'Glittering Misfits' filma, asteartean Niessenen
Iban del Campo zuzendariaren proiekzioa Ozzinemak martxoan aurkeztuko dituen hiru filmetako lehena da. 19:30ean hasiko da.
Ozzinema Zineklubak euskal artisten zinema erakusten jarraitzen du, eta oraingoan Iban del Campo zuzendariaren Glittering Misfits filma aurkeztuko du asteartean, martxoaren 3an, Niessen zinemetan 19:30ean. Ozzinemak martxoan proiektatuko duen hiru filmetako lehena da hau. Del Campok dokumental generotik bideratu duen filma mugimendu artistiko baten aldarrikapen filmatua da. Glittering Misfits Donostiako Zinemaldian estreinatutako proiekzioa da, eta Zinemira ataleko epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen. Kamera Estatu Batuetan barrena ibiliko da, askotan mainstream kulturak goresten duen amets amerikarraren bertsio kontserbadorearen aurkako borrokan inoiz amore eman ez duten artista talde bat protagonista dituelarik.
Glittering Misfits Iban del Campok New Yorkeko burlesque subkulturari buruz egin duen lanaren gailurra da. Ibilbide hori 2009an hasi zuen Dirty Martini film labur dokumentalarekin. Gerora, 2016. urtean, Tigger! filmarekin jarraitu zuen burlesque subkulturari buruz lanean. Aurreko bi filmak kontuan izanik eta haiei aipamena eginez, Glittering Misfits proiekzioan, Del Campok aurreko bi lanetan bereizitako bi figurak elkartu ditu: Dirty Martini eta Tigger!
Hogeita batgarren mendeko New Yorkeko underground eszena ezezagun eta iheskorrean murgiltzeko gonbita da Glittering Misfits. Iragan iskanbilatsu samarrak izan dituzten artistek New Yorken aurkitu dute zentzugabekeria eta sormenerako lekua. Beren amorru, sentsualitate, aniztasun eta sexualitate guztia burlesquen aurkitu dute arte adierazpenerako modu gisa.
Filmaren aurkezpenean eta ondorengo solasaldian Del Campo zuzendaria bera egongo da. Sarrerak eskuragarri daude Niessen Kulturgunean lau euroan.