiten zituen, ura eta igeriketa oso lotuak daude nire haurtzaroarekin. Oporretara ere ez ginen joaten kanpora, hondartzara joaten ginean aitak lan egiten zuelako udaran. Konturatu naiz itsasoa beti estetikoki betetzen nauen elementua dela, eta afektiboki ere lotura oso handia dudala, oso zentrala izan da.
Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria irabazi duzu poema bilduma honekin. Zer suposatu du saria jasotzeak?
Batetik dotazio ekonomiko oso garrantzitsua da, 15.000 euro dira, eta nik hautu bat egin nuen duela urte asko: idaztetik bizi nahi nuen. Oso zaila da, baina idazketaren barruan, literaturaz gain, gidoigintzan, itzulpengintzan, artikuluen idazketan eta tailerrak ematen aritzen naiz, eta alde horretatik sari hori jasotzea bada babes bat. Bestetik, alor ekonomikoaz aparte, aurreko bildumetatik aldaketa garrantzitsua dagoela esan dezaket, nahiz eta gaiak antzekoak izan. Idazkera aldetik gauzak argiago, eta neurri zein doinu aldetik musikaltasuna bilatzen saiatu naiz; saria jasotzeak esan nahi du bide onetik zoazela.
Literaturatik bizitzea ezinezkoa da, ezta?
Bai, garbi nuen hori hasieratik, hemen oso jende gutxi bizi da liburuetatik, eta azkenean, abanikoa zabaldu egin behar duzu. Gidoigintzan zazpi urte aritu nintzen Goenkale-n, eta oso esperientzia polita izan zen; Balbemendi-n ere aritu nintzen. Lagungarri izan zaidala uste dut, lagundu didalako elkarrizketa batean harira joaten. Poemetan ez ditut aditz laguntzaileak erabiltzen adibidez, traba egiten didate. Poesian kendu daitekeena, kendu behar da; uste dut gidoigintzan jaso dudan zer edo zer dela hori, eta poesian aplikatzen saiatzen naiz. Kate horretan gidoigileak azken tximinoak dira, nahiz eta paradoxikoki hasiera ematen diona prozesuari gidoigilea den; gidoirik gabe ezin da inor lanean hasi. Asko ikasi dut esperientzia horietatik, muinera joaten eta azalekoa kentzen.
Tailerrak ere egiten dituzula esan duzu.
Bai. Sormenaz eta literaturaz aritzen gara horietan. Saiatzen naiz literaturari buruzko oinarri batzuk ematen, eta batez ere, literatura lanak aztertzen.
Proiekturik esku artean?
Beste hiru poetarekin batera Balea Zuria argitaletxea sortu genuen 2017an. Poesia euskaraz argitaratzen dugu soilik, eta hasi ginenean hiru lan urtean argitaratzea zen helburua, baina iaz jada bost atera genituen eta aurten ere bide beretik goaz. Gauza politak iritsi zaizkigu. Epe laburrean argitaratuko dugu Patxi Apalategik itzuli duen Charles Baudelairen Les Fleurs du mal (Gaitzaren loreak).
Idazle bat eta lan bat aukeratzekotan?
Ez da erraza… Poesian Felipe Juaristi eta Juan Cruz Igerabide beti gustatu izan zaizkit asko. Prosan, Anjel Lertxundi. Asko estimatzen dudan idazlea da, oso jantzia eta oso hurbila, berarekin lanean aritu nintzen Goenkale saioan.
Lan bat aukeratzekotan, berriz, orain oso gutxi 25 urteurrena bete duen Otto Pette. Lehenengo aldiz 20 bat urterekin irakurri nuen, eta apur bat maldan gora egin zitzaidan; orain irakurrita, kontrakoa gertatu zait, askoz arinagoa egin zait. Ohartu nintzen liburu horretan euskararentzat orduan berriak ziren forma asko normaldu egin direla. Askoz eta meritu handiagoa ikusten diot horregatik: literaturaren aldetik meritua dauka, eta hizkuntza literarioaren aldetik egin zuen aurrerapena, ekarpen handia iruditzen zait.