"Atea ez dago erabat itxita"
Filosofia irakasle eta idazle errenteriarrak gaurkotasunezko gaiak landu ditu 'Gogoeta bide irekiak' lanean. Kritiko azaldu da hainbat gairekin.
Duela aste gutxi argitaratu zenuen Gogoeta bide irekiak liburu berria, nolakoa izan da lehen irakurleen erantzuna?
Ez dago ondo nik esatea, baina oraingoz jaso ditudan erantzunak onak izan dira. Ikasle ohi eta lankideek bidali dizkidate eta onuragarriak izan dira guztiak. Gainera, iruditzen zait guztiek ulertu dutela proiektua zein izan den, hain zuzen, giroan dauden gai batzuen inguruan gogoeta filosofikoa egitea, eta aurrerapauso batzuk ematea. Gero, norberak jarrai dezala auziak bere erara garatzen, nik neuk barne.
Horregatik da liburuaren izenburua Gogoeta bide irekiak?
Bai, zentzu batean bai. Dena den, badago egitura orokor bat gai guztietan errepikatzen dena. Bide okerrak edo muturreko jarrerak baztertuz, erdibide bat topatzen ahalegintzen naiz. Erdibide horretan espazio zabal bat uzten dut, nahiko irekita, eta behar denean nire zalantzak agertzen ditut. Beraz, neurri batean aurrerapausoak badaude bereizten ditudalako bide txarrak eta onak, baina funtsean, arazoek irekita jarraitzen dute. Bestalde, gai zerrendari dagokionez ere irekita dago lana. Izan ere, apurka-apurka sortu den lana izan da. Leku eta garai ezberdinetan gaiak jorratuz joan naiz eta materiala pilatu dut. Guztia biltzean, loturak ikusi ditut gaien artean, eta hori oso garrantzitsua izan da niretzat, saretxo bat sortu delako. Gai batzuk azken momentuan kendu ditut, neuzkan ikuspuntuak ahulegiak zirela iruditu zaidalako, baina horiek etorkizunerako utzi ditut.
Kontuan hartuta filosofia elkarrizketa bidez egiten dela, jasotzen dituzun erantzunen artean kritika ugari jasotzen al dituzu?
Orain arte, esan bezala, adostasun mezuak jaso ditut. Baina uste dut desadostasunak egongo direla, kontuan hartuta nire posizionamendua gai askoren aurrean ez dela indarrean dagoen jarrera, nahiko garbi daukat. Beraz, espero dut oraindik kontrako edo jarrera kritikoagoa entzungo dudala. Dena dela, ez naiz gai neurtzeko liburu honek izango duen oihartzuna nolakoa izango den. Gerta liteke inork ez irakurtzea, ez dut baztertzen, zer edo zer badakit euskaraz eta filosofiaz diharduten liburuez, eta oihartzuna mugatua da. Esate baterako, kapitulu bat badaukat erlijioa eta hezkuntza sistemari buruzkoa. Aldarrikatzaileena da agian, laikoa den iritzia azaltzen dudalako eta iritzi horren harira beste lan batzuetan jaso ditut kritika batzuk, baina denak dira ongi etorriak.
EHUko filosofia irakaslea zara, ikasleen iritzi eta gogoetek nolako eragina dute zuregan?
Oso handia. Liburuaren sorreran ikasleek berebiziko garrantzia izan dute, ez da erretorika hutsa, benetan diot. Ikasleei esker sortu da testu hau. Batetik, lehen mailan ematen dudan ikasgai bategatik, aukera ematen didalako esparru zabal batean aritzeko eta bertan gizartean oso bizirik dauden gaiak jorratzeko; bide batez, ikasleen ahotsa entzuteko aukera bikaina da. Bestetik, laugarren mailan zuzendutako gradu amaierako lanetan ikaragarri ikasi dut. Liburu honetan bereziki aipatzen ditut ikasle batzuk, izan ere, haien eragina nire pentsamenduan zalantzarik gabekoa da. Aipatzen dut umoreari dagokionean Maddi Nazabal, egia-osteari dagokionean Irati Zubia, arteari dagokionean Beñat Sarasola, Garazi Jimenez… Niretzat leiho beri bat irekitzearen modukoa izan da, oso ederra. Filosofo handiak aipatzen ditut, baina, funtsean, ikasleen ekarpena haiena bezainbestekoa izan da. Oso emankorrak diren harreman intelektualak sortu dira gure artean.
Gaurkotasun handia duten gaiak landu dituzu liburuan, hala nola, artearen eta umorearen muga etikoak, adierazpen askatasuna, animaliak, egia, feminismoa, hezkuntza, erlijioa… Zerk amorratzen zaitu gehien gai hauen inguruan hitz egiten denean?
