'Egunean behin' jokorako taldea sortu dute Errenteria-Oreretan
Lau Haizetarak bultzatutako taldearen izena '700+euskaraz' da. Martxoaren 2tik 29ra arteko iraupena izango du taldeak hasiera batean.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak jakinarazi du Egunean behin jokorako taldea sortu nahi dutela Errenteria-Oreretan. Galdera-erantzun jokoa da Egunean behin, eta emandako erantzun zuzenen, eta horiek ematen irauten den araberako puntuazioa lortzen dute partaideek. Euskarazkoa da, eta gehienbat Euskal Herriko kultura orokorrarekin, eta abilidade jolasekin harremana duten galderak dira bertan erantzun behar direnak. Sakelako telefonoetako aplikazio baten bitartez jokatzen da.
Lau Haizetaratik jada taldea osatu dute, 700+euskaraz izenekoa (zazpiehun urte gehiagotan euskaraz). Hiribilduaren sorreraren 700. urteurrena eta euskara elkarbizitzaren erdian jartzea lotu nahi izan dituzte horrela. Talde jokoa martxoaren 2an hasiko da, eta 29an bukatu.
Jokoan parte hartzeko, erabiltzaileek Egunean behin aplikazioa jaitsi behar dute Google Play-tik edo App Store-tik, eta C3737B kodea sartu behar dute. Hortik aurrera, euskaraz taldean jokatzen gozatzeko aukera izango dute.
