Danborrak, Cristina Motari azken agurra emateko
Larunbatean zendu zen Pasai Antxoko danborradan urte askoz parte hartu zuen Cristina Mota. Herritar ugarik haien balkoi eta leihoetatik omendu zuten Mota, nola ez, danborrak joz.
Pasa den larunbatean zendu zen Cristina Mota antxotarra, 40 urte zituela. Herrian utzi duen hutsunea agerikoa izan da, herritar ugarik haren bizitza oroitu baitzuten balkoi zein leihoetatik igandean.
Gogorra eta tristea da, birus baten ondorioz etxetik ezin irtetea eta herrikide maitatuaren senide eta gertukoei begirunea ezin adieraztea. Zaila da egoera horretan herrikideari behar bezalako aitortza egitea. Zaila, baina ez ezinezkoa; dultzainarekin, txaloka eta nola ez danborrak joz, eman zioten azken agur hunkigarria Cristinari.
Antxoko herritarrek sanferminetan egiten duten danborradan parte hartzea maite zuen Cristinak. Jaiak hasi ahala, txapel eta zapi gorriak soinean zituela, herriko kaleetan danborrarekin ibiltzeaz harro zegoen. 2015ean saritu zuten tradizioarekiko maitasun hura, ohorezko upela berari emanez.
Futbola izan zen Cristinaren beste pasioetako bat. Donostiako Intxaurdi Kirol Elkartean jokatu zuen eta aurrerago zuzendaritzako kide ere izan zen. Intxaurdik bere azalera eraman du antxotarraren irudia, haren irribarreari aipamen berezia eginez.
Hauxe da Cristinaren omenez egin duten bideoa (Unai Martinek egindakoa da).