Kromoak Touringetik, Errenteriarentzat
Lehen eta Bigarren mailez harago, futbol apalean badirelako jokalari trebeak, Touring Kirol Elkarteak kromo bilduma propioa argitaratu du. 400 jokalari eta entrenatzaile baino gehiago bildu dituzte.
Jokalariak herritarrengana hurbiltzeko asmoz ekintza berezi zein polita abiatu du Touring Kirol Elkarteak. Kromo bilduma propioa argitaratu du taldeak. Panini argitaletxeak egi-ten zituen kromoen gisara, Touringek 400 jokalari eta entrenatzaile baino gehiago bildu ditu bakoitzaren kromo pertsonala egiteko. Maila guztietako hemezortzi talde federatuek hartu dute parte, baita kirol eskolako gaztetxo ugarik ere, eta nola ez, parekidetasuna zainduz.
Sasoi berriarekin batera erabaki zuten Touringeko kideek kromo bilduma egitea, ekintza bitxia eta erakargarria izango zelakoan. Ideiaren jatorria, ordea, Errenteriatik urrun dagoela dio Mikel Azkune Touringeko komunikazio, marketin eta sozializazio saileko kideak, «Galiziako enpresa bat jarri zen gurekin harremanetan, kromo bilduma bategiteko aukera eskainiz. Gurea bezalako talde txiki batentzat ekintza ezohikoa zen, eta aurrera egitea erabaki genuen». Talde apala da Touring, eta zailtasunak igaro izan ditu, baina Gipuzkoako talde gehienetan ez bezala, haien jokalariak kromoetan agertzen dira.
Futbol talde xumea izanagatik ere, ez da pentsatu behar edonolako kromoak egin dituztenik, kartoi batzuk plastifikatuz. Lan mardula dago proiektuaren atzean, eta sortutakoa, kalitatezko produktua dela azaldu du Azkunek, «uste genuena baino luzeago jo duen arren, oso pozik gaude emaitzarekin. Profesionala da». Kromoak 3-4 hilabeteko lanaren ondorio dira,gauzak ongi egin dituztelako Touringekoek. Argazkiak egiteko Kantabriako argazkilari bat etorri da astelehenero, betiere eguraldia eta argitasuna lagun bazituzten. Jokalari guztiei hainbat argazki egin zaizkie banan-banan. Ehunka lagun koordinatu behar izan dituzte eta horren ondorioz, bildumaren publikazio data atzeratu behar izan zuten, «Eguberrietan argitaratu nahi izan genuen,baina ez zen posible izan», azaldu du Azkunek.
Jokalariek dagoeneko jaso dituzte haien bilduma pertsonalizatuak, zeinetan haien irudiak agertzen diren azalean. Gainontzeko herritarrek, hainbat salmenta puntutan topatuko dituzte: Fanderia futbol zelaiko kantinan; Maryan liburu dendan; Luismi eta Alameda kioskoetan; Mira Que Txutxes gozoki dendan; eta Amatxi okindegian.
Konpromisoa
Egitasmoaren bitartez, iraganari keinu bat egin diote, duela ez hainbeste kromoak funtsezko denbora-pasa baitziren ikasturteen hasieran. Dena den, bilduma honek badu oinarri sozial batere; Touringek herriarekiko eta euskarekiko duen konpromisoa argi eta garbi adierazi nahi du.
Herriko elkarte gisa, taldearen lana gizarteratzea da Touringen helburu nagusietako bat. «Fanderiaren atzean dagoen lana» erakutsi nahi dute, errenteriarrek gertuago senti dezaten taldea. Zentzu horretan, bildumarena Touringek herriarekin harremanak estutze aldera egin duen beste urratsetako baino ez da. «Urteroko bazkaria, jatetxe batean ez, kalean egiten dugu, Koldo Mitxelena ikastetxearen patioan, jendeak ikus gaitzan. Argazki erraldoia ere Herriko Plazan egiten dugu, ez Fanderian. Touring herrira hurbildu nahi dugu gure baloreen berri izan dezaten», adierazi du komunikazio saileko kideak. Futbol talde bat baino askoz ere gehiago izan nahi du Touringek, Errenteriako eragile sozial garrantzitsu bat, alegia.
Bildumak emandako aukera euskararekiko duten konpromisoa berresteko ere baliatu dutela dio Azkunek, «euskara lehenestea gure ardatzetako bat da». Bilduma euskara hutsean egin da, ataria izan ezik. Taldeko arduradunek argi dute elkarteek eragin handia dutela hizkuntza ohituretan, bereziki gazteen artean. Hori dela eta, iraganean ez bezala, arduratsu jokatzeko erabakia hartu dute. Zuzendaritzak berak jarrera eredugarria du, adierazpen eta ekintza asko dagoeneko euskara hutsean izaten dira eta elebitan badira ere, euskara lehenesten dute beti.
Entrenatzaileei dagokienez,«zailagoa da» egun batetik besterako aldaketa egitea, baina taldean entrenatzen duen oro euskalduna izatea da xedea. Jarrera ekintzailea da zuzendaritzatik hartu dutena, jokalariek nekez jokatuko baitute euskaraz, kudeaketa gaztelaniaz egiten bada.
Ustekabeko hazkundea
«Denbora tarte labur batean guk uste genuena baino urrats handiagoak eman ditugu», nabarmendu du Azkunek. Zuzendaritza berriak taldea hartu zuenean Touring desagertzeko zorian zegoen. Gaur egun, ordea, haztenari dira, behetik gora eta gauzak zuzen egiten, izan ere, kirol arloan, ongi ala gaizki, baina «beti legearen barruan» aritzen dira.
Ongi egindako lan horrek dagoeneko emaitzak izan ditu; harrobia hazten ari da, geroz eta parekidetasun handiagoa dago, eta kirol emaitzek ere hobera egin dute. Hori gutxi balitz, Fanderiara joaten diren zaleen kopuruak ere gora egin du. Zintzo jokatzeak baditu ondorioak.