Zaurgarrienak babesteko sarea martxan Errenterian
Zaintzen sare komunitarioak oinarrizko beharrekin lagunduko die herritar zaurgarrienei. Telefono deiak egingo dizkie udalak bestalde, 70 urtetik gorako bizilagunei zer moduz dauden galdetu eta beharren bat duten jakiteko. Zaintza kolektibo arduratsua du helburu udalak.
Zaintzen Sare Komunitarioa martxan jarri du Errenteriako Udalak, Euskal Herriko beste udalerri askotan dagoeneko egin duten bezala. Helburua egoera zaurgarrienean daudenak bakarrik ez uztea, eta izan ditzaketen oinarrizko beharrak ahal den neurrian asetzea. Hala, boluntarioekin osatutako sare horrek, etxetik atera ezin dutenei erosketak egin, eta botikak erosiko dizkiete eta etxera hurbildu, beti ere, koronabirusa ez kutsatzeko prebentzio neurriak zorrotz beteta.
Oinarrizko horiek gerturatzeaz gain, martxan jarri duen sarearen bidez Errenteria-Oreretan bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako bizilagun guztiei telefonoz deituko diete, beren egoeraren berri izan, eta beharren bat duten jakiteko. Eñaut Gracia zinegotziak sare sozialen bidez zabaldu dituen datuen arabera, Errenteria-Oreretako biztanleen artetik, 7.300 bizilagunek 70 urte edo hortik gora dituzte, eta 400dik gora dituzte 65 urtetik gora eta bakarrik bizi dira.
Elikagaiak eta botikak etxera eramateko ardura babes zibileko kideek izango dute, ezinbestekoak diren babes neurriak hartzeko baliabideak dituztelako.
Helburua argia da, herritarrak zaintzea, herritik eta herriarentzat babes eta elkartasun sare sendoa eraikitzea elkar zaintzeko.
Laguntza behar dutenek, 010 telefono zenbakira edo 943 449 600 telefono zenbakira deitu behar dute elikagaiak edo botikak etxera eramateko eskatzeko. Ordutegia, 09:00etatik 17:00etara.Horrekin batera, eta beste herriekin berritzailea litzatekeen iniziatiba ere abiatu du udalak, 70 urtetik gorako herritarrei, eta bereziki, egoera zaurgarriena dutenei telefonoz deituko die udalak, azaldu dutenez, “zerbait behar duten eta ongi diren galdetu, eta hitz egitea bera ere, oso lagungarria izan daitekeelako. Udal langileak arituko dira horretan, baina esku gehiago ere beharko dituzte, eta horri begira, boluntarioak behar dituela esan du udalak. Sare horretan laguntzen aritu nahi dutenek formularioa bete beharko dute.
Komunitate gisa, sare indartsua direla erakustera deitu ditu herritarrak Aizpea Otaegi alkateak.