Leiho bat zabalik sorkuntzari
Proiektuari esker, antzerkiak, dantzak, musikak eta adierazpen ezberdinetako emanaldiak euren ohiko agertokia aldatu eta Herri Bizia , udal komunikabidearen webgunean izango dute txoko bat.
Eneko Gil dantzariak estreinatuko du Kultur Labea bihar. Kultur Labea proiektua jarriko du martxan bihar Errenteriako Udalak. Kultur programazioa birplanteatzeko beharra ere ekarri du Covid-19ak, beste arloetan bezala. Hori horrela, Kultur Labea proiektua abiatu du udalak, eta leiho bat zabaldu Errenteriako sortzaileak eta horien lanak ezagutzera emateko egoera honek jarraitzen duen bitartean. Herriko sorkuntzak etenik izan ez dezan pentsatutako gune bat da, finean.
Proiektuari esker, antzerkiak, dantzak, musikak eta adierazpen ezberdinetako emanaldiak euren ohiko agertokia aldatu eta Herri Bizia , udal komunikabidearen webgunean izango dute txoko bat. Bertan egingo den programazioa, udalak horretarako espresuki kontratatutako emanaldiekin osatuko da.
Astelehenetik ostiralera, 18:00etan artista errenteriar batek etxean grabatutako pieza bat eskainiko da. Lehenengo saioa bihar izango da, osteguna, Eneko Gil dantzari eta koreografoaren eskutik. Ostiralean, berriz Idoia Hernandez. pianistaren eta Oskar Manso olerkari eta musikariaren txanda izango da, eta astelehenean berriz, Sihara Nuño eta Jose Manuel Uria idazleena.
Datozen emanaldien berri, aurrerago emango dutela jakinarazi du udalak.
