"Herri logika batetik, ikasleen hezkuntza berdintasunerako eskubidea bermatzea dagokigu"
Online eskolak etxetik jarraitzeko bitartekorik ez duten ikasleei begira iniziatiba abiatu du udalak; ordenagailuak eta internet konexiorako Sim txartelak banatzen ari da horien artean herriko ikasleen arteko hezkuntza berdintasunerako eskubidea bermatzeko. Aizpea Otaegi alkateak, iniziatibaren nondik norakoak zehaztu dizkio HITZAri.
Halako iniziatiba martxan jartzen duen lehenengo udala da Errenteriakoa. Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren harira, eta konfinamendua heldu aurretik, ikastetxe guztiek ateak itxi zituzten martxoaren 13an. Ikasleak etxean dira, baita irakasleak ere, baina batzuk eta besteek lanean jarraitzen dute ikasketa prozesua eten ez dadin. Online eskolak antolatu dituzte, eta egunero ikasketa prozesua jarraitzen dute ikasleek. Halabeharrez eta moldaketetarako tarte handirik egin gabe ezarritako online ikastetxerako baina, ez dute sarbidea ikasle eta familia guztiek. Ez da erronka erraza bitartekoak izanik; zer esanik ez, bitartekoak ez dituzten ikasle eta familientzat.
Errealitateak argi erakutsi du ez dutela ikasle guztiek aukera bera, eta hezkuntza eskubidea urratua duen kolektibo bat identifikatu du udalak. Identifikatuta, eskubide berdintasuna bermatzeko neurriak hartu ditu eta ordenagailuak zein internet konexioa duten 110 Sim txartel erosi ditu udalak, zaurgarrien diren horiek gainontzeko ikaskideekin batera jarrai dezaten, aukera berdinekin, ikasketa prozesua. Biharko materialaren banaketa beharra duten ikasleen etxeetan izango da. Udalak 10.000 euroko inbertsioa egin du, oraingoan, ikasleak erdigunean jarrita. Azipea Otaegik iniziatibaren gainean hitz egin du HITZArekin.
Halako urratsa egin duen lehenengo udala izan da Errenteriakoa.
Bai, guk dakigula behintzat ez da halakorik egin beste inon. Jakin badakigu, Astigarraga eta Asteasun adibidez udalak bitartekaritza lana egin duela ikastetxeetako ordenagailuak etxera eramateko. Guk urrats bat harago egin dugu interneterako konexioa egiteko Sim txartelak erosi eta behar dituztenei etxeetara eraman dizkiegu, dagoeneko 76 entregatu ditugu, eta gainontzekoak bihar amaituko dugu banatzen, eta ikastetxeetan ziren ordenagailuak eraman ditugu etxeetara, baina beste 41 udalak utzi dizkie ikasleei. Horietatik, 27 udalak erosi dituen ordenagailu berriak dira, eta gainontzekoak udal ekipamenduak genituenak, liburutegietan eta genituenak.
Halakorik beste inon egin denik ez dugu jakin behintzat.
Zergatik zen garrantzitsua neurri hau hartzea?
Martxoaren 13an itxi zituzten ikastetxeek ateak, eta amaitu klase presentzialak. Bi aste eta erdiz gure herriko 127 ikasle isolatuta, konexiorik gabe, ordenagailurik gabe eta aukerarik gabe izan dira beren ikasketa prozesuan jarraitzeko horrek suposatzen duen guztiarekin. Arrakala handia dago baldintzetan, ikasle batzuk duten aukeratik beste batzuek duten horretara. Guretzat, lehentasunezkoa zen behar hori asetzea; Eusko Jaurlaritzak ez du biderik jarri modu integralean hori asetzeko eta orduan gu herriko ikastetxe guztiekin harremanetan jarri ginen duela aste eta erdi gure kezka adierazteko. Beraiek ere kezka hori azaldu ziguten. Lehenengo lana, identifikatzea izan da; astebete behar izan dugu horretarako, jakiteko zeintzuk eta zenbat ziren beharra zuten ikasleek, eta hori ikastetxeekin elkarlanean egin dugu. Momentuz 127 dira, baina egunez egun, gehiago azaltzen ari dira.
Herri logika batetik, ikasleen hezkuntza berdintasunerako eskubidea bermatzea dagokigu.
