Tokiko ohiturari gorazarre
Ohiko desfile zein konpartsez gain, tokian tokiko tradizioak eta kondairak berreskuratzen dituzte hainbat herritan inauterietan. Hona hemen Oarso Bidasoko zenbait berezitasun.
Euskal Herriko txoko guztiak mozorroz eta festaz betetzen hasi dira dagoeneko. Karroza eta desfileek herri ugari beteko dituzten arren, euskal inauteriari helduko diote hamaika lekutan oraindik ere. Ondo errotutako festa da euskal inauteria, tradizio handikoa, eta denborak aurrera egin arren, tokian tokiko berezitasunak gordetzen jarraitzen duena hainbat herritan.
Lezon, esaterako, Trapujale izango da egunotan. Duela 35 urte ekin ziotela lezoarrek Jaizkibel menditik iritsitako erdi betizu, erdi zaldi izakiaren jaitsierari, epaiketari, eta erretzeari ere bai. Trapujale Taldeko Jon Legorburuk azaldu duenez, 1980ko hamarkadaren bukaeran Kultura zinegotzi zen Joseba Aurkenerenak euskal inauteria sortzeko bidea zabaldu zuen, eta herriko eragileekin bildu zen horretarako. Proposamenari bueltaka ari zela, Irungo Landetxako osaba batek txiki-txikitatik trapujale esaten ziola gogoratu zuen Legorburuk. «‘Hi lezotarra, trapujalea, trapujalea!’», oihu egiten ziola azaldu du, «eta jende helduari galdetzen hasi ginenean konturatu ginen jendeak bazekiela garai batean trapujale deitzen zietela lezoarrei». Izan ere, Lezo herri txiroa omen zela-eta bertako herritarrek jatekorik ez zuten, eta inguruko herritakoek trapujale deitzen zietelako hedatzen hasi zen izen hori.
Bertako euskal inauteria martxan jartzeko abiapuntua finkatu zuten lezoarrek, eta handik tiraka Mari Nazkane sorgina eta zirikuak ere istorio magiko honen parte izatera pasa ziren. «Denon artean herriarentzat sortutako euskal inauteria martxan jarri genuen», erantsi du.
Trapujaleren berezitasun nagusia Jaizkibel da, Legorbururen arabera: «Jaizkibelen bizi da, erdi betizu, erdi espiritu… Biziduna, baina oso espirituala, eta beldur handia ematen du buru hezur horrekin». Horrez gain, zazpi ziriku daude, zeinak izaki maltzurrak diren, eta Jaizkibelgo zazpi mendi tontorretako izenak dituzten. Mari Nazkane Jaizkibelgo sorginak osatzen du kondaria. Euskal inauteria eta tokikotasuna uztartzen dituen festa da, «sinbolismo handia duen inauteria da, bertan errotuta eta Lezorekin lotuta dagoena».
Bukaeran, Trapujale, ustez hainbat ardi lapurtu eta jateagatik epaitu eta sutara kondenatzen dute. Mari Nazkane sorginak eta zirikuek esandako gezurra sinestuta hartzen dute erabakia herritarrek, baina Trapujale sutara bota ondotik, haren izpiritua agertu, eta lezoarrak barkatzen dituela dio kondairak. Haren gorpuarekin txerri jatea egiten dute bukaeran.
Gerra hasi arteko biltzea
Mairuen tradizioa errotuta zegoen Hondarribian 1936ko Espainiako Gerra hasi zen arte. Negua bukatzear zegoela baserriz baserri joaten ziren trapu zaharrak jantzita puska biltzen. 1992an Emeki emakumeen elkarteak tradizioa berreskuratzeari ekin zion, eta 2010ean geldialdi bat egin zuten arren, iaz heldu zioten berriz ere bertako ohiturari.
Francoren erregimenak iraun bitartean, Celestina Miranda baserritarrak debekuari aurre egitea erabaki zuen urteetan zehar. «Hemen Hondarribiko baserritar bat ateratzen zen, bera bakarrik», kontatu du Maria Jesus Berrotaran Emekiko kideak, «ez zuen hitzik egiten eta kortxoa berotuta aurpegia margotzen zuen, inork ezagutu ez zezan». Aurpegia belztu ondoren, arropa zaharrak jantzi eta baserriz baserri joaten zen eskean.
Gaur egun, ordea, Berrotaranek esandakoaren arabera, erratza pasatzen dute baserrien atarian mairuek, eta panderoa eta trikitixak lagunduta arin-arina dantzatzen dute. Baserritarrak kontent agertzen direla onartu du Berrotaranek. Era berean, Emekik tradizioari heldu izan ez balio, gaur egun existituko ez litzatekeela uste du.
Puska biltzea oso ohikoa izan da Euskal Herriko baserri giroko tradizioan. Hondarribiaz gain, Irunen ere ohiturari eusten jarraitzen diote bertako talde ezberdinek, ez soilik inauterietan, garai ezberdinetan baizik: Gabonetan, Agate Deuna bezperan… Hala azaldu du Mikel Button Kemen dantza taldeko kideak: «Irunen ere egiten zen, eta urteak dira inaute igandean ateratzen garela, gure kasuan, Olaberria auzoan baserriz baserri dantzan».
