Gutxieneko batzuk baino ez
Duela bi aste gazte batek harmailaren kontra hartutako kolpeak Trintxer futbol zelaiaren egoeraren inguruko kezka eragin du. Bertako taldeek segurtasuna kolokan dagoela salatu dute.
Larunbat goiza arrunta izan behar zuena, ezbehar bihurtu zen duela bi aste Trintxer futbol zelaian. Hilaren 22an Trintxerpe Kirol Elkarteko kadeteen taldeko gazte batek, jokoan ematen diren lehia horietako baten ondorioz, lurrera erori eta burua zelaiaren bazter batean dagoen hormigoizko harmailaren aurka kolpatu zuen. Altxatzeko saiakeran jokalari gazteak konortea galdu zuen. Tentsio handiko unea izan zen; ikusleak isilik eta senideak,nola ez, kezkatuta. Isiltasunak harridurara jo zuen, anbulantzia ezin sartu zebilela ikustean, kimatu gabeko zuhaitz batzuk ateari estropezu egiten ziotelako.
Zorionez, atea ireki ahal izan zuten eta ohiko probak eginda,etxera bidali zuten, oinaze larririk gabe. Hurrengo egunerako kalean zen berriz ere jokalari gaztea. Susto galanta baino ez zen izan, baina ezinegona sortu du Trintxerpe Kirol Elkartean, «Sustoa ordez ezbehar larria izan balitz, zer? Segurtasuna bermatu behar da», adierazi du Eduardo Gonzalezek, Trintxerpe Kirol Elkarteko presidenteak. Oraindik urduritasuna nabari zaio aurpegian Gonzalezi kolpeari buruz hitz egiterakoan, eta ez da gutxiagorako, Trintxerren jokatzen duten 300 jokalari baino gehiagoren ongizatearen erantzule baita. Trintxerren gabeziei irtenbide bat emateko eskariak ez dira berriak, baina duela bi asteko gertakaria abisu seriotzat hartu dute eta segurtasun neurriak lehenbailehen hartzea exijitu dute, «badakigu zein den gure tokia eta nolako taldea den Trintxerpe. Ez dugu luxurik eskatzen, futbolean jokatu ahal izateko gutxieneko baldintzak baino ez ditugu nahi», esan du Gonzalezek.
Harmaila eta burndinez egindako hesiak arriskutsuak izan daitezke Trintxerren
Trintxer futbol zelaiaren kudeaketa eta ohiko mantenua klubarena da, baina jabetza Pasaiako Udalarena da, eta ondorioz, haiek dute zelaiaren egituran aldaketak eta konponketak egiteko eskuduntza. Presidentearen arabera, Trintxerpek «harreman ona du eta izaten jarraitu nahi du udalarekin», baina segurtasuna kolokan egon litekeela ikusita, egoerari konponbidea emateko konpromisoa nahi dute, «zelaia udalarena da».
Gabeziak, nahi adina
Herria eta kluba bera bezala, zelai apala da Trintxer, baina puntu honetara iritsita, baldintza horiek jokoaren bideragarritasuna kolokan jartzen dute lehendakariaren iritziz, «nire ustez baldintza hauetan jokatzea arriskutsua izan daiteke. Badakit gure zelaia dela, baina hori da errealitatea». Sanpedrotarra Futbol Elkartearekin izandako tira-bira batzuk zirela medio, Trintxer zelaia kudeatzeari utzi zion Trintxerpek tarte batez iazko irailera arte. Denboraldiaren hasierarekin batera, taldeko arduradunek zelaiko gabezia eta matxuren zerrenda bat egin zuten eta udalari igorri zioten.Eduardo Gonzalezek aitortu du, listan ez zituztela jarri hormigoizko harmaila eta hesia, une hartan ez baitzuten arriskua ikusi. Hala ere, gaur-gaurkoz haien aldarrikapen nagusia, tarte hura seguru egitea da. Zelaiaren estutasuna dela eta, Trintxerren dagoen harmaila bakarra, alboko marratik oso gertu dago, eta jokalariek erraz jo dezakete.
