Aniztasunean, aske bizi nahi dute
Lau orduz, espazio segurua eta askea izango da eremu hori LGTBI+ kolektiboarentzat, beraiek baitaude, udalarekin elkarlanean, festa horren antolaketaren atzean. Kabaret festa, orain arte egindako lana sozializatzeko, eta mahaia bera jendaurrean aurkezteko ekitaldia izango da.
Kabaret festak hartuko du Niessen Kulturgunea datorren ostiralean. Lau orduz, espazio segurua eta askea izango da eremu hori LGTBI+ kolektiboarentzat, beraiek baitaude, udalarekin elkarlanean, festa horren antolaketaren atzean. Iazko ekainean Errenteria-Oreretako LGTBI+ pertsonen errealitateei —errealitateak, pluralean, ez delako bakarra— buruzko diagnostikoa aurkeztu zen (Eli Etxabeguren eta Zuriñe Rodriguez ikerlariek egin dute), eta geroztik LGTBI+ Mahaia biltzen ari da. Kabaret festa, orain arte egindako lana sozializatzeko, eta mahaia bera jendaurrean aurkezteko ekitaldia izango da.
Atzo eman zituzten xehetasun guztiak, jaia hartuko duen Niessen Kulturgunean bertan, LGTBI+ Mahaiko kide diren Mikel Martin eta Naroa Zabala, Iñaki Queralt LGTBI+ zinegotzia, jaialdian parte hartuko duten Bittor Cuña DJ2ttor, eta Yogurinha Borovak, eta aurkezle lanak egingo dituen Nerea Izagirrek.
Ekainean aurkeztutako diagnostikoak biltzen dituen proposamenen artean, LGTBI+ pertsonei eta gainerako biztanleei partekatutako topaguneak eta gozamen guneak eskaintzea azaltzen dela nabarmendu zuen Queraltek, “kabaret festa, hori izango da”. Festarekin, gainera, amodio erromantikoaren ikurretako batekin puskatu nahi dutela erantsi zuen, “pertsonen arteko harreman afektiboan aukera askoz ere zabalagoa dagoela adierazteko”.
Jaia urrats bat gehiago da LGTBI+ politiken arduradun politikoak zehaztu zuenez, “diagnostikoa aintzat hartuta, ekintza plana zehazteko eta garatzeko konpromisoa hartu du udalak. Horretarako diagnostikoan proposatzen diren ekintzetatik abiatuta, heteroarauetan zentratzen ez diren politika publikoak garatzea izango dugu xede”. Horren harira 2019-2023 Agintaldi Planean ildo propioa izango duela LGTBI+ pertsonen ekintza plana garatzeak nabarmendu zuen Queraltek: “Lehenbiziko aldiz aurtengo udal aurrekontuetan partida bat onartu da estrategia berri horiek sortzeko”.
Diagnostikoak jasotzen dituen proposamenen artean, LGTBI+ mugimenduarekin parte hartzeko prozesuak sustatzea dagozkien gaietan, komunikazio bideak indartzea, eta prozesu horren guztiaren ondorioz sortutako taldeari erakundearen laguntza eskaintzea daude, besteak beste. LGTBI+ kolektiboa eta udalaren arteko lankidetza horrek emankorra izaten jarraitzea eta aurrerantzean ekintza eta proiektu berriak iragarri ahal izango dituztela espero duela erantsi zuen zinegotziak, “berdintasunezko udalerria, fobiarik gabea lortzeko, eta biztanleei bizitza duinak bermatzeko”.
Bide luzea aurretik
Aspaldikoa zela LGTBIQ+ siglen inguruan zer edo zer egiteko gogoa azaldu zuen Zabalak, “legeetan, dekretuetan, instituzio eta hedabideetan ikusgarritasuna eta gaiarekiko tratamendua azken urteetan hobetu bada ere, gure lagun arteetan, ikastetxeetan, familietan, lanean, eta orokorrean pertsonarteko harremanetan gauzak ez direla hainbeste aldatu konturatuta gaude”. Aurrera urratsak egin dituztela “aurpegia ematera duela lau hamarkada atera zirenetik” ukaezina dela esan zuen Martinek, bestalde, baina genero disidenteak, lesbianak, gayak, bollerak, transexualak, maritxuak, pertsona horien guztien aurkako indarkeria oraindik presente dagoela erantsi zuen, eta indarkeria horrek, baliabide, forma eta diskurtso berriak hartzen jarraitzen duela: “Seguruenik, gehiago onartuko zaigu, baina oraindik ibilbide luzea dugu gure gizartean errespetura iristeko”. Horregatik ekin ziotela orain hiru urte herri iniziatiba gisa lanari azaldu zuen, “zer egin genezakeen ikusteko; herritik hasi eta udalarekin harremanetan jarri ginen. 2018ko udazkenean zenbait pertsona udalarakin elkartzen hasi ziren herrian LGTBIQ+ diagnostiko bat egiteko. Orduan udalak ere ez zuen LGTBIQ+ politika publikorik martxan, eta ezertan hasi aurretik diagnostiko bat egiteko lanak abiatu zituen”.
Diagnostiko hori egiteko unean sortu ziren topaketek eta sinergiek, LGTBI+ kolektiboko kide eta ekintzaileen talde motorraren sorrera ekarri zuen, gaur egun Errenteriako LGTBI+ Mahaia dena.