Giroa jartzen dute Kemenekoek, eta «pozgarria» da Buttonentzat jakitea «bertako baserritar eta biztanleak beti beso zabalik jasotzen gaituztela». Izan ere, data zehatz hauek iritsi ahala taldeen zain egon ohi direla baserritarrak adierazi du, «musika entzuten dutenean berehala ateratzen dira balkoira, beraz, uste dugu ez soilik guretzat, haientzat ere bai momentu berezia dela».
Ildo horretan, noizbehinka gazte belaunaldiek baserrietako lekukoa hartzen dutela ikusten duten arren, adineko pertsonak direla oro har haien zain daudenak aitortu du: «Batzuetan pena hartzen dugu urteetan dantzatu izandako jendea bat-batean faltan botatzen dugulako, jada ez daudelako han». Hala, pixkanaka eta tamalez, Irunen ere nekazaritza eta baserriko bizitza galduz doala nabaritzen dutela gaineratu du Buttonek.
Emekiko Berrotaranek esandakoaren kontra, euskal inauteria ez dagoela gainbeheran Irunen, «inondik inora», iritzi dio Buttonek. Kaldereroen konpartsa, inudeak eta artzainak, puska biltzea… Are gehiago, hemen bertan existitzen den tradizioarekin, inauteriek ez dutela zertan beste herrialdetako imitaziorik izan behar gaineratu du.
Lantz Irunen
Hamaika urte bete dira dagoeneko Kemen dantza taldeak Euskal Herri Inauteria Irunen antolatzeari ekin zionetik. Hainbat lekutako inauteriak landu dituzte denbora honetan, eta Lantzeko Inauteriarekin errepikatzea erabaki dute aurtengoan. 200dik gora dantzari, musikari eta senide elkartuko dira bihar eguerdian horretarako, eta haur zein heldu ugarik ere ikusle gisa parte hartzea espero dute. Lehen dantzak egin ondoren, Ziripot, Miel Otxin eta Zaldikoa Lantzeko pertsonaia mitikoen aurkezpena egingo dute.
Kalejiran aterako dira parte hartzaileak Irungo kaleetatik, eta Zabaltza plazan egingo dute lehen geldialdia. Miel Otxinen ihesaldiaren antzezpena egin ondoren, ordea, San Juan plazara abiatuko dira, «eta bertan ikusi ahal izango da jendeak gehien ezagutzen duen momentua: Miel Otxinen harrapaketa eta erretzea», zehaztu du Buttonek.
Miel Otxin eta Trapujale erreko dituzte, beraz, jai hauen bukaeran. Bigarrenaren kasuan, gainera, «bere tripatik ateratzen diren txorizoak» jango dituztela ohartarazi du Legorburuk.
Andaluzia izango da aurtengo inauterietako aitzakia Donibanen
Pasai Donibanek era berezian ospatzen ditu inauteriak urtero. Herritarrez gain, herria bera ere mozorrotu egiten da eta agertoki erraldoi bihurtzen da ostiral goizetik larunbat gauera arte. Aurtengo festa ospatzeko Andaluzia izan da aukeratutako aitzakia, eta horren barruan, Maria Telletxea sanjuandarrak azaldu duenez aurkitu ahal izango dira, besteak beste: erromeroaren ijitoak, Los Chunguitos, sevillanak, kordobesak…
Aiton Amonen Aterpeko kideek ekin zioten orain dela zortzi bat urte tankera honetako inauteriak antolatzeari. Titanic izan zen lehen urteko gaia, Indioak eta bakeroak bigarrena, Zirkua hirugarrena…
Hiru, bi, bat…
Gaur goizean ekingo diote Donibanen inauteriei. Jubilatuek irakurriko dute pregoia 11:00ak aldera. Telletxeak esan duenez, «jubilatuak hasten dira urtero, azkenean jai hau beraiena delako». Bihar, ordea, herri guztia animatuko da parte hartzera, desfileak herria zeharkatuko du goiz eta arratsaldez, dantza, musika, eta lagunarteko bazkariak uztartuz.
Geldialdiaren ondoren, parodiari helduko diote berriz ere gazteek
Herri Olinpiaden barruan antolatu ohi zuen Hondarribiko Gazte Asanbladak parodia. Inauterien bueltan egiten zuten. Orain, gaztetxeko kideek lekukoa hartu eta saio dibertigarri hau berreskuratzeko ahalegina egin dute, eta momentuz, espero zuten baino talde gutxiagok izena eman duten arren, gaur gauean parodia ikusteko aukera izango da Arma plazako karpan.
Bost taldek erakutsi dute oholtza gainera igotzeko prestutasuna, horien artean, Hitza-k jakin ahal izan duenez, azken parodian parte hartutako talde bat dago: Barrio Txinokoak. Bost minutu inguruko antzerkia, bakarrizketa edo performance bat antzeztu beharko dute jendaurrean, eta helburua bakarra izango da: barre egitea.
Giroa arratsalde osoz
Gaztetxeak 18:00etan irekiko ditu ateak jendeak parodia errepasatu edo tragoska batzuk har ditzan. Parodia, ofizialki, 21:00etan hasiko da, eta bi musika talderen emanaldiarekin uztartuko da. Ogitartekoak ere salduko dituzte.