Ekialde eta hegoalderantz jotzen duten bazterrak ez daude hobeto. Garai batez, Pasaiako Trintxer Hockey taldeak ere zelaian jokatzen zuen. Pilotak galdu ez zitezen, burdinez egindako makil finez osatutako hesiak jarri behar izan zituzten. Gaur egun Trintxer Hockey ez da zelaiaren erabiltzaile, baina hesiek hor jarraitzen dute. Erabilerak eta kolpeek txikituta utzi dituzte hesi horiek zenbait puntutan. Futbol zazpirako erabiltzen den ateetako baten atzean, atezainetik metro bakar batera, burdin zatiak ageri dira. Aulkiak ere zelaiko elementu arriskutsuen artean kokatu ditu Gonzalezek, «metalezkoak dira eta marratik 70 zentimetro eskasera daude, gazte batek hankarekin jotzen badu,txikitu dezake».
Trintxerpe KEk kudeatzen du zelaia,jabea, ordea, Pasaiako Udala da
Gabezia horiei ematen diete erabateko lehentasuna, baina zerrenda luzeagoa da. Zenbait zuhaitzen adarrek hesiak gainditu dituzte eta zelaiaren zati batean sartu dira. Gazteak izandako kolpearen harira, soilik ateari estropezu egiten zieten adarrak kimatu zituzten, baina gainontzekoek hazten jarraitzen dute. Belar sintetikoa, arriskutsu izan daitekeen beste arazoetako bat da. Nahiko berria eta egokia da baina hura ipintzean, hondarra zuen belar zaharra ez zuten kendu. Euria egiten duenean hondar hori mugitzen da zati batean, lurra desegonkortuz eta zuloak sortuz. «Bolloz beteta» dago belarra. Alde horretan daude gainera, aulkiak eta aipatutako hesiak. Orain arte ez dute kalte larririk eragin, baina jokalari batek orkatila bihurri dezake bertan. Jokoari ere eragiten dio belarraren egoerak, entrenamenduetan zein partidetan taldeek ezin baitute haien futbola guztiz garatu. Argiek ere futbolari oztopoak jartzen dizkiote Trintxerren. Zaharkituta daude eta ohikoa da batzuk itzaltzea.
Hazkundeari muga
Gabezia horiek guztiek taldearen hazkundeari mugak jartzen dizkiote zuzendaritzaren aburuz, zelaiak ez baititu futbolean modu egoki batean entrenatzeko baliabideak eskaintzen, «argi dugu zein den gure errealitatea; auzoko gazteei futbolean jokatzeko aukera ematen dien talde apala baino ez gara. Gure errealitate apala, baina, baldintza egokietan egotea nahi dugu», salatu du presidenteak.
Trintxer futbol zelaiaren egungo egoera, inguruko beste talde batzuetara joateko arrazoi izan daitekeela uste du Gonzalezek, «jokalari batek beste talde batera jo dezake, sinpleki gu baino zelai hobeagoa dutelako. Badakit adierazpen hauek nire aurka egitea dela, baina nahiago dut hau publikoki salatzea, gazte batek min hartzea baino, nik ez dudalako ezer egin». Kirol elkartean oso argi dute udala eta bertako teknikariak bidelagun izanbehar dituztela eta ez aurkari. Jakitun dira Pasaiaren izaera bereziaz eta baliabideak eskasak direla. Testuinguru horretan, fede onez aritzen direla dio, «harmailetan apurtuta zegoen estolda bat konpondu berri dute». Baina egoera kritikoa delakoan, neurriak hartzeko konpromisoa eskatzen dute.
Trintxerren konponketak egiten badira, elkarlanean izan beharko direla dio Gonzalezek, «aldaketak egiteari ekin baino lehen gurekin hitz egitea eskatzen diegu, azken finean gu gara zelaiaren kudeatzaile eta erabiltzaile nagusia». Pasaiako Udalarekin harremanetan dira eta aurreko asteartean hainbat ordezkari bertan izan ziren gabeziak lehen eskutik ezagutzeko. Zelai txiki bezain apala da Trintxer, baina ezinbestekoa bertan jokatzen duten taldeentzat. Merezi dituzte gutxieneko batzuk.
