'Sanpedrobirusa' hedatzera deitu du jai batzordeak
Herrigintza eta sanpedrotarren elkartasuna sustatzeko asmoz, herritarren itxialdiaren irudi eta bestelako edukiak bilduko ditu jai batzordeak.
San Pedroko jai batzordeak, egitasmo berria abiatu du ‘Sanpedrobirusa hedatuz’ lelopean, konfinatuta dauden honetan sanpedrotarrak elkarrengandik gertuago sentitzeko. Itxialdiak iraun bitartean sortzaile izatera deitu dituzte herritarrak. Facebooken ikusgai jartzeaz gain, konfinamendua amaitzean ekintza berezi bat antolatu nahi dute bildutako edukiekin; erakusketa bat, fanzine bat edota kontzertu bat esaterako.
Itxialdia arintzeaz gain herrigintza da helburu nagusia, elkartasun eta erantzukizun kolektiboa sustatuz. Orain arte hauek dira egindako proposamenak: etxean egindako argazkiak, esaldi esanguratsu batekin, 100 hitzeko idazlan librea, herriko inkesta, herriko pertsonai garrantzitsuak atzo eta gaur, ‘Goazen nait’-eko prestakuntza eta abesti baten prestaketa.
Nahi duenak proposamenak helarazi ahal dizkio San Pedroko Jai Batzordeari, posta elektronikoz.