«Mendi taldeak aukera bat izaten jarraituko du nahi duenarentzat»
70. urteurrena ospatuko dute aurten Trintxerpeko Itsastarrak Mendi Taldean. Koronabirusak egitaraua kolokan jarri arren, argi dute aldi baterako oztopoa dela taldearen ibilbide oparoan.
Trintxerpeko Elkarte zahar bezain garrantzitsu baten kideak dira Bego Fontan eta Itsaso Andueza. Taldeko kideek egindako lana eta Trintxerpen elkartegintzarako dagoen grina dira, 70 urte betetzeko sekretua. Konfinamenduak hala behartuta, Skype bidez hitz egin dute HITZArekin.
Ohikoena 75. urteurrena ospatzea da, baina zuek 70ena aukeratu duzue. Zergatik?
Itsaso Andueza: 70 urteotan eta sorreratik taldea bultzatzen ibili direnei aitortza egin nahi diegulako. Ez genituen beste bost urte itxaron nahi kide horiek omentzeko eta haiekin ospatzeko. 70. urteurrena ospatuko dugu, beraz. 75 urte betetzean atseden hartuko dugu.
Elkarte gutxi iristen dira zazpi hamarkada betetzera. Zein dagakoa?
Andueza: Egia esan, nahiko une egonkor eta goxoa bizi dugu. Nire ustez gakoa taldearen atzean dauden pertsonak dira; haien jarrera positibo eta gogoei esker bete ditu Itsastarrak Mendi Taldeak 70 urte. Izan kirol, kulturala aisialdi mailan, Trintxerpen betidanik izan da elkartegintzarako joera handia. Horrek ere lagundu du. Bi gako horiek aipatuko nituzke nik; pertsonak eta herriaren izaera.
Orduan taldearen urteurrena baino, taldeko kideek egindako lana da ospatuko duzuena, ezta?
Andueza: Batez ere lanean hainbeste denbora iraun izana, eta gainera, etenik gabe, 70 urte asko baitira. Zazpi hamarkadaz jarraian taldea bizirik izan da eta ekintzak aurrera eraman ditu. Ospatzeko modukoa da hori eta indarrak ematen dizkigu beste 70 urtez gogotsu jarraitzeko.
«Sorreratik taldea bultzatzen ibili direnei aitortza egin nahi diegu aurten»
Dagoeneko argi duzue 140. urteurrena ere ospatuko duzuela?
Begoña Fontan: Tira, baliteke 70 urte asko izatea, baina asmoa behintzat badugu. 100. urteurrena, ordea, ziur baietz.
Hortaz, urteak aurrera badoaz ere, sasoi onean da Itsastarrak, ezta?
Fontan: Itsasok esan bezala, oraintxe bertan martxa onean gabiltza. Egia da taldearen batezbesteko adina nahiko altua dela, baina aurten kide berriak etorri dira gurera. Oro har oso pozik gaude, bai.
Sasoia aipatuta, saihestezina da galdetzea nola eragingo dion koronabirus izurriteak urteurrenaren egitarauari.
Fontan: Ospakizunen hasieratik baldintzatu gaitu. Arduratsu jokatu nahi izan dugu eta hau dena gainera etorri baino lehen, dagoeneko neurriak hartzen hasi ginen. Hilaren 13 eta 14rako, adibidez, mendian ibiltzeko segurtasun ikastaroa antolatzekoak ginen. Baina izurritea aurrera egiten ari zela ikustean eta prebentzio neurri gisa, bertan behera uztea erabaki genuen, agintariek konfinamendua ezarri baino lehen.
Gauzak horrela, apirilaren 5ean egin beharreko mendi irteera bertan behera geratu da. Maiatzera bitarteko gainontzeko irteerak eta ekintzak atzeratuko ditugu eta datak bilatzen gabiltza. Egoeraren eboluzioaren arabera aukeratuko ditugu egun horiek.
Apirilean Alex Txikon alpinista hitzaldi bat ematekoa zen. Zertan geratu da?
Fontan: Gogo ikaragarriak genituen berarekin egoteko. Beste data batean izan arren, hitzaldiak berean jarraitzen du. Irailean ekarriko dugu.