Abiadurak. Auzi hauek oso konplexuak dira eta sarri tertulietan eta gisa horretako lekuetan egoten dira, non presio bat dagoen azkar erantzuteko, bat-batean. Agian horregatik ez da entzuten filosofiaren ahotsa esparru horietan, ez delako egokitzen formatu horretara. Uste dut egon beharko lukeela, eta horrek kezkatzen nau. Arazo handiak daude, adar asko dituztenak, eta asko landu gabeak. Hortaz, ezin dira esan askotan esaten diren orokortasun batzuk, kontuz ibili beharra dago. Polikiago pentsatu behar da eta koherentea izan. Bisturi batekin aritu behar da kontzeptuak argitzen, bereizketak egiten, zorrotz, ebazpenerako bideak mahai gainean jartzen. Auzi filosofikoak oso transbertsalak dira eta sarritan modu naturalean sortzen dira, baina oso dimentsio sofistikatua ere badute, eta horretan aritzeak jostun lan motel eta lasaia eskatzen du. Hori izan da nire saiakera.
«Liburuaren sorreran ikasleek berebiziko garrantzia izan dute»
Liburua hasten da Wollstonecraft-en aipu deigarri batekin. Zer adierazi nahi izan duzu horren bidez?
Mary Wollstonecraft emakume filosofoa da, eta zoritxarrez, oso berandu deskubritu dut nire ibilbidean. Pasarte horretan, nolabait, garrasi egiten du. Dioenez, pentsalari batzuk uste dute arazo filosofikoen helmugara edo ebazpen absolutura iritsi direla. Beste batzuk, berriz, nostalgiaz begiratzen diote iraganari… Aitzitik, berak esaten duena da dena dagoela egiteko, gauzak birpentsatu behar ditugula, agian etorkizunean egongo garela egoera hobe batean, baina, bitartean lan asko dagoela egiteko. Itxaropenerako deia da. Bestalde, nire aldetik, kritika bat ere bada iraganeko pentsalariei egindakoa, besteak beste, emakumea bazterrean uzteagatik. Esaterako, nik ez nuen karrera osoan emakume baten izena entzun, eta orain lehen mailako nire ikasgaian, derrigorrez irakurri behar dira emakume filosofoek idatzitako testu batzuk. Feminismoaren ekarpena ezinbestekoa izan da nire pentsamenduan, berandu ezagutu ditudan arren, aldaketa sakonak eragin dizkidate.
Galderarekin jarraituz, zein gogoeta bide da zuretzat, gaur egun, erakargarriena eta beharrezkoena?
Balio etiko-politikoen auzia zentrala da. Hezkuntza sisteman serio hartu behar den gaia da. Gai askorekin lotuta dago, teknologia, mugikortasuna, mundu globala, multikulturalismoa… Hori guztia jorratu behar da eta su motelean egin behar den lanketa bat da. Arazo larriak dauzkagu eta ez dut ikusten kezka handirik, agian oraindik txikiegiak direlako, baina gero eta konplexuagoak izango dira, eta inprobisatuz ezin da egin aurre.
«Bisturi batekin aritu behar da kontzeptuak argitzen, bereizketak egiten, zorrotz»
Hortaz, aldaketa garaiak datoz?
Egungo joerak ez dira onak eta nahiko ezkorra naiz ikuspuntu politiko batetik. Martxan dauden prozesu kaltegarri batzuk ikusten ditut, eta liburuan, prozesu horiek balaztatzeko gako batzuk ematen saiatu naiz. Gizartean, ordea, kontrakoa egiten da. Ez da egiten gogoetarik, muturreko jarrera gogorrak nagusitzen dira, aldaketa klimatikoari ez zaio kasurik egiten, egia-ostea zabaltzen ari da, kazetaritzak noranzko okerra hartu du… Iruditzen zait egiarekin derrigorrez uztartu behar duten eremuak daudela, hala nola, unibertsitatea, justizia, zientzia, kazetaritza… Bestalde, hezkuntzan nagusitzen ari dira balio enpresarialak, merkatu balioak, eta inportanteak izan daitezke, baina, betiere, balio humanista batzuekin uztartzen badira. Ezin dira balio humanitario batzuk zapaldu, balio sistematiko batzugatik. Kapitalismoa basatia da benetan, eta balioak modulatu egin behar dira. Nik beste argazki bat proposatzen dut liburuan, non elkarrizketa dagoen, bestearen ezagutza. Zientziak kasu egin behar die humanitateei eta alderantziz, sinesten dut osagarriak direla, ez etsaiak.
Liburuari Gogoeta bide irekiak izena jarri diozu, baina, lortu al duzu bide horietako baten bat ixtea?
Ez, nahiko seguru nago ez naizela iritsiko helmugara. Hala ere, bidea egin behar da, gizartearentzat garrantzitsua da. Biderik itxi ez dudan arren, egia da gai batzuetan aukera asko baztertu ditudala eta geratzen den eremua nahiko estua dela. Agian, urte batzuetara beste iritzi bat izango dut, izan ere, sare antzeko bat dago hor, eta zonalde batean aldaketak eginez gero, agian horrek eragina izango du sareko beste puntu batzuetan. Beraz, atea ez dago behin betiko itxita.
Orduan, filosofian ez dago betiko auzietatik irteterik?
