Kalitate akustikoari buruzko eremu-planen inguruko bilerak egingo dituzte herritarrekin
Udalaren helburua da Errenteria-Oreretako kalitate akustikoa hobetzea eta herritarren parte hartzea sakontzea. Bilerak datorren ostegunean hasiko dira, 18:30ean Reina Aretoan.
Ohiturak eta bizimodua aldatuz doaz eta, hortaz, gizartea ere bai. Gaur egun lasaitasuna balore kultural bilakatu da, eta zarata akustikoarekiko dagoen pertzepzioa aldatu da. Hori dela eta, 2007an Espainiako Estatuan eta 2013an Euskal Autonomia Erkidegoan, zarata mapak eta kalitate akustikoko helburuen aplikazioa arautzen dituen legeriak sartu ziren indarrean. Indarrean dauden legeriak betetzeko helburuarekin, Errenteria Udalak zenbait dokumentu idatzi eta tramitatu ditu azken urteetan. 2017ko urtarrilean herriko Zarata Mapa onartu zen, eta 2018ko ekainean, berriz, Soinu-ingurua Hobetzeko Plana. Aipatutako plan horren ekintzen artean dago herriko eremuko planak idazteko zeregina, kalitate akustikoko helburuak betetzeko neurriak ezarri ahal izateko. Ekintza horiek Babes Bereziko Eremu Akustiko (BBEA) bezala ezagutzen dira.
Udalak martxan jarritako ekimen hau Jose Manuel Ferradas (Ingurumen zinegotzia) eta Eneko del Amok (Hirigintza zinegotzia) aurkeztu dute gaur goizean udaletxean. BBEA horietan eremu bat mugatzen da bertan identifikatzeko igorle akustikoen fokuak eta intzidentzia. Eremu bakoitzean plan bat egingo da aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak lortzeko. Horretarako, zortzi BBEA ezarri dira, antzeko jatorriko zarata-afekzioa duten auzoak biltzen dituena: Beraun/Pontika; Iztieta/Morrongilleta/Erdigunea; Gabierrota/Fanderia/Lartzabal/Markola; Olibet/Etxebarrieta; Kaputxinoak/Sorgintxulo/Don Bosco; Esnabide/Galtzaraborda; Gaztaño/Gaztañoberri; eta Sagardiburu/Anabitarte. Udalaren ustez, dokumentu hauek markatzen dute epe ertain eta laburrean burutu behar diren neurrien ibilbide-orria. Hori dela eta, garrantzitsuak dira herritarrek gai honen inguruan egin ditzaketen ekarpenak.
Errenteria-Oreretako kalitate akustikoa hobetzeko eta parte hartzea sakontzeko helburuarekin, udalak zenbait bilera antolatu ditu herritarrekin haien kezkak eta arazoak plazaratu ditzaten. Bilera hauek irekiak izango dira, eta asmoa da eragindako auzoetako biztanleak bertara hurbildu daitezen. Bilera guztiak 18:30ean izango dira, Reina Aretoan. Lehena martxoaren 5ean, osteguna, eta Gaztaño, Zamalbide, Beraun eta Pontikako biztanle eta auzo-elkarteei bideratua dago. Bigarrena, martxoaren 9an, astelehena, izango da, eta Agustinak, Erdialdea, Fanderia eta Lartzabalgo biztanle eta auzo-elkarteak daude deituak. Azkena, berriz, martxoaren 12an ospatuko da, osteguna, eta Galtzaraborda, Igantzi, Kaputxinoak, Iztieta, Olibet-Etxebarrieta eta Alabergako biztanle eta auzo-elkarteentzako dago pentsatua.
Bilera horietan jasoko dira aurrez aipatutako herritarren kezka eta arazoak. Biltzen diren ekarpenak kontuan hartuta izendatuko dira Errenteria-Oreretako Babes Bereziko Eremu Akustikoak. Udalak espero du bilera hauek balio ahal izatea kutsadura akustikoarekin sentsibilizatuta dauden herritarren artean akustika hobetzeko estrategia martxan jartzea eta herritarrek ekimenean parte hartzea.