Nori begirakoa da iniziatiba?
Errenteriako ikastetxeetan ari diren ikasleei, baina Errenteriakoak izanda herritik kanpoko ikastetxeetan ari direnei ere. Azken horiei 010 telefono zenbakira deitu eta beharra adierazteko eskatu nahi diegu. Laguntza, azken aste hauetan ikasketa prozesua normaltasunez jarraitu izan ezin duten Errenteriako ikasleei begirakoa da, betiere beraien irakasleekin edo ikastetxeetako zuzendariekin kontrastatuta. Hori herriko ikastetxeen kasuan errazagoa izan da udala eta beraien artean dagoen hartu emanarengatik; beraiek zehaztu digute zeintzuk duten beharra.
Herritik kanpoko ikastetxeetan ikasten dutenen kasuan, 010 telefono zenbakira deitzen duten familia edo ikasleek pasa beharko digute zuzendariaren kontaktua ziurtatzeko behar hori erreala dela. Onuradunak beraz, Errenteriako ikastetxeetan ikasten duen ikasle oro, kasu honetan, Pasaia, Donostia eta Oiartzunen bost bat etxeetara ere banatu ditugu ordenagailuak eta konexioak gure herriko ikastetxeetako ikasleak direlako, eta herriz gaindiko ikastetxeetan ikasi ez arren herrikoak diren ikasleak. Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira.
Zenbateko inbertsioa egin duzue iniziatiba martxan jarri ahal izateko?
Oraingoz, 10.000 eurokoa izan da udalak egin duen inbertsioa. Inbertsio hori, gainera, udalera itzuliko da ondoren, egoera hau amaitu eta eskola presentzialak hasten diren unean tresnak itzuli beharko dituztelako ikasleek. Garestiena ordenagailuak erostea izan da, baina ondoren udal ekipamenduetan erabiliko dira. Interneteko konexioarena, berriz, ez da hainbesteko gastua izan. 110 SIM txartel banatu ditugu eta asumigarria da erabat gastua.
Zein harrera izan du zuen iniziatibak familia eta ikasle horien artean?
Harrera oso ona izan da, familiak oro har oso eskertuta azaldu dira. Egia da, familia hauetan arrakala teknologikoa edo pobrezia teknologikoa dagoela. Gailuak jasotzerakoan, Sim txartelak aktibatzea eta kostatzen ari da, berria delako beraientzat, baina hau ere aukera bat da arrakala teknologiko hori gainditzen hasteko. Horren harira, lankidetza Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboarekin oso interesgarria izan da, beraiek teknikoak dituzte eta familia hauei eskura jarri dizkie telefono zenbakiak tekniko horiei deitu eta telefono bidez laguntzeko. Txartelak Izarkomi erosi dizkiogu. Lankidetza oraingoan ere ertz askotakoa izan da.
Egoera honek mahai gainean jarri dizkigu gabezia asko, mahai gainean ditugunak egunerokoan, printzipioz ezagunak ditugunak, baina halako egoera batean areagotzen direnak. Hasi ginenean zaintza publiko komunitarioa irudikatzen esaten genuen gure herrian badaudela egoera larri honetan bereziki zaurgarriak diren kolektiboak. Abiapuntua adinekoen kolektiboan jarri genuen, sortu genuen lanketarekin, baina beste kolektiboetako bat zen hain justu, ikasleena.
Haur eta gazteena ere mahai gainean dugu eta horri heldu nahi izan diogu iniziatiba honekin. Badaude beste batzuk indarkeria pairatzen ari direnak, edo haurtzaroan ere bazterketa egoeran dauden haurrak, zaurgarriak diren kolektibo asko dago eta kasu honetan ikasleei zegokienean ere oso funtsezkoa zen erantzun bat ematea. Eusko Jaurlaritzak ez dio erantzunik eman eta ulertzen genuen, nahiz eta derrigorrezko hezkuntza gure eskumena ez izan bere horretan, herri logika batetik, are gehiago azken urteetan ikastetxeekin eraiki dugun lankidetzaren ikuspegitik, eta sustatzen ari garen herri hezitzailearen logikatik, gure esku zegoen oro egin behar genuela. Horretan saiatu gara, gure esku zegoen hori, behintzat, egiten.