EH Bilduk proposamen sorta berria egin dio gobernu taldeari
Zaurgarrien diren herritarrei zein beharra duten sektoreei begirako neurriak dira. Lezoko Zaintza Sareari, behar beste garrantzia ez diola eman gobernu taldeak uste du gainera, koalizio subiranistak.
Alarma egoerari erantzuteko, proposamen sorta berria egin dio Lezoko EH Bilduk gobernu taldeari. Lehenengo arreta, haur, adineko, gaixo kroniko eta egoera zaurgarrian dauden herritarrengan jarri zutela ekarri du gogora koalizio subiranistak, eta horiei begira bideratu zituztela lehenengo proposamenak : 70 urtetik gorakoei telefono deiak egitea, laguntza, babesa, eta zaintza eskaintzeko; indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeei arreta berezia; anbulatorioarekin harreman zuzena izatea zaintza bereziren bat behar duten herritarrak ahalik eta ondoen artatzeko; eskola eta ikastolarekin harreman zuzena, eguneko otorduak bermatuta ez dituen haurrik balego bermatzeko, eta ikasketak online egiteko baliabide falta duten familiei irtenbidea emateko; udal zerga eta tasak ordaintzeko epea atzeratzea, erraztasunak eskaintzea eta tasa batzuk bertan behera uztea.
Neurri horiek mahai gainean jartzearekin batera, Lezoko Zaintza Sarea —80 herritar ari dira horretan— antolatzeari ekin zioten, bide bera urratu zuen Piztu Lezo iniziatibarekin elkarlanean.
Hasieratik udal gobernu taldearekin lankidetzan jardutea izan dela EH Bilduren asmoa esan du koalizio subiranistak, “egoerari erantzuteko proposamenak lantzea ere, eta horretarako bozeramaile mahaia eratzea proposatu genion alkateari. Oraindik ordea, larrialdi egoerak luze joko du, eta gure bokazioa da egoerari erantzuteko beharrezko proposamen eraikitzaileak egiten jarraitzea”.
Aurretik aipatu dituen zaurgarrienak diren sektoreak ahaztu gabe, haiengan arreta osoa mantenduta, eta dagoeneko zein ondorengo egun, aste eta hilabeteetan beste hainbat sektorek zein herritar ugarik dituzten eta izango dituzten behar bereziei erantzuteko, neurri sorta berria jarri du mahai gainean EH Bilduk. Horrenbestez, herritarrek dituzten premiazko beharrei erantzuteko, Lezoko Udaletik iniziatibaz jokatu eta eskura dituen baliabideekin egin dezakeena ahalik eta arinen martxan jartzeko proposamen zehatzak egin dizkio koalizio subiranistak gobernu taldeari.
Honakoak neurriak: Gizarte Larrialdiko laguntza partida handitzea; erakunde ezberdinetatik jaso daitezkeen laguntzak aztertzea eta ahal duen neurrian, aurreratu, azkartu eta erraztu ditzala laguntza horiek herritarrek lehenbailehen eskura ditzaten; norbanako, familia, merkataritza saltoki txikiak eta ostalaritzarako urgentziazko diru laguntza berriak azter ditzala.
Balantzea
Alarma egoera ezarri zenetik hiru aste pasa direnean, balantzerako tartea ere hartu du EH Bilduk. Ez da gozoa izan, herriari begira jarritakoan. Udal kudeaketaren inguruko kezka azaldu du, eta bere justez, hobetu beharrekoak direnak mahai gainean jarri ditu. Horren harira, nabarmendu du egindako lehen sortako proposamenen artetik, hiru neurri zehatz bete dituela udalak orain arte: bozeramaile mahaia eratzea; udal zerga eta tasa ordainketa atzeratzea; eta 70 urtetik gorako herritarrei deiak egiteko konpromisoa. Kudeakeatren gaineko kexuetako bat, dei horiek egiteko moduaren gainekoa izan da. 80 lagunek osatutako Zaintza Sarea dago martxan herrian, baina udalak adineko herritarrei deiak egiteko sareak azaldu duen lankidetzarako asmoa baztertu duelako gobernu taldeak, “udal langileak baliatu ditu soilik deiak egiteko, eta horrek denboran behar baino gehiago luzatzea ekarri du”.
Errenteriako Udalaren adibidea jarri du: “Lehenengo astean 8.000 herritarrei egin behar zizkien deiak eginak zituen zaintza sareko boluntarioen laguntzari esker. Lezon berriz, 800 dei egiteko hiru aste behar izan ditugu”.
70 urtetik gorako herritarrei deiak egiten laguntzeko eskaintza ez da gobernu taldeak baztertu duen bakarra, adineko herritar horiek edo behar bereziren bat dutenen zaintza beharrei erantzuteko prest azaldu zen Lezoko Zaintza Sarea, baina hura baztertuta, Gurutze Gorriaren bidez egitea lehenetsi duela nabarmendu du EH Bilduk, “bizi dugun larrialdi egoeran, herritar antolatuak egoteak, zaintza komunitariorako sarea egituratzeak, gure ustez, garrantzia eta potentzial izugarria izan arren, udalak ez dio behar bezalako probetxua ateratzen. Ziur gaude, gaur ez bada bihar, zaintza komunitarioa ezinbestekoa dela”.
Eskerrak emanez bukatu du prentsa oharra EH Bilduk: “Eskerrak egunero besteon egoera arintzeko lanera joan behar duzuen herritar guztiei; eskerrak, ingurukoei, bizilagunei, ezagunei edo beharra duen edonori zuen laguntza eskaintzen diozuen herritarrei; eskerrak, Lezoko Zaintza Sarean izena eman duzuen guztiei”.
Azken deia ere egin du, komunitatea indartzera zehazki, eta saretzen jarraitzera, “guztion artean lortuko dugu”.