Aukera izan duzue berarekin hitz egiteko?
Andueza: Itsastarrrak Mendi Taldeko kide baten laguna da, eta espedizioan zenean ere harremanetan izan gara Alexekin. Ez da ahaztu hitzaldiaz, eta argi du Trintxerpera etorriko dela. Dagoeneko berarekin hitz egin dugu hitzaldia atzeratzeko, baina egin, egingo da.
«Beste data batean izan arren, Alex Txikonen hitzaldiak berean jarraitzen du»
Uste dugu iragarritako ekintza eta kirol arloko irteera berezi guztiak egingo direla. Baliteke, ordea, apalago diren hainbat ekintza datorren urterako uztea.
Jende askok ez du ulertzen kirola egiteko debekua, bereziki mendira joatekoa. Zein da zuen iritzia?
Fontan: Nik arlo sozio-sanitarioan egiten dut lan. Lanera noa, joan behar dudalako, bestela etxean geratuko nintzateke. Nire ustez, une honetan behar-beharrezkoa denean baino ez da etxetik irten behar. Egoera hau lehenbailehen amaitzea nahi badugu, onena etxean gelditzea da. Denok egin beharreko ekarpena da.
Andueza: Elkarteko kideak bat gatoz gai honetan. Arazo puntuala da, baina oso serio hartu beharrekoa.
Historia oparoa du Itsastarrak-ek. Baina nola sortu zen taldea?
Andueza: Taldea sortu baino lehen, dagoeneko erromeriak eta irteerak antolatzen ziren. Baina Trintxerpen zehazki Serafin Esnaola apaizarenak izan ziren lehen irteera antolatuak, eta hortik sortu zen Itsastarrak. Begoren aita, Pepe Fontan, sortzaileen artean izan zen. Testuingurua bestelakoa zen, eta taldea moldatu behar izan zen.
Josetxo Dominguez beste sortzaileetako bat izan zen, eta gaur egun oraindik zuzendaritzako kide da. Hark askotan oroitzen digu lehen izena, ch-z idatzi be-har izan zutela, frankismo garaiko agintariek behartuta. Gobernu zibilera joan ziren elkartea erregistratzeko, eta han zera esan zieten gaztelaniaz, ‘zertarako jarri nahi duzue tx berdin-berdin esaten bada?». Garai hartako testuinguru politikoa zen, eta mendizaletasunari ere eragin zion. Aurrerago tx erabiltzen utzi zieten, eta azkenik ts-ra aldatu zen.
Arrantzale eta marinel tradizioko herri batean, mendizale talde bat osatzea erabaki zuten. Ohikoa zen?
Andueza: Ziur asko ez, baina horixe da taldearen ezaugarri nagusietako bat. Iaz taldeko logoa aldatzeko lehiaketa abiatu genuen, eta oso argi utzi genuen logo berriak kostalde izaera horrekin lotura izan behar zuela. Trintxerpek izan duen bilakaerari keinu egiteko modua da. Itsastarrak sortu zenean, herriko famili guztiak itsasotik bizi ziren edo itsasoarekin lotura zuen lanbide batetik. Ukaezina da gure herriak harreman estua duela itsasoarekin eta gure taldeak ere hala izan behar du. Are gehiago: entrenatzeko dugun gune nagusia Mendiola da, eta hura ere itsasertzean dago.
Zertan aldatu da Itsastarrak 70urteotan?
Fontan: Taldearen lan ildoak eta helburuak berberak izaten jarraitzen dute, baina egia da kideen kopuruak behera egin duela eta daudenen batezbesteko adinak gora egin duela. Ez da gure arazo bat, mendizale talde askotan berdina gertatzen ari da. Hala ere, badira aldaketa positiboak. Emakumeen parte hartzea, adibidez, askoz ere handiagoa da gaur egun.
Eta zertan aldatu da mendizaletasuna?
Fontan: Mendia kontsumitzeko modua aldatu da. Jendeak mendira joaten jarraitzen du, baina beste modu batean, indibidualagoa akaso. Nire ustez, bizi garen gizartearen isla dira mendira joateko eredu berriak. Ez zait gaizki iruditzen, bakoitzak nahi duen bezala joan daiteke mendira, eta nahiago duen kirola egin dezake. Baina ezin da ukatu eredu aldaketa honek kalte egin diela mendi taldeei. Hauxe da errealitatea, eta guri dagokigu buelta ematea.
