Jateko, plangintza eta antolaketa
Osasuntsu jaten ari gara? Edo, ohikoa baino gehiago edo okerrago ari gara jaten? Hegoi Martin dietista eta nutrizionista hondarribiarrak aholku batzuk eman ditu berrogeialdian osasuntsu mantentzeko.
Jakina da koronabirusa munduko ia txoko guztietara zabaldu dela. Birusaren hedapena gelditzeko asmoz, berrogeialdi luze bat betetzen ari gara, kutsatzeak murrizteko. Hori dela eta, etxetik ezin atera, eta herritarrak bizitzen ari diren egoera berrian, jendeak arazo edo problematika berriei egin behar die aurre. Urduritasuna, kezkak, estresa edota asperraldiak daude jendearengan, egunotan azaleratzen ari diren ohiko egoerak dira. Eta berrogeialdiak sortutako horiek guztiak kontuan hartuta, osasuntsu jaten ari ote gara? Edo, ohikoa baino gehiago edo okerrago ari gara jaten? Galdera horiei erantzuna bilatzeko asmoz, Hegoi Martin dietista eta nutrizionista hondarribiarrak aholku batzuk eman ditu, berrogeialdia osasuntsu pasatzeko.
Martinek etxeetako itxialdia jendearengan sor ditzakeen urduritasun eta kezkekin lotzen du, kasu askotan, egoera arrotz eta zailei aurre egin behar baitzaie. «Berrogeialdi honetan pertsonok kezka eta urduritasun gehiago izaten hasi gara. Langabezian geldituko ote garen, edota fakturak ordaintzeko gai izango garen maiz pentsatzen dugu. Etxean atera ezinik horrenbeste denbora egotea estresa areagotzeko faktore bat da, eta zenbait pertsonek estres hori konpentsatzeko gehiago eta okerrago jateko joera dute».
Berrogeialdiak ere gehiegizko aisia tartea eta asperraldiak dakartza: «Hori dela eta, hozkailura sarritan joateko arriskua dago, nahiz eta goserik ez izan. Gainera, kasu hauetan ez ditugu aukera osasuntsuenak hautatzen, baizik eta postre gozo,patata frijitu edota ogitartekoak aukeratzen ditugu estimulu azkar bat bilatu nahian», eutsi dio Martinek.
Egoera horiek saihesteko aurreikuspen eta plangintza bategitea gomendatu du hondarribiarrak: «Egoera honen aurrean oso garrantzitsua da astean zehar egin behar duguna aurreikustea. Esaterako, erosketen plangintza egitea, kozinatzeko antolaketa egitea, edo menu osasuntsu bat aurreikustea».
Martinek oso garrantzitsutzat du ahalik eta denbora gehien lanpetuta eta okupatua izatea, egon daitezkeen kapritxoak saihesteko. « Eguneko ordutegi baten plangintza egiteak asko lagunduko digu. Gomendagarria da irakurtzen, ikasten, lanean edo kirola egiten denbora pasatzea».
Osasuntsu mantentzeko eta elikadura egoki bat jarraitzeko, Martinek produktu ultraprozesatuak ez kontsumitzea gomendatu du. Azukredun edariak, alkohola, poltsako patata frijituak, gailetak edota gosariko zereal azukredunak dira elikagai ultraprozesatuen adibide batzuk. «Gomendioa izango litzateke produktu ultraprozesatu horiek guztiak ez erostea, edo ahalik eta gutxien kontsumitzea. Lortzen badugu, hobeto izango da gure osasunarentzat, eta gure etxeko jakien biltegia elikagai osasuntsuz beteta daudela ziurtatuko dugu».
Bestalde, berrogeialdia aurre-tik gomendatzen ziren elikagai berberak kontsumitzera deitu du Martinek. Hala nola, barazkiak, fruta, lekaleak, zereal integralak, gatzik gabeko fruitu lehorrak, arrautzak, azukregabeko esneki edo edari begetalak, arraina edo itsaskiak, eta kontserbak.
Elikadura osasuntsuaz gain, Martinek ere beste zenbait aholku ematen ditu berrogeialdia ganoraz pasatzeko: «Gakoa da ahalik eta osasuntsuen elikatzea, ondo deskantsatzea, kirola edo jarduera fisikoa maiz egitea, eta antsietatea eta kezka sortzen dizkiguten egoerak saihesten saiatzea. Faktore horien guztien oreka lortzeak berrogeialdi osasuntsu bat izateko aukera handiagoa emango digu».
Gastu kalorikoa igo
Etxebizitzetako itxialdia hasi zenetik, jende askok dio etxetik atera gabe dauden egun hauetan hartuko duten gauza bakarra kiloak izango direla, baina Martinek ez du uste nahitaez horrela izan behar denik; «Etxean denbora asko egotea sedentarismoaren sinonimo bezala ikusten da, eta horrek norberaren pisuan eragina izan dezakeela. Baina ez du zergatik horrela izan behar, gauzak ondo egiten baditugu. Horretarako, aurrez aipatutako planifikazioa oso lagungarria izango da. Bestalde, kirola etxean praktikatzeak ere asko lagunduko digu nahi ez dugun gainpisu hori saihesteko eta gastu kalorikoa igotzeko».
Erosketak egiteko garaian, Martinek plangintza egoki bategitea gomendatzen du. «Lehenik, elikagai osasuntsuz beteriko zerrenda bat egingo dugu supermerkatura joan aurretik. Bigarrenik, gomendagarria da goserik gabe joatea erostea, norbera gosez badago errazago eroriko baikara tentazioetan. Azkenik,produktu ultraprozesatuak dituzten pasilloetatik ez pasatzea gomendatuko nuke».