«Galdera da nola ez den ezer gertatu orain arte Trintxerren»
HITZAk Bixen Zinkunegi Sanpedrotarra FEko Gazte Mailako taldearen entrenatzailea elkarrizketatu du, Trintxerrez egoeraz galdegiteko.
Zein da Trintxer futbol zelaiaren egoera zure iritziz?
Askoz hobea izan liteke zalantzarik gabe, bai segurtasun aldetik baita baliabideei dagokienez ere.
Zuen iritziz, zeintzuk dira ze-laiaren gabezia nagusiak?
Argitasuna oso gaizki dago, bost fokudun lau argi-dorre daude Trintxerren, baina azkenaldian dorre bakoitzeko bi fokurekin ari gara entrenatzen besterik ez, eta aurreko astean dorre bakar batekin aritu behar izan ginen. Ez dakigu argiak apurtuta dauden ala kudeaketaren ondorio den, baina horixe da egoera.
Horrekin batera hormigoizko harmaila eta hesiarena premiazko arazoa iruditzen zaigu, arriskutsua izan daitekeelako, are gehiago, zelai gehienetan kentzen ari dira horrelakoak. Zentzugabekoa da gainera; berez jendea zelaian sar ez dadin jarri zituzten, baina zaleek badakite hori.
Trintxerren jokatzea arriskutsua izan daiteke?
Nire ustez galdera egokia da, nola ez den ezer gertatu orain arte. Zelaiaren egoera ikusita, zorionez, istripu gutxi gertatu direla esan daiteke. Bereziki larria da ere belarraren egoera banda batean, eta bertako aulkien gertutasun eta gogortasuna. Edonor zauri daiteke.
Hemen jokatzen dugu eta hemen jokatzen jarraitzeko asmoa dugu, baina bada garaia presioa egiteko eta behar den dirua jartzeko segurtasuna bermatze aldera. Udalak diru asko zuzentzen du egun gutxi batzuk irauten duten jaialdietara. Hemen, ordea, inbertsioak falta dira eta zelaia egunero erabiltzen da. Ez nago jaialdien aurka, baina lehenik eta behin herritarren ongizatera begira dezatela.
Zuek zelaiaren kudeatzaileak zarete besterik ez. Nori zuzendu behar dizkiozue zuen eskaerak?
Mantenu eta ordutegiekin zerikusia duten gaiak badira, Trintxerpe Kirol Elkarteko arduradunengana, haiek baitira kudeatzaileak. Bestelako gaientzako ala kudeaketari lotutako kexak baditugu, Kirol teknikariarengana jo behar dugu, eta egia esan, harekin gehiago kostatzen zaigu; bere atzetik ibili behar dugula dirudi. Batzuetan ahaztuta sentitzen gara.
Pasaiako ordezkari politikoak harremanetan dira kirol elkartearekin
Trintxer futbol zelaiaren afera Pasaia Udalera iritsi da dagoeneko. Jokalari batek hartutako kolpearen harira, zelaiaren gabezien berri ote zuten galdegin zion udal gobernuari EH Bilduko zinegotzi Iraitz Pazosek otsaileko osoko bilkuran. Lore Suarez kirol zinegotziak erantzun zuen: «Trintxerpe Kirol Elkarteak zelaian topatutako gabezien zerrenda bat helarazi zigun, baina horien artean ez zegoen hormigoizko harmaila. Gainera, ez zuten jokatzeko bideragarritasuna kolokan jarri».
Zenbait politikari dagoeneko Trintxerren izan dira klubaren ordezkariekin hitz egiteko. Lore Suarez bera bertan izan zen, Jorge Aguayo zinegotziarekin eta Zerbitzu zein Kirol teknikariekin. Konponketa txikiei bide eman diete. Harmailarena aztertzen ari dira, eta zailtasun handienak belarrean atzematen dituzte, gutxienez denboraldia bukatu arte. Egungo belar sintetikoa, EH Bilduko Migel Mari Torrea kirol zinegotzi zela jarri zen. Bera ere Iraitz Pazosekin batera Trintxerren izan da klubaren iritzia jasotzeko.