«Sorreran, lehen izena ‘ch’-z idatzi zuten frankismo garaiko agintariek behartuta»
Zergatik ari dira pisua galtzen mendi taldeak?
Andueza: Begorekin ados nago; gizarteak jasan dituen ohitura aldaketekin du zerikusia. Dena dela, bat gatoz biak esaterakoan mendi taldeak beti izango direla alternatiba bat. Agian talde txikiagoak osatuko dira, baina ziur naiz hortxe jarraituko dutela. Begok eta biok arrazoi beragatik bat egin genuen Itsastarrak-ekin:mendira joan nahi, baina lagunik ez joateko. Batzuk bidaiak taldeka egitea nahiago dute, eta beste batzuk plan berriak egin nahi dituzten dibortziatuak izan daitezke. Oraindik ere arrazoi asko daude mendi talde batean izena emateko.
Eredu berrira egokitzen jakin duzue, beraz?
Fontan: Asmatzen ari garela esango nuke. Aintzat hartu dugu gizabanakoz osatutako taldea garela; adin, ezaugarri, nahi eta interes ezberdinak ditugu. Horren barruan gure jarduna moldatzen ahalegintzen gara. Irteeretan ibilbide bakar bat egin ordez, luze, ertain eta motzetan banatzen ditugu, norberak bere mailaren arabera nahiago duena aukera dezan. Otorduak aukeran jartzen ditugu, hau da, nahi duenak jan dezake, eta nahi duena, ez.
Azkenaldian, bestalde, irteera mistoak arrakasta handia izaten ari dira. Bizpahiru eguneko irteerak izaten dira, mendia eta kultura uztartuz. Norberak erabaki dezake zenbatetan joan mendira eta irteera kulturalak egin, eta gainera, kideen senideak ere etor daitezke. Iazko urrian, Asturiasen izan ginen.
Andueza: Aniztasuna aintzat hartuta, gakoa da aukera ezberdinak eskaintzea, jendea mendira gertura dadin.
Emakumeek taldean duten garrantzia aipatu duzue lehenago. Matxismo asko topatu duzue mendian?
Fontan: Ukaezina da emakumeok pisua hartu dugula Itsastarrak-en. Otsailean Emakumea eta mendia izeneko mahai-ingurua antolatu genuen eta arrakasta handia izan zuen. Gizon asko etorri ziren gainera, eta hori ere pozgarria da. Baina noski, oraindik egiteko asko falta da. Mikromatxismoren bat entzuten dugun bakoitzean alarma modukoa aktibatzen da gure buruan, eta esandakoa egokia ez dela salatzen dugu.
«Matxismoa salatzea aurrera pausu handia izan da. Eztabaida normalizatu dugu»
Andueza: Matxismoa gure taldean salatzea aurrera pausu handia da. Gaia normalizatu da, eta irteera guztietan ateratzen da. Mendi taldea beste espazio bat baino ez da, orduan gizarte osoa aldatu behar badugu, mendi taldeak ere tresna bat izan behar du. Pozik gaude lortzen ari garenarekin, hemen feminismoaren aliatuak behar ditugu. Erronkak ditugu, baina behintzat erronka horiez jakitun gara.
Adinekoen parte hartzeari dagokionez ere, erreferente bat zarete, ezta?
Fontan: Hala da, bai. Baina adinekoekin bezala, mugikortasun arazo edota aniztasun funtzionala duten pertsonen parte hartzea ere bermatuta dago hemen. Gurea talde plurala da, gizartearen aniztasuna islatu nahi dugu.
Etorkizunari begira, gazteak erakartzea al da zuen erronka nagusia?
Fontan: Alde batetik bai, jende gehiago badator eta gainera gaztea bada, askoz hobe. Baina erronka nagusia taldeak aurrera egitea da, mendiaz gozatzeko.
Andueza: Gazteek haien interes, erronka eta bizitza-aro pro-pioak dituzte. Baina baliteke aurrerago, beste aro batean direnean, mendi taldearekin bat egitea.