[Erreportajea] Konfinamendua etxetik urrun
COVID-19ak atzerrian harrapatu ditu Bidasoko eta Oarsoaldeko hainbat herritar; Bordelen, Kretan eta Jerusalemen besteak beste. Etxean itxita egotea egokitu zaie, baina etxean egon gabe.
Txinan izan ziren lehenak,eta bakarrak izango zirela sinetsi zuten askok. Italiar agintariek izurritea kontrolatu ezinik eta egoerarekin etsituta, bide beretik jo zuten. Kasik oharkabean, Euskal Herrira iritsi zen amesgaiztoa martxoaren 15ean. Hortik aurrera, domino fitxak izango balira bezala munduko herrialde gehienetara zabaldu ziren mugikortasun murrizketak. Ehunka milioi lagun konfinatuta bizi dira asteotan. Latza da etxean konfinatuta egotea, baina akaso, latzagoa izan behar du etxean konfinatuta egotea, etxean egon gabe, etxekoengandik urrun.
235 kilometrok banatzen dituzte Bordele eta Pontika, Aitor Mantecaren auzoa, Errenteria-Oreretan. Duela hiru urte bizi dela Okzitaniako hirian, eta bertan jarduten du ikerlari gisa, Frantziako Osasun Ikerkuntza Institutu Nazionalean. Egoeraren larritasunaz jakitun bada ere, nahiko lasai dago oreretarra, eskualdean COVID-19 positiboen kopurua nahiko baxua izan delako, «beste hiri handi batzuekin alderatuz, kasu gutxi izan dira Bordelen. Egoera larriena Frantziako iparraldean, ipar-ekialdean eta Paris inguruan bizi da». Martxoaren 12tik daude konfinatuta Manteca eta haren bikotekidea; «kartetan eta xakera jokatzen» pasatzen dituzte arratsaldeak. Bordeleko balkoietan ez baitaude hemen bezain girotuak. Dirudienez, euskal herritarrak baino goxoago egoten dira haien etxeetan. «Nik uste dut frantziarrek abantaila dutela, 50 urte daramatzate etxean elkartzen eta edaten. Beste kultura bat da», azaldu du ikerlariak.
Konfinamendu lasaiago bati eutsi beharko diote Bordelen, gutxienez, maiatzaren 11ra arte, astelehenean Emmanuel Macron presidenteak itxialdia luzatu baitzuen, baita zorroztu ere. Hala ere, ordutik aurrera baikor da Manteca, «baliteke pare bat aste gehiago luzatzea, baina nik espero du maiatzaren 11n lanean hastea».
Ezohiko Erasmusa
Leku ezin hobe batean egokitu zitzaion Kike Merino irundarrari Erasmusa egitea. Kretako uhartean, Greziako harribitxietako bat, zibilizazio minoikoaren sorterria. Bertan zegoen Knossoseko jauregi historikoa, eta mitologiaren arabera, baita minotauroaren labirintoa ere. Bada, argazki edota liburuen bitartez ikusi beharko ditu asteotan Merinok,«pisura justu lo egitera joaten nintzen, eta bat-batean dena gelditu da».
Hizkuntzalaritza master bateko ikasle da, eta Kretan ari da ikasten otsailetik. Halakorik ez zuela espero aitortu du: «Lehen asteetan denetarik egiten genuen. Erasmus bizitza oso aktiboa da; klaseak ekintzak, parrandak… aldaketa oso handia izanda». Grezian egunotan ari dira Aste Santua ospatzen, eta oporraldia baliatuta, unibertsitateek hainbat aste eman dituzte itxita. Hemen bezala, zereginak Internet bitartez egin behar izaten ditu Merinok, «bakarka eta posta elektronikoz» moldatzen ari da. Izan ere, bakarrik bizi da ikaslea,baina zuhurtziaz hartzen du itxialdia. «Buruari buelta gehiegiez ematen» ahalegintzen da, jakitun delako egoera larriagoan dagoela jende asko. Zuhurtziarekin batera, «ikastea, irakurtzea eta ariketa fisikoa» ezinbesteko ditu burua hotz mantentzeko. Hortxe Greziako abantailetako bat; bertako egoera sanitarioak kalean kirola egitea ahalbidetzen du, betiere bakarka. Arratsaldetan jende askok itsaso inguruan kirola egiten badu ere, greziarrak orokorrean «zintzo»ari direla uste du Merinok.
Atzerrian ziren ikasle eta bekadun asko eta askok Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten; Merinok ez. Eta ez da damutzen hartutako erabakiaz. Harekin harremanetan jarri ziren egoeraren berri emateko, eta EHUren jarrera eskertu du. Baina gaur-gaurkoz, adostutako tartea betetzeko asmoa du, «ekainean itzuliko naiz».
Jerusalemen zorrotz
Are eta ekialderago beste irundar bat bizi da. Mikel Irastortza doktoretza tesia egiten ari da biologia arloan Jerusalemen, palestinarren Al-Qudsen. Kontrakoa pentsa daitekeen arren, oraingoz izurriteak gutxiago jo ditu Zisjordania eta Gaza, Israel baino: «Izan daiteke bertan bizi duten egoeragatik, isolamenduagatik. Oker ez banago, oraintxe bertan Zisjordanian 300 bat kasuren bueltan dabiltza, eta Gazan 13 bat kasu atzeman dituzte». Dena dela, horrek ez du esan palestinarrek egoera hobea bizi dutenik. Blokeoak eta zapalkuntzak berean jarraitzen dute, eta baliabideak eskasak izaten jarraitzen dutela gogorarazi du Irastortzak, «egoerak gainezka egiten badu, hondamendi bat gerta daiteke bi lurraldeetan».
Israelen egoera larriagoa da. Milaka kasu diagnostikatu dira eta ehunka dira hildakoak. «Jerusalem munduarekin askoz ere lotuagoa dago». Gaixoen kopuruak, motelago bada ere, gora egiten jarraitzen du estatu juduan. Hirugarren hauteskundeen ondoren, gobernua osatzeko negoziazioak egiten ari zirela iritsi da Israelera koronabirusa eta eztabaidagai bihurtu da. Netanyahu jardungo lehen ministro ultraeskuindarrak, koronabirusa erabili du Benny Gantz beste hautagaiari presioa egiteko, batasun nazionaleko gobernua eratu behar dutelakoan. Erreportaje hau idatzi den unean, gobernuak osatu gabe jarraitzen du. Dena dela, gai honekiko mesfidati da Irastortza: «Ez zait iruditzen halako desadostasun handiak dituztenik, birusarekin edo gabe, gobernua osatuko dute». Konfinamendua nahiko zorrotza izaten ari da Jerusalemen, baina zorionez ala zoritxarrez, irundarraren egunerokoa ez da asko aldatu, laborategira joaten jarraitu behar du eta.
Honako hauek, atzerrian konfinatuta dauden hiru pertsonaren testigantzak dira besterik ez. Baina ez dira bakarrak. Mantecak, Merinok eta Irastortzak kezkarekin jarraitu dute etxean gertatutakoa, bereziki hasieran, eta hirurek itzultzea pentsatu zuten. Egoerak hobera egin duela ikusita, egin beharrekoak bukatuko dituzte itzuli baino lehen.