Oarsoaldeko museoak bisitatzeko abantaila berriak
Museoak ezagutarazteko neurria da. Bateko sarrera ordainduz gero, beste bosteko sarreretan prezio murriztua izateko aukera dago.
Arditurri meategia Museoak gustuko dituztenak zorioneko daude. Oarsoaldeko museo bat bisitatuz gero, 2020 urtean zehar eskualdeko museoak prezio murriztuan bisitatzeko aukera dago. Bere garaian Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez abian jarri zen eskualdeko museoen mahaiak jarri du martxan berriz ere egitasmo hau, agentziarekin batera.
Museotako abantailez gozatzeko, eskuorri bat argitaratu du Oarsoaldea Garapen Agentziaren Turismo Sailak. Eskuorri hori museoetan erakutsi behar da abantailak lortu ahal izateko. Lehen museorako sarrera arrunta ordainduko da eta, hortik aurrera, urte osoan zehar deskontuak lortuko dira museoetan eskuorria erakutsita. Eskuorri hori eskualdeko turismo bulegoetan eta museoetan eskura daiteke, doan.
Sei dira bisita daitezkeen museoak: Oiartzungo Arditurri meategia, Luberri geologia museoa eta Soinuenea herri musikaren txokoa; Errenteria-Oreretako Jantziaren Zentroa; eta Pasaiako Albaola itsas kultur faktoria eta Mater ontzi museo ekoaktiboa.
