Laguntzeko aukera duelako laguntzen du, besterik ez
Boumediene Gani Azkueneko dendariak ekintza solidarioa abiatu du. Erakusleihoa elikagaiez bete du, behar dituenak doan eraman ditzan etxera.
Azkuene kaleko denda batean kartel bat ageri da erakusleihoan eta zera dio: “Koronabirus pandemiaren ondorioz zailtasun ekonomikoak pairatzen dituen edonork zerbait har dezake doan. Mesedez, gehienez ere hartu lau produktu denentzat nahikoa egon dadin”. Erakusleihoa elikagaiez beteta dago.
Hitzetatik ekintzetara igaro da Boumediene Gani dendaria, “uneotan edonork paira ditzake zailtasun ekonomikoak. Pertsonak gara, eta elkarri lagundu behar diogu. Gaizki dagoenak aurrera egiten badu, denok egingo dugu aurrera”. Laguntzeko aukera duenak, gutxi bada ere, lagundu dezala, horixe da Ganiren filosofia.
Oranen, Algeriako bigarren hiri populatuenean jaio eta hazi zen dendaria. Duela 16 urte bizi dela Euskal Herrian, eta aski ezaguna da Trintxerpen. Nahikoa da berarekin hitz egitea dendaren atarian, pertsona adeitsua dela ohartzeko; gora eta behera dabiltzan gehienek agurtzen dute Gani. Duela bost bat hilabete zabaldu zuela elikagai denda, Azkuene kaleko erdialdean, biribilgunearen ondoan hain zuzen ere.
Duela aste batzuk, konfinamendua hasi eta gutxira, bere dendatik laguntza eske joan zen gizon batek hunkitu egin zuen Gani, “48 urteko gizon bat etorri zen, atsekabetuta eta negar betean ogi bat eta esnea behar zuela esanez”. Gizon horren egoerak bultzatu zuen erakusleihoa doako produktuez betetzera.
Hainbatek pentsa dezakete bere interesei jarraiki egindako ekintza dela Ganirena. Hala egiten dutenek, jakin dezatela kartelak “hiru astetik gora” daramala Boumediene Ganiren erakusleihoan, isil-isilik. Hedabide gehienek aste honetan izan dute haren ekimenaren berri. Zintzotasunetik jaiotako ekintza solidarioa izan da, Ganik berak behar handiak izan zituelako, “hona iritsi nintzenean ez nuen ezertxo ere ez, eta kale gorrian ikusi nuen nire burua. Badakit zer den beharra izatea. Horregatik nire esku dagoen bitartean behar duenari laguntza ematen jarraituko dut”.
Egia esan, dendariak ez du askorik ere ez eskaintzeko. Berea elikagai denda xumea da eta oraingoz behintzat ez da aberastu. Baina beste askok ez bezala, berak ez du bere lanpostua galdu pandemiaren ondorioz, eta zerbait egiteko aukera du: “Baliteke orain dirua galtzea, bai. Baina etorriko dira garai hobeagoak dirua irabazteko. Bestela ere, ziur naiz nik gaur nire laguntza eskaintzen dudan bezala norbaitek eskainiko didala niri”.
Herriak soilik salba dezake herria
“Azkenaldian, geroz eta jende gehiago dator. Batez ere, familiak dira, baina badira ere bakarrik bizi diren gazteak”, adierazi du Azkueneko dendariak. Nahiko argi dago, datozenak hilabete gogorrak izango dira Trintxerpen. Langileria bizi da bertan hein handi batean, eta langileriak jasaten ditu beti krisi ekonomikoen ondorioak. Berdin du, elite batzuen kudeaketa txarrak eragin duen krisia, ala pandemia bat izan den. Ahulenek ordaintzen dituzte ondorioak.
Herritar xume batek ezer gutxi egin dezake hori aldatzeko. Baina asko egin dezake inguruan duenari laguntzeko eta komunitateak inor galdu ez dezan bidean. Boumediene Ganik hartutakoa, elkartasunaren bidea da eta argi du “behar bezain beste” mantenduko duela erakusleihoa.