Espetxetaraino ere iritsi da koronabirusa
Onintza Ostolaza abokatuak, Eli Arrieta Mikel Arrieta larri gaixo dagoen Oreretako presoaren arrebak, eta Ohiana Mujika Joanes Larretxea oiartzuarraren bikotekideak espetxeetako azken ordukoak, eta senideek egoera nola eramaten ari diren kontatu diote HITZAri.
Osasun larrialdiak ertz guztiak ukitu ditu. Koronabirusaren alarma egoera espetxetaraino ere heldu da, eta erabateko isolamendua ezarri die presoei, familia eta lagunekin, eta azken batean beren herriarekin lotzen dituen soka eten da, behin-behinean.
Euskal presoek ere egoera hori bizi dute. Aurrez aurreko bisitak zein lokutorioetakoak bertan behera utzi ditu alarma egoerak; inork ez daki noiz arte. Telefono deiak ugaritu dizkiete, aurretik zortzi minutuko zortzi dei zituzten astean, eta orain hamabi; hori dute senideekin harreman modu bakarra.
Sare Herritarrak gogor salatu du inortxok ere ezer ez duela esan zaurgarritasun handia duten presoez. Etxerat-ek ere salatu du, eta espetxeetan premiazko neurriak hartzeko eskaera egin duten Espainiako Estatuko hogeita hamar erakundeen eskariarekin bat egin du; larri gaixo dauden eta 70 urtetik gora dituzten presoak aske uztea eskatu dute, «ezin da sufrimendua areagotu, preso eta iheslariak etxean eta bizirik nahi ditugu».
Bakartzearen areagotzearen aurrean, haiei idaztera deitu ditu herritarrak Sarek.
Salbuespen legedia amaitu
Sarek, gainera, nazio deialdia egin du gaurko. Bisitan joan ezin diren guztiekiko elkartasunez eta espetxeetan euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legediarekin amaitzea exijitzeko, saio berezia egingo du Facebook kontuan: facebook.com/sareherritarraEH. Aldarrikapen horrekin. argazkiak egin eta gaur 19:30ean sare sozialetan zabaltzeko eskatu du, ondoko traolak erabilita: #EtxeanNahiDitugu edo #nietxeangeratukonaiz.
Bide beretik mintzo da Onintza Ostolaza abokatu oiartzuarra, baina larri gaixo eta 70 urtetik gora dituzten presoekin batera ezarritako zigorraren 3/4ak bete dituztenak ere etxean izan behar dutela esan du. Ostolazaren arabera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 80 preso daude larri gaixo, 70 urtetik gorakoak, eta zigorraren 3/4ak beteta dituztenak: «Etxean behar lukete. Oraindik orain, baina, asko lehen graduan daude, eskubiderik gabe, erabateko zaurgarritasunean salbuespenezko araudi bat ezartzen dietelako. Ez dago, ordea, borondate politikorik, Espainiako Gobernuak legedi arrunta ezarriko ziela onartu bazuen ere etxeko lan horietan oso motel doalako, zer esanik ez orain osasun krisiarekin».
Espetxeen gaineko argazki orokorra egin du abokatuak. Azaldu duenez, espetxetan bi modulu hustu dituzte presoak kutsatzen badira ere bertara eramateko, eta gogor salatu du, orokorrean, «osasun neurri eskasak» hartzen ari direla, «espetxe gehienetan ez dute ezertxo ere erabiltzen funtzionarioek, batzuetan eskularruak, baina kasu askotan neurririk hartu gabe ari dira, horrek suposatzen duenarekin».
Kordobako espetxearen kasua aipatu du; bertan, isolamendu galerian dituzte euskal presoak, eta egunero miaketak egiten dizkiete patiora irten eta sartzerakoan, «eskularru eta maskararik ez dute erabiltzen funtzionarioek. Sevillan, adibidez, egoera berean dauden presoen miaketak bertan behera utzi dituzte». Presoek dagoeneko egoera hori salatzeko idatziak egin dituzte, eta epaitegietara bideratu «izapide judizial eta administratibo guztiak, ordea, etenda daude».
