«Albaolan erreleboa utzi dut, hori da pozgarriena»
Desagertzen ari zen sektore batean egin du bere ibilbide profesional osoa Esteban Gozategik, beti borrokan. Azken urteak San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian eman ondoren, hilaren 28an hartuko du erretiroa azken zurezko ontzigileak.
Hilaren 28an hartuko duzu erretiroa, gogotsu ala triste?
Tristura beti sentitzen da. Batzuk gogo handiz hartzen dute erretiroa. Nire kasuan zurezko ontzigintza bizitzeko era bat izan da. Gainera, azken urteotan San Juan baleontziaren eraikuntzan parte hartzeko aukera izan dut. Ez da edonolako gauza, sekula ez baitut ikusi XVI. mendeko ontzi bat hutsetik eraikitzen. Ikaragarri polita izan da etapena pixka bat badut, egia esan.
Zer egingo du Euskal Herriko azken zurezko ontzigileak erretiroa hartzean?
Planak baditut. Bilobarekin egon nahi dut. Horrez gain, baditut bestelako ardurak ere. Etxean emaztea bakarrik izan da orain arte eta etxeko lanetan nire ekarpena ere egin nahi dut. Nire anaiak, gainera, mugikortasun arazoak ditu eta berari gehiago laguntzeko denbora izango dut hemendik aurrera. Baina tira, lasaiago bizitzeko ere baliatuko dut egoera berria. Gutxienez ez dut egunero 07:00etan esnatu beharko.
«Hemendik aurrera boluntario lanetan jarraitu nahiko nuke Albaolan»
Zein izango da zure harremana Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin hemendik aurrera?
Boluntario gisa jarraitzeko asmoa dut. Ez dut oso ongi pentsatu nola antolatuko dudan nire bizitza hemendik aurrera, baina argi dut Albaolarekin harremana mantenduko dudala; astean pare bat egunez etorri nahiko nuke gutxienez. Ea onartzen ote nauten.
Nolakoak izan dira Albaolan eman dituzun ia 10 urteak. Zein izan da zure esperientzia?
Oso ona. Harrera ezin hobea egin zidaten. Langile eta boluntarioekin harreman estua eratu dugu eta kanpotik iritsi diren bisitariekin ere gustura aritu naiz.
Nola iritsi zinen faktoriara?
Orioko ontziola batean jarduten nuen. Zurezko ontzigintza dagoeneko amaitzeko zorian zen; baporeetan mantenu lanak egiten genituen bereziki, egurrezko baporeak egiteari utzi baitzitzaion. Gaur egun altzairuz edo zuntz sintetikoz egiten dira ia denak. Etorkizuna beltz ikusten nuen garai hartan. Egun batean, duela 10 bat urte, Xabier Agote gure ontziolara etorri zen bisitan eta hor elkar ezagutu genuen.
Ontziola itxi zenean ez nekien zer egin edo nora jo. Hau baino ez nekien egiten nik. Xabierri deitzea erabaki nuen; itsas ondarea eta ontzigintza tradizionala berreskuratzeko proiektu batean murgilduta zebilela adierazi zidan hark, eta bazutela lana niretzat. Albaolaren hastapenak ziren eta pare bat urtez lanaldi erdiko kontratuarekin jardun nuen, txipiroi ontziak eta bestelako ontzi klasiko batzuk konpontzen. Ordutik, Albaolak gora baino ez du egin.
2011n hasi zinen Albaolan, krisia bete-betean zela, eta 57 urte zenituela. Hori ez da ohikoa, ezta?
Gaur egun, nahiz eta eskarmentu handikoa izan, 57 urteko pertsona bat enpresa batera badoa lan bila… Tira, ez dirudi erraza izango denik helburua lortzea. Baina Albaolan bereziak dira,gauzak beste modu batera egiten dituzte. Niri behintzat sekulako mesedea egin zidaten.
«12-13 urte nituela,aitaren ontziolan laguntzen ematen nituen oporrak»
Zergatik nahi zuten zuk haiekin lan egitea?
Pilatu dudan eskarmentuagatik bereziki. Ontziak iraganean bezala eraikitzeko beharrezkoa da iraganeko teknikekin lan egiten duen arotz bat.
Oso ezberdina da ontziola klasiko batean ala Albaolan lan egitea?
Ez. Egurren tamainak-eta aldatzen dira, baina lan egiteko modua berdintsua da.
Nolakoa izan da boluntarioei irakastea eta bisitariak jasotzea?
Boluntarioak gustu handiz hartzen ditugu hemen. Finean, maisu lana egiten dugu, hau da, ofizioa irakatsi eta martxan jartzen ditugu.
Eta nola moldatu zara atzerritarrekin mintzatzeko?
Hemen urte dezente eman arren, ez dut tarterik izan hizkuntzak ikasteko. Baina ondo da, keinuekin eta mimikarekin moldatu gara.
Zurezko ontzigintza zure bizimoduaren baliokide izan dela aipatu duzu. Aitarekin hasi zinen lanean, ezta?
