Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketa, Gezalan
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren atariko bezala (igandean da) dokumental proiekzioa eta hitzaldia antolatu dituzte ostegun eta ostiralerako.
Igandean da Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren zazpigarren ekitaldia. Horien atariko modura, antolatzaileek aste honetarako bi hitzordu mamitsu antolatu dituzte, aretoan gozatzeko.
Lehena etzi da (osteguna). Iñaki Otxoa de Alda mendizalearen gaineko La voz de Iñaki dokumentala proiektatuko dute 19:30ean Gezala Auditoriumean. Mendigoizale nafarraren bizitza eta filosofiaren gaineko lana da, SOS Himalaya fundazioak egina. Aurten, Lezo-Jaizkibelen elkartasun euroa fundazio horretara bideratuko dute. Dokumentalaren emanaldiaren ondoren hizketaldia izango da.
Bigarren emanaldia hilaren 14an da, ostirala. Ostegunekoa bezala, 19:30ean da Gezalan. Oihana Azkorbebeitia goi mailako kirolari abadiñoarrak 2018an argitara eman zuen liburuaren aurkezpena egingo du, Mendiaren altzoan izenburukoa. Azkorbebeitiak bereaz hitz egingo du, baina lezoarrek aukera izango dute harekin hitz egiteko, galderak eta bestelakoak helarazteko.
Bi saioak doan dira. Lezo-Jaizkibelek antolatzaileek herritarrak animatu dituzte bertan izatera.