Modulu arruntetan daudenei dagokienean, berriz, ziegan gelditzeko aukera eman dietela jakinarazi du, «ondo dago eskubide hori ematea, baina era berean, pentsa zenbat gogortzen duen beren egoera; ziega batean daude, ez daude etxean, bisitarik gabe, prentsarik gabe, eta patiorik gabe. Kezka handia dugu, eta ondorioak izango ditu, ziur». Frantziako Gobernuak bertako espetxeen eta presoen gaineko hainbat erabaki hartu ditu, baina euskal presoak ez ditu kontuan hartu, ez dizkiete, beraz, neurri horiek ezarriko.
Senideen artean kezka
Mikel Arrieta larri gaixo dagoen preso oreretarraren arreba da Eli Arrieta. Etxetik mila kilometrora baino gehiago dago Botafuegoko (Algeciras, Andaluzia, Espainia) espetxean. Kanpoan bezala, espetxe barruan ere unean-unekora moldatzen ari direla dio, «badakit orain denbora gehiago ematen duela bere ziegan. Momentuz gutunak jasotzen ari dira, ez dakigu noiz arte».
Egoera etxean beldur eta kezkarekin bizitzen ari direla dio Arrietak, «egoera berria da denentzat, eta beraiek, gainera, espetxean bizitzen ari dira; anaiaren kasuan gaixo larria izanik… kezka handiarekin. Anaiaren kezka gu gara, ama ondo dagoen adinekoa delako. Berak beti ondo dagoela esaten digu, oso zaila izango da gaizki dagoela esatea». Idaztera deitu ditu herritarrak, «halakoak izugarri eskertzen dira», eta kexu azaldu da gobernuek ez dutelako neurririk hartzen, «preso larri gaixoak daude, adinekoak… ez dakit zeren zain dauden, baina ez dugu ikusten inongo borondaterik hau aldatzeko».
Latzena, ziurgabetasuna dela dio, «une batetik bestera dena alda daiteke: begira zer gertatu den Italiako espetxeetan… Beldurra badugu, bisitarik gabe gelditu dira, komunikaziorik gabe eta ez daude bakarrik, preso gehiago daude; bera lehenengo graduan dago eta baldintzak gogorragoak dira, edozein unetan egin dezake eztanda honek».
Bikotekidea du espetxean Oihana Mujika oiartzuarrak. Joanes Larretxea Mendiola, Herrera de la Manchako (Ciudad Real , Espainia) espetxean dago. Egunero jasotzen du bere deia, eta zortzi minutuz hitz egitea dute. Egunetik egunera espetxean egoera aldatzen ari dela dio, «lehen asteburuan ez zuten ezer berezirik sumatu espetxe barruan, bisitak ez izateaz aparte. Aurreko astean, maskarak eta eskularruak erabiltzen hasi ziren funtzionarioak, eta larunbatean jakin genuen bertan lanean ari zen guardia zibil bat koronabirusagatik hil zela. Guardia zibil hori aurreko asteetan espetxetik ospitalerako trasladoetan aritu zen». Ez omen zuen babes neurririk erabiltzen, ez maskara ez eskularrurik.
Aste honetan nabarmena izaten ari dela egoeraren aldaketa kontatu dio bikotekideari Larretxeak, «funtzionario gutxiago, eta normalean izaten ez direnak ikusi dituztela esan dit. Atzo bertan esan zieten koronabirusarekin positibo eman duten eta espetxean lan egiten duten bederatzi guardia zibil eta funtzionario dezente daudela».
Bertan dauden euskal presoak aparteko galeria batean daude, beraiek bakarrik ateratzen diren patio txikia dute, modulura deiak egitera eramaten dituzte soilik. Eskura dituzten neurriak hartzen ari direla bertan diren euskal presoak esan du Mujikak, «patioa lixibarekin desinfektatzen dute, baina ezer gehiago ez dute eskura».
Modulura telefonoz hitz egitera ateratzen direnerako, espetxeak berak omen du lixiba ondoan, telefonoa garbitzeko, «atzo deitzera atera zenean beste preso batek esan zion tentsioa sumatzen dela moduluan, positiboa eman duten funtzionarioek aurreko asteko txanda egin zutelako maskara eta eskularrurik erabili gabe. Denbora kontua da bertako presoren batek positibo ematea». Modulu horretan, gainera, adinekoak badirela esan du oiartzuarrak, “gaixotasun kronikoekin eta askotariko patologiekin, beraz, arrisku bizia dago”.