Jaiarekin, udalaren konpromisoa irudikatuko da Queralten hitzetan, “irekiko dugu denona den espazioa jai honetarako bere kondizioa, zein sexu praktikatzen duten, nor maite duten kontuan hartu gabe, eta horrekin gure konpromisoa erakutsi nahi dugu, agerian utzi. Alaitasunez ospatu nahi dugu, horregatik festa, baina izango da ere mahaia sozializatzeko eta hortik aurrera jendea gonbidatzeko parte hartzera eta gauza berriak sustatzera”.
Borovak bere aldetik bihotzez eskertu zuen Kabaret Festan berarekin kontatu izana: “Zoragarria da niretzat hona etortzea, musika munduan Oreretan hasi nitzen. Lagun minak ditut eta izugarri erraza izan da baietz esatea eta jaian parte hartzea. Nire laguntza izango dute beti, nire konpromisoa”. Erreferente ugari daudela gaur egun esan zuen Borovak, “euskaraz aritzen direnak aurkitzea erraza ez bada ere. Ostiralekoa festa izango da, baina baita jendearekin egotea, eta gauza askotaz hitz egitea”.
Cuñak ere hartu zuen hitza. Bere ustez “pena” da sortuko duten “eremu askeak” lau ordu baino ez dituela iraungo. Diagnostikora jo zuen gogoeta horren arrazoia azaltzeko: “Jendeak aipatu du ez duela LGTBI+ espazio askerik sumatzen herrian, orain urte batzuk izan zela bateren bat, baina galdu egin direla, eta horregatik halakoak sortzeko beharra. Diagnostikoa etxeko lanez beteta dugu”.
Atentzioa eman ziotenen artean diagnostikoan, LGTBI+ pertsona batek baino gehiagok herri erdialdean aske sentitzen zela esan duela eta auzoetan berriz, ezetz, “erdialdean normaltasunez bizi dute, aske, baina auzoetara mugitzerakoan, gure herrian bertan, armairura itzultzen direla diote Alabergan, Beraunen, Iantzin… Jendeak ez duela bere izaera sexuala askatasunez bizi esan du, lanean jarraitu behar dugu, beraz. Ostiralean 20:00etatik 00:00etara lortuko dugu eremu hau askea izatea, jendea ongi sentitu eta gozatzeko eremu bihurtuko dugu”.
LGTBIfobiarik eta indarkeria matxistarik gabeko herria
Egiteko dagoen bide luzean emandako beste pausu bati aipamena egin zion Martinek. Gogora ekarri zuen udalak herriko lau sarreretan jarritako seinaleak: Errenterian eraso sexistei aurre egiten diegu. Lesbofobia, homofobia, transfobia, bifobia eta interfobiarik gabeko udalerria esaldia dute, more kolore biziko plakek; Beraun auzoan, San Marko etorbideko biribilgune parean, Gabierrotan, Olibeteko biribilgunean eta Kaputxinoetan, daude jarrita. “Garrantzitsua da pixkanaka-pixkanaka halakoak egiten joatea”, esan zuen Martinek.
Izagirrek ere hartu zuen hitza. Bera ez da LGTBI+ Mahaiko kidea, baina jaia aurkeztuko du, eta argi utzi zuen ez dela soilik LGTBIQ+ kolektiboaren kontu bat, gizarte osarena baizik, “emakume bezala, feminista bezala, espazio seguruen kontu hori denok bizi izan dugu askotan, ni neu halako espazioetan, LGTBIQ+ espazioetan sentitu naiz askeen, eta uste dut denon lana dela benetan gizarte edo jendarte inklusibo bat nahi badugu, gauza hauekin amaitzea eta halako espazioak sortzea. Kezkagarria da, gure herrikideak diren askok, oraindik ere bere joera sexuala aske bizitzeko aukera ez izatea, edozeinek modu askean bizi beharko lukeena, eta guk geuk ere emakumeek ere bizi ez duguna; izugarria da nola oraindik ere auzoetan armarizatzen den jendea, nola jende askok Oreretatik alde egiten duen hiri handietara bere sexualitatea ez duelako aske bizi, ez duelako horretarako modurik bilatzen. Uste dut denon erronka dela konplize bihurtzea, eta horretarako festa egitea ezinbestekoa da; zerbait bada LGTBIQ+ kolektiboa, feministona bezala, alaia, festazalea eta borrokalaria da”.
Ekitaldiari dagokionean, Izagirrek gidatuko du eta Bazen Behin Clown taldearen Sexijentziaz askatuz ikuskizunarekin hasiko da Kabaret Festa, eta jarraian, Eneko Gil dantzariak egun horretarako espresuki sortutako dantza pieza aurkeztuko du. Yogurinha Borovaren txanda izango da ondoren, eta besteak beste, Sentipenak askatu abestia aurkeztuko du. Azkenik DJ2ttorek dantzan jarriko ditu bazterrak. Ekitaldiak gauerdira arte iraungo du.
Mezu argia helarazi dute Zabalak, Martinek eta Queraltek: “Ostiralekoa ez da soilik bolleren, gayen, transen, bisexualen… jaia. Lan hau guztioi dagokigu, ospatzea ere bai eta horregatik zaudete gonbidatuta herritar guztiak. Jaiak berriz elkartu, ezagutzeko, indarrak emateko elkarri balioko du; izan gaitezen denok protagonistak bide honetan, inor ez dagoelako soberan”.