«Ilusio handia nuen. Nire azken aukera Antxora itzultzea zen»
Orduotan, Alaitz Saizar 32 urteko antxotarrak, Malawin behar zuen izan. Koronabirus pandemiak, beste asko bezala, herrira itzultzera behartu du. Etxeko konfinamendutik bere esperientzia azaldu dio HITZA-ri.
Atzerrian direnez gain, badira atzerritik itzuli behar izan dutenak, birus madarikatuak behartuta. Koronabirusak Hankaz gora jarri du Alaitz Saizarren bidaia. Txinan sei urte eman ondoren, Afrikan harrapatu zuen izurriteak. Eta kasik oharkabean, Antxon dago berriz, familiarekin konfinatuta.
Non harrapatu zintuen koronabirus izurriteak?
Tanzanian, Kenyatik Malawirako bidean.
Zertan ari zinen bertan?
Ugandan eta Kenyan 4 hilabetez Africa Directo erakundearekin kooperante gisa. Ugandan hiesa duten pertsonekin egon nintzen. Medikamentuak hartu behar zituztenen jarraipena egiten nuen, baita seme-alabak eskolara bidaltzen zituztela ere. Arratsaldeetan, zentroan umeei klaseak ematen nizkien eta datu baseak ere kudeatzen nituen.
Kenyan eskola berri baten eraikuntzan parte hartu nuen. Nere lana, proiektuaren proposamena idaztea izan zen.
Jarraian, beste herrialde batera ere zinen joatekoa ezta?
Martxoaren 1ean Malawin, Beyond Suncare erakundearekin, proiektu berri batean hasteko asmoa nuen. Proiektu berria da hangoa eta ni proiektu horren koordinatzaile moduan joaten nintzen. Proiektu horren helburua Malawiko albinoen bizi kalitatea hobetzea da. Proiektu hau 3 urtekoa da, baina hasera batean nik urte bete egoteko asmoa nuen. Albinoak bazterkeria pairatzen dute Afrikan. Sinismenak daude albino baten gorputz zatiak zortea ematen duela eta hori dela eta jazarriak eta erailak izan dira azken urteetan. Albino baten gorputz batek 70.000 eurogatik sal liteke. Baina, hau ez da beraien etsai nagusia, eguzkia baizik. Albinoen 9tik 10, ez da 30 urtetik gora biziko azal minbizia dela eta. Ez dauzkate kremarik, ezta informazio edo formakuntzarik ere ez. Malawin egin genuen azterketan, kremak izatea lortzen zituzten %55ak krema ohera joan aurretik botatzen zuen. Proiektu honekin, laborategi bat irekiko dugu lokalki kremak produzitzeko. Albinismoa duten pertsonak kontratatuko lirateke beraien integraziorako eta gero klinikak kudeatu eta kremak banatzeko.
«Martxoaren 1ean Malawin, proiektu berri batean hasteko asmoa nuen»
Nola jakin zenuen etxera itzuli behar zenuela?
Koronabirusaz gain, nik beste arazo bat nuen: pasaportea lapurtu zidaten otsaila bukaeran. Dar es Salaameko enbaxadan pasaporte berria egitea eskatu nuen, baina egunak joan ahala koronabirusa zabaltzen hasi zen Europan eta Espainiako mugak itxi, nire pasaporte berria oraindik Madrilen egonda.
Garai hartan, oraindik Tanzanian eta Malawin ez zegoen koronabirus kasurik eta Tanzania pixka bat gehiago ezagutzeko aprobetxatu nuen, Espainiak 2-3 astetan mugak irekiko zituelakoan… Tanzanian martxo erdialdean hasi ziren lehengo kasuak, Malawin apirila hasieran. Malawira pasa nahiko banu berrogeialdia egin beharko nuen hotel batean; gastu guztiak nire kontu. Pasaporterik gabe jarraitzen nuen, modu irregularrean eta ez nekien noiz arte.
Apirilaren 6ean, Dar es Salaameko enbaxadara bueltatu nintzan nire pasaportearen arazoaren konpontzeko. Hango langile batekin hizketan egon nintzen eta berak konbentzitu ninduen lehenbailehen juteko. Oraindik ezin da jakin han gertatuko dena. Baina gauzak okerrera badoaz, lehenengo gauza atzerritarren aurak joatea izango da. Enbaxadakoak esan zidan gobernua jada hasi zela Gobernuz Kanpoko Erakundeen erregistroak egiten eta atzerritar batzuk deportatzen.