Ni ere boluntario gisa hasi nintzela esan daiteke, 12-13 urte nituela. Nire aitak ere ontzigintzan jarduten zuen Orion, eta oporrak haren ontziolan ematen genituen anaiak eta biok. Xume hasi ginen; zerrak zorroztu, oholak heldu, hiltzeak jarri… Denborak aurrera egin ahala aitak gauza gehiago irakatsi zizkigun. Horrela ikasi nuen ofizioa.
Aurrerago aro aldaketa bizi zenuen. Zergatik utzi zitzaion egurra erabiltzeari ontziak eraikitzeko?
Altzairu edota txapazko ontziak lehenetsi zirelako; edukiera handiagokoak dira, gogorragoak dira eta mantenu lan gutxiago eskatzen dute. Joera aldaketa bat eman zen. Motora txikiekin ere antzeko zerbait gertatu da; gaur egun ia denak zuntz sintetikoz egindakoak dira, askoz ere errazago eta merkeago mantentzen direlako. Egurrak lan handiagoa eskatzen du. Usteltzen da. Mantenua urtero egin ezean, egurra desegiten hasten da. Erabaki praktiko bat izan zen, baina era berean lan egiteko estilo propio bat ia desagertu da horren ondorioz.
«Ontzi gutxi daude gaur egun, eta daudenak, ez dira egurrezkoak»
Zuk, ordea, lortu duzu ibilbide guztia zurezko ontzigintzan egitea. Nola?
Azken unera arte eutsiz. Egoera zaila izan arren, baziren ontzi gutxi batzuk konponketak behar zituztenak. Azken itsasontzia egin arte egin nuen lan.
Albaola da Euskal Herrian egurra erabiltzen den azken lekua?
Baietz esango nuke. Hemen inguruan, gainera, kasik ez da lan horretan aritu daitekeen arotzik.
Inoiz pentsatu zenuen egurrezko ontzigintza zure belaunaldiarekin batera desagertuko zela?
Pentsatu nuen, bai. Nire belaunaldia lan asko eta ona egindakoa da baporeetan, baina argi zegoen gauzak aldatzen ari zirela. Egurrezko ontzigintza desagertuko zela? Ez genuen horretan gehiegi pentsatu nahi, egia esan. Baina aldaketa azkar eman zen, azkarregi. Egurrezko baporeak bata bestearen atzetik desagertu ziren. 50 urte eskasean dena pikutara joan zen; itsasontzi gutxi daude gaur egun eta daudenak, ez dira egurrezkoak.
Etorkizunik badagoela esango zenuke?
Zaila da, baina nik ez dut uste iraganeko egoerara itzuliko garenik. Arrantza bera ere desagertzen ari da. Orion 30 bat bapore ziren eta gaur egun sei dira besterik ez. Eta Pasaian zer esanik ez, kaia itsasontziz beteta egon ohi zen. Gaur egun bi edo hiru baino ez dira.
Egoera horren aurrean, itsas ondarearekin lotzea izan daiteke ofizioa salbatzeko bidea?
Bai, horrek izan behar du bidea. Albaola horretarako sortu da,itsas ondare hura ez galtzeko, jakin dezagun ontzi horiek zer ziren eta nola egiten ziren. Pena da, geroz eta ontzi gutxiago geratzen direlako, baina San Juan baleontziak erakutsi du hutsetik ere sortu ditzakegula itsasontziak.
Zer esango zenieke iraganeko teknikak berreskuratzea zentzugabea dela esaten duten horiei?
Oraindik ere ilusio handia duen jendea badagoela, gauzak beste modu batera egiteko ilusioa duen jendea. Zaila da azalpen bat ematea, ontzigintza hori ez delako nagusi izango. Baina gurera boluntarioak eta ikasleak iristen dira oraindik, antzinako lanbide horiek gal ez daitezen.
«Oso polita da maite dudan lana egiten amaitu ahal izatea nire ibilbidea»
Ondaretzat dute ontzigintza tradizionala, margolari batek koadro bati begiratzen dion bezala begiratzen diote haiek itsasontziari. Ez dakit zein bide hartuko duten etorkizunean, baina interesak hor jarraitzen du, orokorra ez bada ere.
Hori al da zuretzat pozgarriena? Erreleboa utzi duzula, alegia.
Zalantzarik gabe! Lasaiago hartu dezaket erretiroa. Hemen gutxienez zurezko ontzigintzari jarraipena eman nahi dioten 18 gazte badira, eta gainera, nabarmendu nahi dut, gazteak dira. Hiru urtez gurean ikasi ondoren haien ardura izango da ondare hau ez desagertzea. Ikusiko dugu nola doakien, baina arotz galantak badira behintzat. Dena dela, ez ditut begien bistatik kenduko. Nire ibilbidea bukatu arren, askotan etorriko naiz gazteen lana zertan den ikustera Albaolara.
Dakizuna eta gustuko duzuna egiten bukatu duzu ibilbidea. Modu politagorik imajina zenezakeen amaitzeko?
Bizitza osoan jardun dut egurrezko ontzigintzan, eta oso polita da maite dudan lana egiten bukatu ahal izatea. Horrexegatik ere oso tristea da erretiroa hartzea.