Aurrerakuntza txiki bat badago, pauso batzuk ematen dira gai batzuetan, baina, gai hauek gizartea aldatzen den neurrian berriro pizten dira. Hori etengabean gertatzen da. Platonek justiziari buruz esan zuena baliagarria da egun, baina Platonen gizartea eta gaur egungoa oso bestelakoak dira. Beraz, etengabe egokitu beharra dago egoera berrira. Joera dut pentsatzeko filosofiako galderak betiko direla, baina ez errepikapen huts baten gisan, errepikapen emankor baten gisan baizik.
«Ezin dira balio humanitarioak zapaldu, balio sistematikoengatik»
Aurkitzen zailak diren gaiak hautatu dituzu. Zertan gozatzen duzu gehiago, tesi sendo bat lortzean edota, tesi horren bila egiten duzun bidean?
Esango nuke bidean. Halere, tarteka, inpresioa duzu bide txarra alde batera utzi duzula edo esparru berri bat aurkitu duzula, edo zenituen iritzi batzuk nahiko inozoak zirela eta argi batzuk ikusten dituzu; halako aurkikuntzek poza ematen dute. Ilunpean agertzen den argi bat izaten da, helduleku bat sortzen da, helduleku konplexu bat. Konplexua ez sakontasunagatik, baizik eta ertz askotakoak direlako, ia ezer ez delako segurua. Hori da filosofiaren konplexutasun eta izaera berezia.
Gai malguak eta subjektiboak izanik, esango zenuke posizio garbi batetatik idatzi duzula?
Koherentea izaten saiatzen naiz. Horregatik, gai batean defendatzen badituzu ideia batzuk, agian ideia horiek eragina izango dute beste gai batzuetan, eta ideia horiei eutsi behar diezu. Oreka bat lortu behar da, eta horrek posizionamendua ekartzen du nahitaez. Aldiz, egon daitezke inkoherentziak nire liburuan, baina etorkizunean, ikusi eta aldatu egin beharko ditut. Ideiak zorroztu eta orekatua dagoen sare sendo bat lortu, hurrengora arte; hori da metodologia.
Liburu batzuk argitaratu dituzu jada gai filosofikoen inguruan; zerk bereizten du, ordea, liburu hau gainontzekoetatik?
Metodologikoki ezberdina izan da. Beste testu batzuetan gai bakarra neukan buruan, testuaren erreferentzia eta enborra zena. Hemen ez, hemen bakoitzak bere bizia izan du, ibilbide propioa izan du, eta ondoren, denak lotzen saiatu naiz. Batasun bat lortu nahi izan dut gaien artean. Terminologia aldetik, esaterako, lortu dut aurrerapauso bat eta sarea trinkotu dut, hori intelektualki, garaipentxo bat da niretzat. Gainera, beste liburuak baino polemikoagoa da.
Zein izan da liburuarekin lortu nahi izan duzun helburua?
Auzi hauetan filosofiaren ahotsa sartzea. Zientziak, kazetaritzak, artistek, erlijiosoek… badute ahotsa, baina, kontuan izanik auzien sustraiak, filosofiak zeresan handia du. Filosofiaren ahotsa erantsi nahi izan diot ahots-kate horri. Buruan nituen ideia batzuk ekarri ditut arazo zehatzago batzuetara. Neurri batean ahalegindu naiz auziak eguneratzen, gizarteratzen. Lan handia egin dut, halaber, estiloa xamurtzen, ulerkor egiten. Liburu hau ez da bakarrik filosofian aritzen direnentzat, gai hauen gainean kezka filosofiko bat duen ororentzat da. Azken urteetan egin dudan ahalegina da. Ibilbide akademikoa badaukat, teknikoagoa, baina iruditzen zitzaidan, batzuetan, leku abstraktuegi batean nintzela. Honenbestez, orain itzulerako bidea egin nahi izan dut, gizartean dauden arazoetan murgilduz.
«Ezin ditugu utzi auzi konplexu hauek ahots partzialen eskuetan»
Zein mezu bidali nahi diozu irakurleari?
Menu zabala dauka. Irakur dezake atal bat eta beste bat ez, interesaren arabera. Horrek jokoa ematen du, izaera berezi horrek. Gustuko izan behar duzu ikuspuntu filosofikoa, noski, oso orokorra eta transbertsala dena, hala bada, testuan aurkituko duzu interesa.
Zergatik esango zenuke dela garrantzitsua filosofia gaur egungo gizartean?
Ezin ditugulako utzi auzi konplexu hauek ahots partzialen eskuetan. Behar da ahots partzialekin batera, eremu osoa zelatatzen duen ahotsa, transbertsala. Ikuspuntu hori, gai dena artistari eta zientzialariari begiratzeko, biei batera. Puzzlea osatzeko figura hori behar da, agian, sakoneran galtzen du besteekin alderatuta, baina badu gaitasun hori gai guztiak lotzen dituena. Filosofiak eratzen du diskurtso transbertsal bat gai zehatzen inguruan. Horrela ulertzen dut gizartea, biologia, kimika, antropologia, heziketa-fisikoa, artea… Garrantzitsuak dira, baina filosofia ere bai. Diziplina horiek ez dira borroka gisa iridikatu behar, osagarriak dira eta filosofiak sortzen du osagarritasun hori benetan.