Egun horretan bertan erabaki nuen, eta hurrengo egunean hegazkina hartu nuen Madrilera. Ostegunean iritsi nintzen Antxora.
Ustekabeko galanta. Aukera duzunean proiektuari berrekingo diozu?
Oso ilusionatua nengoen Malawiko proiektuarekin, eta nire azken aukera zen Antxora itzultzea. Nahi duenagatik borrokatzen duen pertsona naiz, eta nahiko eraginkorra izaten naiz arazoei aurre egiten, baina nola aurre egin pandemia bati?
«Nik uste dut txerto bat izan arte estatuen arteko mugimenduak nahiko mugatuak izango direla».
Nik oraintxe bertan hartuko nuke hegaldi bat Malawira joateko, baina ez dakit ahal izango dudan. Ikusiko dugu birusak nola eboluzionatzen duen, baina uste dut txerto bat izan arte estatuen arteko mugimenduak nahiko mugatuak izango direla.
Gai honekiko zer nolako egoera utzi zenuen Tanzanian?
Lehen kasua martxoaren erdialdean azaldu zen eta gobernuak eskolak etetea eta ekintzak bertan behera uztea erabaki zuen. Bestalde, lekuetara sartzeko, jatetxe eta komertzioetan, zein autobus publikoetara sartzeko eskuak garbitu behar ziren. Koronabirus kasuak zituzten estatuetatik etortzen zen jendeak 14 eguneko berrogeialdia egin beharko zuen Tanzaniara sartzeko eta hegaldi asko ere bertan behera gelditu dira.
Bidai luzeko autobusetan, polizia noizean behin igotzen zen eta koronabirusari buruzko informazioa emateko. Behin, autobusetik jaistera behartu gintuzten tenperatura hartzeko eta eskuak garbitzeko. Maskarei dagokienez, oso gutxi, ia inork ez zituen eramaten.
Bestalde, jende guztiaren ahotan zegoen birusa baita notizietan ere. Ni ikusita jendea birusari buruz hitz egiten hasten zen, baita niri ‘korona’ deitu ere bai, batez ere umeek. Gutxi batzuk ni ikusi eta aurpegia tapatu zuten eta kasu bat edo bi izan ditut ni ikusi eta korrika alde egin dutenak. Hala ere, Swahiliz ‘korona’ ez nuela esaten ikasi nuen eta hori esatean denak barrezka hasten ziren.
Egoerak gainezka egiten badu, ondorioak larriak izango dira ezta?
Afrikan gertatuko dena ezin da jakin oraindik. Kontutan hartu behar da leku askotan ezin direla konfinatu; beraien etxeak ez dira gureak bezalakoak eta gainera jatekoaren bila atera behar dute. Ebola edo beste gaixotasunak jasan dituzten herrialdeak mentalki preparatuagoak daude egora hauei aurre egiteko, eta eskuak garbitzearen ala distantzia mantentzearen garrantziaz kontzientziatzea errazagoa da . Hala ere, denetan, mezua argi helaraztea da funtsezkoa. Baina birusa zabaltzen hasten bada, ez bada hasi dagoeneko, non eta nola artatuko dituzte gaixoak? Ze baliabiderekin?
Koronabirusak iparraldeko estatuen informazio guztia hartzen badu, hegoaldean gertatzen dena baztertua gelditzeko arriskua dago?
Hori koronabirusa baino lehen ere gertatzen zen ere. Gaur egungo komunikabideen helburua ez da jendea informatzea, baizik eta beraien edo atzetik duten beste norbaiten interesak defendatzea baizik. Ez dago komunikabide bakar bat ere ez objektiboa denik.
“Afrikan gertatuko dena ezin da jakin. Kontutan hartu behar da leku askotan ezin direla konfinatu”
Argi izan behar dugu iritsi garen egoerara ez garela birus soil batengatik iritsi, baizik eta daukagun sistema kapitalistarengatik baizik. Hegoaldean dauden arazo horien sortzailea den sistema beragatik baizik. Koronabirusarekin edo gabe arazo horiek jarraituko dute eta komunikabideak nahi badute horien berri emango digute ala ez.
Orain Antxon zaude, familiarekin. Nolako giroa dago herrian?
Nahiko tristea, egia esan. Madriletik hona dena hutsik zegoen.Etxera iritsi eta gurasoak eta anaia besarkatu ezin, lagunak ikusi ezin… Baina beno, egun bat gutxiago!