Indarrak biderkatu
Bikotekidea nahikoa lasai sumatzen duela esan du Mujikak, «gehien kezkatzen duena aurrez aurrekorik ez izatea da… horrek suposatzen duenarekin». Seme-alabak dituzte, sei urteko semea eta lau hilabete egin berri dituen alaba, «zaharrenarekin hitz egitea du telefonoz, txikiarekin, berriz… Berak lasaitasuna transmititzen dit dei bakoitzean, beren esku dagoena egiten dutela beren burua zaintzeko, baina kezka hor dago».
Egoera honek, nolabait, presoen azalean jartzeko aukera eman digula esan du, «isolamendua zer den, bakarrik egotea zer den jakiteko. Gu etxean gaude baliabide guztiekin eta hala ere antsietatea sortzen digu, bada pentsa zer izan daitekeen urte luzeetan espetxe barruan egotea halako egoera gordinean, 20 urtetik gora baldintza estuenetan izan diren asko daude».
Indarrak biderkatzera deitu du Mujikak «euskal presoek bizi duten salbuespen egoerarekin amaitzeko. Errepresaliatuen auziari irtenbidea eman behar zaio».
Koronabirusagatik hildako lehenengo presoa
Extremera (Madril, Espainia) espetxean zegoen 76 urteko emakume presoa izan da koronabirusaren ondorioz hil den lehena. Gaixotasunari aurre egiteko zailtasun handiak badira kalean, espetxean gaitzari aurre egitea, osasuna eta kartzela bateragarriak ez direnean, are zailagoa da.
Arrisku taldean dauden adinekoekin —70 urtetik gorakoekin, eta gaixo larriekin— presazko neurriak hartu eta hirugarren graduan etxeratzeko eskatzen ari da Sare Herritarra, Etxerat eta baita abokatuek ere. Koronabirusaren krisiak, baina, etenda ditu izapide judizial eta administratibo guztiak eta eskaerak bideratzeko ere zailtasunak dituzte abokatuek; hala ere ari dira. Besteak beste bigarren graduan zeuden zortzi preso baimenekin ateratzen ari ziren, eta orain osasun larrialdiaren harira, bertan behera utzi dituzte baimen horiek espetxeek. Horien kasuan, bigarren gradutik hirugarrenera pasa eta pultsera telematikoarekin bada ere etxera bidaltzeko kudeaketa egiten ari dira.
70 urtetik gorako Sebas Etxaniz Elgoibarko presoa —76 urte ditu, kolektiboko helduena da, eta 19 urte darama espetxean— eta Joseba Arregi euskal preso oñatiarra —74 urte ditu eta 28 urte bete ditu espetxean— aske uztea eskatzen ari dira abokatuak ere, hirugarren gradua ezarrita bada ere.
Espainiako Gobernuak urratsak egingo zituela agindu bazuen ere, urrats horiek oso exkaxak izan dira, krisiaren harira, euskal presoei eragiten dien bakarra hartu du: Gorka Fraile hirugarren graduan zegoen presoa etxean da, ez du espetxera itzuli behar lotara apirilaren 5a arte. Larri gaixo direnak eta 70 urtetik gorakoek berriz, espetxean jarraitzen dute, baita zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak ere.
Frantziako Gobernuaren erabakia ere ulergaitza da. Hainbat neurri hartu ditu adineko presoekin eta gaixo direnekin, baina neurria horiek ez diete eragingo Frantziako Estatuko espetxeetan diren euskal presoei, ez dituelako aintzat hartu, eta beraz, osasun larrialdia gorabehera, espetxean jarraitu beharko dute.
Arrazoi humanitarioetatik harago, araudia betetzea baino ez dira eskatzen ari euskal presoen inguruan lanean ari diren elkarteak eta haien senideak, berandu baino lehen eman ditzaten beharrezko urratsak araudi arrunta ezarrita eta salbuespen legedia baztertuta. Azken horren kontra, eta euskal presoak etxean eta bizirik nahi dituztela aldarrikatzera deitu dituzte herritar guztiak gaur arratsaldean; besarkada eta muxuak debekatuta dauden honetan, elkartasun hitzak helaraztera espetxeetako bakartzea gainditzeko.