Gure Bakarlariak: Errenteria In Blue kontzertua, igandean
Arkaitz Mendoza piano-jolea Errenteria-Oreretako bandarekin batera ariko da igandean, 19:00etan Fatimako elizan. Sarrera doakoa da.
Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) antolatua, Gure Bakarlariak zikloak Errenteria In Blue kontzertua dakar iganderako, martxoak 1, XX. mendeko konpositore europar eta estatubatuarrei zuzendua dagoena. Alain Aierdi zuzendariaren gidaritzapean, eta Errenteria-Oreretako bandaren laguntzarekin, Arkaitz Mendoza piano-jole eta zuzendari arrakastatsua izango da protagonista. Mendoza Bilboko Orkestra Sinfonikoko Pianista kolaboratzailea da, eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorio profesionalean piano irakaslea da.
Josu Mitxelenak, EMKEko presidenteak; Alain Aierdik, obrako zuzendariak; eta Arkaitz Mendozak, piano-jole eta zuzendariak aurkeztu zuten kontzertua atzo arratsaldean Niessen Kulturgunean eginiko agerraldian. Aurtengo zikloaren barruan, George Gershwin konpositore eta pianista estatubatuarraren Rhapsody in Blue izango da kontzertuaren obra nagusia. Hortik kontzertuaren izena: Gure Bakarlariak: Errenteria in Blue, Gershwinen obrari erreferentzia argia eginez.
Musika klasikoaren eta jazzaren artean amalgama perfektua egin izanagatik da ezaguna obra hau. Piano bakarlari eta musika bandaren laguntzarekin, Mendozak Gershwinen obra interpretatuko du, eta Rhapsody in Blue obraren barrena gidatuko ditu entzuleak. Kontzertuaren programari dagokionez, Gershwinen Rhapsody in Blue obraz gain, James Barnesen Synphonic Overture, Andre Waigneinen Three Movements eta Jacob de Haanen Ammerland obrak interpretatuko dira. Musika garaikide amerikarraren eta europarraren erritmoak eta harmoniak uztartuko ditu igandeko saioak.
EMKEk musika zale guztiak animatu nahi ditu igandeko kontzertura, Errenteria-Oreretako bandarekin batera Arkaitz Mendoza pianistaz gozatzera. Gure Bakarlariak: Errenteria In Blue Fatimako elizan izango da, 19:00etan. Sarrera doan da.